Monthly Archives: uztaila 2013



BALLEKASEKO JAIETAN

Barnetegiko azken eskola eguna eta Arantzako Ballekas auzoko jaietako herri bazkariak bat egiten badute, ezin gauza onik atera konbinazio horretatik, eta halaxe gertatu zen. Izan ere, aurreko egunetan ikasle iraultzaile talde batek 12:00etatik aurrera Ballekas auzori elkartasuna adierazteko greba deialdia konbokatu zuen. Herrian kartelak lau haizeetara zabaldu, pikete lanak burutu eta pankarta baten atzean manifestaldia egin zuten aipatutako auzoraino.

Irakasleok, grebaren arrakasta ikusita, deialdiarekin bat egin genuen eta herri bazkarira joan ginen. Bazkari ederra, bertso Saioa, aurrentzako eta helduentzako jolasak, musika, dantza eta parranda… Gurekin hain ondo portatu diren Arantzako bizilagunekin bazkaltzea baino modu politagorik agur esateko ez genuen aurkituko. GORA BALLEKAS!!!



AMAIUR EZAGUTZEN

Amaiur, Nafarroako erresumaren azken taupadak, iragana eta oraina.

Bisita interesgarria egin genion Baztango azken herriari. Beno, bertako gidak esan zigun Amaiur urte luzez herri independientea izan zenez, Amaiurko jende askok ez duela Baztandartzat  bere burua. Beraz, hori ere errespetatu beharko dugu. Izan ere, denok dakigun bezala, historiaz betetako herria dugu Amaiur. Baina, herri hau historia baino askoz ere gehiago da, bere inguru eta etxeen edertasunak agerian uzten dute hori.

Horretaz gain, errota zaharra bisitatu eta bertako irinarekin egindako taloa dastatuta, egun borobila pasatu genuen.



Barnetegi bizikletaz 2013… badator badator…

Aurten ere, eta aurreko urteetako arrakasta ikusita, AEK-k aurtengo udarako BARNETEGI IBILTARIAK (bat oinez eta bestea bizikletaz) prestatu ditu. Hona hemen aurtengo eskaintza:

 

BARNETEGI IBILTARIA BIZIKLETAZ

ABUZTUAREN 3tik ABUZTUAREN 18ra

Izena emateko azken eguna UZTAILAren 23a.

Barnetegi honetan bizikletan igo eta pedalei ekinez Euskal Herriko leku polit ugari bisitatuko ditugu: Bizkaiko Gorbeia aldea, Arabako lautada, Urbasa, Handia, Ultzamako herri ederrak, Erronkari harana, Otsagi, Irati, Aralar… Abuztuaren 3an Urduñatik abiatuko gara eta 16 egun beranduago, eta mendatez mendate 1.000 kilometro inguru egin ondoren, Zarauzko
hondartzara iritsiko gara.

Jardueraren helburuak:

  • 16 egunez euskaraz bizitzea.
  • Euskal Herria hobeto ezagutzea (herriak, leku bitxiak, ohiturak, hiztunak, euskalkiak…).
  • Bizikletaz ibiltzea gustuko dugunok opor ederrak pasatzea.

Prezioa:  498 euro (Laguntza-furgoneta (guztion trasteak eramateko), lo egiteko lekuak, jatorduak eta ibilbideari buruzko liburuxkak eta mapak barne).

Etapak:

  • 1. Abuztuak 3: Urduña-Murgia-Zarate-Ubidea-Otxandio.
  • 2. Abuztuak 4: Otxandio-Legutio-Landa-Agurain-Opakua.
  • 3. Abuztuak 5: Opakua-Urbasa-Lizarraga mendatea-Lakuntza-Etxarri.
  • 4. Abuztuak 6: Etxarri-Handia-Ur-Ederra-Bakedano-Lizarra
  • 5. Abuztuak 7: Lizarra-Tutera.
  • *6. Abuztuak 8: Tutera-Arkedas-Bardeak – Zarrakastelu (GAUEZ)
  • 7. Abuztuak 9: Zarrakastelu-Irunberri.
  • 8. Abuztuak 10: Irunberri-Nabaskoze-Burgi-Bidangoze-Erronkari-Izaba.
  • 9. Abuztuak 11: Izaba-Uztarrotz-Laza-Otsagi-Abaurregaina-Garralda.
  • *10. Abuztuak 12: Garralda-Orbaizeta-Harpea-Garralda.
  • 11. Abuztuak 13: Garralda-Orreaga-Donibane Garazi-Baigorri-Urepele.
  • 12. Abuztuak 14: Urepele-Esnazu-Artesiaga-Irurita-Doneztebe-Arantza.
  • 13. Abuztuak 15: Arantza-Auritz-Saldias- Basaburua-Arrarats.
  • 14. Abuztuak 16: Arrarats/Basaburua -Baraibar-Aralar-Lekunberri.
  • 15. Abuztuak 17: Lekunberri-Leitza-Andoain-Asteasu-Aia-Zarautz.
  • 16. Abuztuak 18: Agurra

*Atseden eguna hartzeko aukera.

Antolaketa:

• Batez beste, 65 bat kilometro egingo ditugu, gehienak goizean, eta bidean behar beste geldiune egingo ditugu interesgarri deritzegun lekuak ikusi ahal izateko. Ibilbideak lasai asko egingo ditugu, partaideon erritmoari jarraituz. Gainera, etapa askotan bide errazago eta laburragoak hartzeko aukera egongo da (eta, behar izatekotan, furgoneta izango dugu
etaparen bat laburtzeko). Horrez gain, nahi badugu, pare bat egunetan atseden hartu ahal izango dugu (asteriskodun egunetan; ikus “etapak”).
• Esan bezala, erosoago ibiltzeko pisu guztia furgonetan eramango dugu (motxilak, dendak, mahaiak eta aulkiak…). Irakasle-antolatzaile bat bidean gidari izango dugu, eta beste bi
furgoneta gidatu eta otorduak antolatzeaz arduratuko dira, txandaka; beraz, bizikletan, normalean, irakasle-antolatzaile bi joango dira.
• Etapa bakoitzaren ibilbidea eta ikusiko ditugun lekuei buruzko liburuxka banatuko dugu.
• Eskolarik ez da egongo, baina, hizkuntzarekin lotutako hainbat ekintza egin ahal izango dira:

  • Tokian tokiko hiztunekin harremanetan jarri.
  • Jarduera kulturalen batean parte hartu: diaporamaren bat ikusi, erakustaldiak, bertso-afaria…
  • Eta, jakina, irakasleak laguntzeko eta zalantzak argitzeko egongo dira.


DANTZA IKASTAROA

Larunbat honetan, hilak 27, Arantzako Vallescas auzoko jaietan ospatuko den herri-bazkarira joango gara. Bertan, herri eta auzo guztietan bezala, abesteko eta dantzatzeko aukera egongo denez, Arantzako dantzak ikastea erabaki dugu. Eta herriko dantzak irakasteko, Arantzako bi bizilagun baino eskaintza hoberik ezin aurkitu. Ikasitako apurrarekin ez dugu inor liluratuko, baina primeran pasatuko dugula argi dago.

Nork galduko du emango dugun ikuskizuna?

 

 

 



HERRI KIROLAK

Primeran moldatu dira gure ikasle eta irakasle maiteak herri-kiroletan. Zaku lasterketan, eski koordinatuan, soka-tiran, arto bilketan zein txingekin, ahalegin handia egiteaz gain, ederto batean pasatu dugu. Azken proba heldu arte, dena egon da airean; emozioz beteriko lagunarteko txapelketa izan da Arantzako frontoi ederrean jokatutakoa, oreka handia egon baita proba guztietan. Azkenerako, txapeldun bakarra ez, bi taldek irabazi dute puntutan berdinduta, atera kontuak…

 



XORROXIN IRRATIKO UHINETAN

Barnetegiko ikasleak kazetari lanetan aritu dira.

Eskolan landutako irratsaio ereduak lagun, saio polita aurkeztu zuten arratsalde partean Xorroxin irratiak Lesakan duen egoitzan.

Barnetegia zer den azaltzeaz gain, orain arte egindako ekintzen berri eman zuten gure kazetari trebeek.

Lehen grabaketa ez zen nahikoa izan, bat-batean argindarrak huts egin zigulako. Dena dela, bigarren saiakera lehena baino hobea zela kontuan izanik, anekdotatzat har dezakegu atzo gertatutakoa.



MENDAUR MENDIRA TTIPI-TTAPA

Mendi irtera ederra egin dugu gaurkoan Mendaur mendira.

Goizean-goiz mendiko arropa jantzi eta inguruko paisaia ederrak ikusteko gogotsu abiatu gara, eguraldia lagun.

Ibilbide luzea eta laburra egin dugu bi taldetan eta mendiko bordan batu gara elkarrekin bazkaltzeko eta arratsalde-pasa egiteko, kantuan, musean, perretxikotan…”Hain ederra, hain polita da eta…” Arantzako mendialdea

 



ARANTZA FASHION

Atzo kapelen pasarela ospatu genuen herriko jendearen gozamenerako.

Kartulinez eta aldizkari zaharretatik ateratako iraudiez egindako kapelak buruan jantzi, eta binaka desfilatu genuen Barnetegiko zerbitzari eta bezeroen txaloek animatuta. Apezpikuak, aztiak, erregea, landareak, karlista, Miel Otxin, Idiak eta Gurdia Zibil bat ere izan genuen.

Txapelduna guztion bozka kontuan izanda izendatu genuen: Larragako piztia

 



ARANTZA EZAGUTZEKO GINKANA

Ikaskideak elkar ezagutzea bezain garrantzitsua da herria eta bertako bizilagunak ezagutzea. Hori dela eta, Arantzan sakabanatutako pistak eta probak betetzeko ginkana antolatu genuen atzo.

Kantuan, bertsotan, saskibaloian, lore bila eta galdera-erantzunetan izerdi dexente bota eta gero, ondo merezitako afariaz gozatu genuen.

Hiru taldeak fin-fin lanean

 

Argazki gehiago ikusteko esteka: http://www.flickr.com/photos/euskalakariaek/sets/72157634666115451/show/



ARANTZAKO BIGARREN HAMABOSTALDIA MARTXAN

27 ikasle, 4 irakasle, 14 egun eta hamaika bizipen elkarri emateko.

Eman eta jaso, jaso eta eman. Denok arraunean, euskararen norabidean.