Monthly Archives: ekaina 2013



Ibiltariak: euskara lantzeko aukera bikaina!

Udaran euskara ikasteko aukerak ugaritu egiten dira, eta horren isla dira AEK-k uztailetik irailera bitartean abian jarriko dituen era guztietako barnetegi eta ikastaroak.

Barnetegi ibiltariak (oinez zein bizikletaz) naturarekin harreman estuan egiten dira. Hauetan ez dago eskola ordurik, batez ere, mintzapraktikara bideratuta daudelako, baina arduradunak irakasleak dira eta beti egoten dira prest edozein zalantza argitzeko.

Oinezkoan euskalakariek Euskal Herria mendebaldetik ekialdeko muturreraino oinez zeharkatuko dute; ekainaren 29an Bizkaiko Areatza ingurutik abiatuko dira, Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Aralar eta bestelako mendigune ederretatik igaro ondoren, Nafarroako Hiru Erregeen Mahaiaren tontorrean bukatu dute euren ibilbidea, uztailaren 14an (izena emateko azken eguna: ekainak 21)

Barnetegi ibiltaria bizikletaz, berriz, abuztuaren 3tik 18ra, Urduñatik Zarautzera izango da. Txirringan igota eta pedalei ekinez, Euskal Herriko leku polit ugari bisitatuko dituzte: Aiaraldea, Arabako lautada, Urbasa, Handia, Ultzamako herri ederrak, Erronkari harana, Otsagi, Irati, Aralar… Herriz herri, mendatez mendate 1.000 kilometro inguru egin ondoren, euskalakariek Zarauzko hondartzan atseden ederra hartuko dute (izena emateko azken eguna: uztailak 27)

Barnetegi ibiltariei buruzko informazioa (garraioa, etapak…) blog honetan!

Animatu eta eman izena! 630 148 159 // 902 36 22 94 // ibiltaria@aek.org

UDAN ERE EMAN EUSKARA ELKARRI!



Euskalakariak barnetegi ibiltariei buruz

Barnetegi ibiltariak martxan jarri zirenetik – duela 10 urte baino gehiago izan zen hori!- hainbat lagunek, kirola egin bitartean, euskara lantzeko, Euskal Herriko mendi eta herririk ederrenak ezagutzeko, lagunak egiteko… aukera izan dute. Hauetako batzuek euren euren iritzi eta sentimenduak AEKren facebook orrian dabitzan euskalakariekin partekatu nahi izan dituzte eta guk blog honetan jaso ditugu.

Ana Perez euskalakariak AEKren barnetegi ibiltarian parte hartu zuen eta hauxe dio, oinezkoari buruz: “Aukera hoberena euskaraz mintzatzeko eta Euskal Herria ezagutzeko. Abentura ederra, giro polita, esperientzia paregabea. Errepikatzeko moduan!!!!”

Mikel Basauritarra euskalakaria barnetegi ibiltariei buruz: “Euskal Herria oinez ezagutzea eta zeharkatzea, mendiz mendi, euskara hutsean eta jende jatorra ezagutzen… egon liteke zerbait hoberik? Apunta zaitezte!!!”

Juanma Martin Nagore: “Izugarrizko esperientzia!! Mendi ederrak, herri zoragarriak, jende paregabea eta elkarbizitza ahaztezina. Jendeak errepikatzen du, ez dizut gehiagorik esango. Ni aurten berriro joango naiz!”

Martuki Rosete: “Hizkuntza elkarbanatzea baino gehiago da… Oporrak, mendia, kirola, lagunak, irribarreak…. Esperientzia ahaztezina!!! Guztiz gomendagarria!”

Aroa Calvo: ” Berdea, urdina, grisa, luzeak, laburrak, errepidetik, menditik, laua, aldapatsua, prakarekin, gonarekin, hiritik, herritik, udan, neguan, euriarekin, eguzkiarekin, irakurtzen, entzuten, zaharrak edo gazteak, alai, triste samar,… oinez, bizikletaz,…berdin da ikusi duzuna, ez da inporta non, noiz ere ez, ezta nola ere ez, ez norekin,…han dago helmuga,… gailurra… hasieran urrun ikusten da, baina pausoz pauso lortzen da,… heltzen zara… ahalegin txiki bat egin behar duzu… baina beti egin daiteke,… euskara ikasi, hitz egin, euskalakari izan!!!!”

Nere ES euskalakariak bizikletan igo eta pedalei ekinez lagun zoragarriak egin zituen: “15 egun, kirola egiten, euskaraz bizitzen eta Euskararen herriak ezagutzen igaroko nituelakoan, bizipen zoragarriak eskaini dizkidaten zoro koadrila sortu da. Eskerrik asko EUSKARA! eta eskerrik asko AEK! Ametsak betetzen dira!”


Aroa Calvok argazki honekin Euskara Bizipoz lehiaketan parte hartu zuen, 2012ko irailean.