Monthly Archives: abuztua 2014



Babak eta patxaka.

Barnetegian ikasi nituen guztien artean, bi hitz aukeratuko ditut barnetegi ibiltaria zer den adierazteko: babak eta patxaka.

IMG_9480

Babek gure erronka fisikoa adierazten dute, egunero gainditzen dugun erronka. Baina egiten ditugun ahaleginekin etortzen da kristoren plazera “Adi mendira igo ginenean pentsatu nuen ez nintzela gai, baina lortu nuen, eta gailurrera iritsi ginenean nire bularra ireki zen eta inurriak sentitu nituen nire gorputza osoan, hain pozik nintzen”.
Igotzen garen bitartean ikaragarrizko paisaiak ikusten ditugu, leku politenak, Euskal Herriko aniztasuna, ipuinetako oihanak, pago zaharrenak, iturburuak, gure azpian hegal egiten duen saia. Babekin etortzen dira atsegin handiak, mendia jaistea korrikan, gailurrak gainditzea, larre batean lo kuluxka egitea…
Gorbeia, Hirumugarrieta, Orixol, Adi, Aizkorri… tontor bakoitzak oroimen bereziak opari politak sorrarazi dizkigu. Eta egun bukaeran, hain biziz beteta sentitzen garen, iturri hotz batean bainatzen garenean.
Bai batzuek babak ukan genituen, baina denak merezi du.

IMG_9458

Patxakak, Nafarroan egindako edari goxoa, irudikatzen du sortu genituen harremanak. Batzuek hamabostekoak izanen dira, beste batzuk lagunminetakoak baina denak aberatsak eta politak. Patxakak irudikatzen du hartzen ditugun atseginak eguzkitsu herritxo batean, gure kanpamenduan parranda egiten duguna, izarren azpian. Momentu hauen guztien artean, onena bertso afari berezia izan zen , Aimar eta Oskarrek guztiok harrapatu gintuzten, hain bizia, hain dibertigarria izan zen haien saioa, dena eman ziguten bihotz-bihotzetik.

14722781340_9e7ac7d73d_n

Babak eta patxaka, bi hitz adierazteko izugarrizko oparia den barnetegi ibiltaria. Orri bat gure euskarazko bizi-liburuan. Indarra ematen duen oparia, euskaraz bizi dugulako.

Elise Bancon-Dilet

IMG_9129



Eguraldi txarrari, aurpegi on!

Sorogainetik Garraldarako bidea egin genuen, Josuk gidatutako ibilaldi politari esker. Hantxe, Garraldako AEKide eta euskalakariak genituen zain, Aimar Karrika eta Oskar Estangaren bertso-saio musikatuarekin afaria alaitzeko prest! Eta zelan alaitu gainera! Saio didaktikoa, alaia, bizia, eta batez ere dibertigarria! hain dibertigarria izan zen, egunsentiak harrapatu gintuela! Ai ama!
Eskerrak hurrengo eguneko txangoa ñabur-laburra izan zela, eta nagiak eta ajeak gainetik kentzeko ezin aproposa. Aria, Betolegi… eta hurrengo helburua Aezkoako Hiriberri izan genuen.

Afari ederra, jolas eta kantu artean joan zitzaiguna, eta lehendabizikoz, goiz-goiz ohera. Egunetako nekeak azkenik eragina izan du gugan…
Gaur aldiz, Tapla, Abodi eta Larrau genituen zain, Ori mendiaren itzalean… baina gaurkoan eguraldia ez dugu alde izan eta Otsagira zuzendu ditugu pausuak. Gaur, mendia kanpinagatik aldatu dugu, eta ez da aukera txarra izan, nahiz eta atzera begiratu eta Abodin egoteko gogoz gelditu. Mendia ez da mugituko, eta berriro ere saiatuko gara hurrengo baten!

Bihar, Izaba eta kontrabandisten bidea izango dugu… Eutsiko diogu gure bideari!



Lizarrusti

Hamargarren eguna begi bistan, 200 km-ko nekea aldean, zaurien bat edo beste hanketan barna, ibiltariak bere baben minez kezkatuta…

Elkarrekin gara, taldea gara, gazte zein barregarririk bada, euria ere badugu sarritan mehatxatzeko gertu, baina bederatzi egun eta gero Garraldako euskaltegi goxoa begiz jo dugu, harrera aparta (Ana, Josu eta Josebaren eskutik) dugu begi bistan. Bagoaz ziztu bizian hurrengo 24 km-ak egitera.
Aldapak nekatu egiten gaitu; bidai lagunaren arnasak, hitzak eta babesak aldiz bultzatu. Tontorrera begiratu eta urrun ikusten dugu; laguna begiratu eta gailurra aurrez aurre dugu.
Aparta bezain hunkigarria egunez egun bizitzen dihardugun sentimendu, paisaia, konplizitate, barre algara, hurbiltasun.. andana.
Eta hori guztia gutxi balitz, euskara dugu elkartu gaituen xedearen jaun ta jabe. Aupa zuek ibiltariok!! ez da nekerik, ez da aldaparik, ez da ergatiborik euskarazko bidezidorrean geldituko gaituenik!!



Hiru egun zoragarri

Abuztua hasi, eta botak janzteko ordua ailegatu zaigu! Azkenik!

Areatzan izan genuen lehenengo hitzordua. Bertan, herrikoek ongi etorria prestatu ziguten, eta Gorbeiaraino hurbildu ginen danok elkarrekin.
Urduritasuna nabaria zen jendearen artean…. Lehenengo elkarrizketak, jendea ezagutu, izenak ikasi, lehenengo bromatxoak, “hau ez al da gogorregia izango niretzako?” galdera behin eta berriro entzun…. eta aurrera joan ahala, giroa berotuz joan da.
Koadrila ederra aurten bildu garena. 30 lagun baino gehiagok mendirik mendi, pausoz pauso, Euskal Herria ezagutu eta euskaraz bizitzea aukeratu dugunok. Ez da gauza makala gero…. Baina lortu dugu, eta bagoaz aurrera!

Gorbeiatik, eta Josebaren laguntzarekin (mila esker!), Otxandio herrian sartu ginen, zaparrada galantarekin batera.Hura bai hura dutxa naturala!

Afaldu, eta Eskoriatzako Dorletak helduentzako ipuinekin liluratu gintuen.  Palestina, haragi gosea, printzesak, eta norberak asmatzen zituen mundu magikoetan murgiltzen joan ginen. Mila esker Dorle!!!

Hurrengo egunean, aldiz, Otxandiotik abiatu eta Oriol mendia igaro ostean, Leintz-Gatzagako gatzaren museoan bisita gidatua izan genuen. Bitxia benetan bertan gatza egiteko labea, eta herrian burutzen ari diren ekimena, berreskuratze eta martxan jartzeko proiektua, benetan txalogarria! Guztiz gomendagarria bertara bisitan joatea, eta ez ahaztu ur botila eramatea, etxean gatza egiteko ura ematen dute eta. Hurrengoan, etxean egindako gatz “goxoa”!

Leintz-Gatzagan afaldu (mila esker bertako udaletxeari, eta zinegotzi zein auzokideei eskainitako laguntza guztiagatik), eta hurrengo egunean Urbiaraino txangoa izan genuen. Bidea luzea bezain polita, edo polita bezain luzea, ibiltaria nolakoa ustea halakoa! Egun gogorra, baina aterpean hartutako afariak berpiztu egin gintuen. Eta gaua Aizkorri azpian igarotzeak ez dauka preziorik!

Gaur, aldiz, etapa laburtxoa, Aizkorri puntatik igarotzen dana, eta Otsaurten bukatu duguna. Arratsaldea libre hartu dugu, lo kuluxka, joko eta bromen artean…. eta afaltzeko, parrilada ederra!

eta ez, azkenik, hau ez da gogorregia izaten ari. Kontrakoa! gero eta erosoago eta gustorago gabiltza mendirik mendi, berbarik berba!

Bihar, Lizarrustirainoooooooo….