Barnetegi ibiltariak: mintzapraktikarako aukera ederra!

9293421486_d9d8eafb56_bAEK-ren barnetegi ibiltarietan izena ematen duten lagunek mintzapraktika egin bitartean, Euskal Herriko lekurik ederrenak ezagutzeko eta, nola ez, kirola egiteko parada izango dute. Izan ere, herriz herri euskaraz ibiliko dira, bizikletaz edo oinez, eta tokian tokiko euskalkiak eta ohiturak ezagutuko dituzte.

Barnetegi ibiltaria, oinez

Barnetegi honetan Euskal Herria mendebaldetik ekialdeko muturreraino oinez zeharkatzea dute helburu. Uztailaren 15ean Bizkaiko Areatza ingurutik abiatu eta, Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Aralar eta bestelako mendigune ederretatik igaro ondoren, uztailaren 29an Nafarroako Hiru Erregeen Mahaiko kaskora iritsiko dira, Euskal Herriko gailurrera, hain zuzen ere.

Barnetegi ibiltaria, bizikletaz
Pedalei ekinez, barnetegi hau uztailaren 29an Debatik abiatuko da. Tropela mendatez mendate 1.000 kilometro inguru egin ondoren, Etxarri-Aranatzera iritsiko dira abuztuaren 12an. Euskal Herriko leku polit ugari bisitatuko dituzte: Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Matxitxako lurmuturra, San Juan Gaztelugatxekoa, Arabako lautada, Urbasa, Andia, Ultzamako herri ederrak, Zugarramurdi, Irunberriko eta Arbaiungo arroilak, Anboto mendi misteriotsua, Erronkari harana, Artaxoa eta Butroi gazteluak, Otsagi, Irati, Aralar, Omako baso margotua, Baztan…

Barnetegi bakoitzak 530 euro balio du; guztion trasteak eramateko laguntza-furgoneta, lo egiteko lekuak, jatorduak eta ibilbideari buruzko liburuxkak eta mapak barne.
Izena emateko azken eguna: barnetegia hasi baino 11 egun lehenago.

Informazio gehiago:
ibiltaria@aek.org Tel.: 630 148 159