Azken txanpa

Foruko barnetegia amaitzear dago. Bi aste eman ditugu elkar ezagutzen, elkarrengandik ikasten, elkarri eta elkar ulertzen eta, noski, elkarri euskara ematen. Une zailak eta goxoak (gehien-gehienak) bizi izan ditugu eta horietatik guztietatik zer ikasia atera dugu; eroriz ikasten da oinez, ezta?

Ahalegina egitea merezi du, nahiz eta zenbaitetan emaitzak epe luzera ikusten ditugun. Berdin dio, dena izaten da lagungarria eta den-denak lagunduko digu hobera egiten. Ez diezagutela esan “Aizu, ez zinen saiatu”. Geure buruaz harro egon behar dugu, harro egindako esfortzuaz, bizi izandako esperientziez, ezaguturiko jendeaz…

Gaur, gainera, beste arrazoi bat dugu ospatzeko: Asunen urtebetetzea. Hurrengo lerroak zuretzat dira, Asun, merezi dituzulako, baita kapitulu oso bat ere. Kontatu diguzun gertaerak indartsuago egin zaitu; ez da berri txarra, ona baizik eta gu baino harroago egon beharko zenuke, halako bi, gutxienez. Duela lau urte erakutsitako adorea berriz ere erakutsi duzu eta miresteko modukoa da.

Are gehiago, guztiok erakutsi duzue adorea, maitasuna, errespetua, euskaltzaletasuna, gertutasuna eta abar. Mila esker bi aste hauetan gu euskaldunago egin izanagatik.

Eskerrik asko, Maite, Montse, Mertxe, Oier, Jon, Ibon, Ana, Rakel, Gloria, Juantxo, Ione eta Asun.

Amaitzeko, zelan ahaztu gure logelakideak. Maialen, Iban, zuek aberasgarriago egin duzue barnetegia, ukitu polita eman diozue, denok antzeman dugu. Iban, zure goxotasunaz ahoa urtu zaigu; Maialen, zure energiaz kutsatu gaituzu.

Bidean egongo garelakoan,

Musu bana eta hurrengora arte



Lea Artibain egun-pasa!

Ostegunak errutinatik ateratzeko egunak dira gurean. Oraingoan Lea Artibain izan gara. Goizeko 10:00etan Lekeitioko Isuntza Arraun Elkartean elkartu gara Nikolasekin, gure irakaslea izan dena. Arraunari buruzko azalpenak pantalanean eman dizkigu “pateran” geunden bitartean. Ostean, txikota askatu eta arraunean hasi gara ahalik eta sinkronizatuen, nahiz eta hasieran erraza ez den izan. Azkenean, neurria hartu diogu eta kaitik kanpo atera gara olatuen kontra eta olatuen alde.

Ordubete luze eman ondoren, lehorreratu eta batzuk paseoan, beste batzuk kafea hartzera eta azken batzuk hondartzara joan gara. Plazan elkartu eta otartekoa jan eta gero, Gizaburuagara abiatu gara. Bertan, Laneko-Lea Artibai kooperatiba erakusteko zain geneukan Aitor; han egiten duten nondik-norakoak azaldu eta gure galderak erantzun ditu. Azkenik, fenwich gainean ohol bat jarri eta mahai inprobisatuan edan dugu sagardoa eta askaldu dugu.

Diferentea eta ederra izan da, pilak kargatzeko eta erlaxatzeko tartea izan dugu; ezin diogu gehiagorik eskatu ahal diogu egunari?



Umore-eguna Foruan

Umorea behar-beharrezkoa da mundu honetan, zeharo terapeutikoa eta, adituek diotenez, adimenaren seinalea da; beraz, gaur, barreak hartu du barnetegia. Lehen unetik umorez heldu diogu egunari eta umorez borobildu dugu, arratsaldean txiste lehiaketa antolatu dugu-eta. Horretarako, lehen eta behin, barrearen munduan buru-belarri aritu ostean, txiste bat zelan kontatu ikasi dugu. Hasiera batean kostatu zaie erdarara jotzeko joera dago-eta; hala ere, ahalegin handia eginda, lortu dute. Gure ikasleak oso saiatuak, langileak, txukunak dira eta aldiro-aldiro erakusten dute.

Laburbilduz, KAR, KAR, KAR

 



Uztailak 10, poliki-poliki aurrera, etxeko ogiaren antzera

Goizean buru-belarri aritu ostean, bapo bazkaldu dugu, ahaleginak energia eskatzen du-eta. Egia esan, eguneroko otordu guztiak izaten dira zoragarriak Iban sukaldariari esker, eta Maialenen energia eta poztasuna gehituz gero, bikaina izaten ari da barnetegia (maite zaituztegu).

Arratsaldean Juantxoren tailerra izan dugu: etxeko ogia. Etxetik izaki biziduna ekarri zuen, hots, ama orea eta oinarritzat hartuta, prestaketari ekin diogu. Juantxo (gure ikasle polifazetikoa), Rakel eta Oier ibili dira jo eta su oreari eragiten. Ondoren ordubetez harrotzen utzi dugu, eta bigarrenez, orea landu dute testura egokia lortu arte. Azkenik, ogiak labean sartu ditugu, gosarian gozatzeko. Une honetan guztioi adurra darigu.

Emaitza zoragarria, ezta? Bihar kontatuko dizuegu… Eta eguna borobiltzeko Rakelek B2ko azterketa gainditu du; zorionak, Rakel!!! Gaur ondo lo egin koloretako ametsekin!

 



Forua pintxotan

Astelehena egun berezia izan ohi da Gernikan, egun horretan egiten baita azoka. Aukera aprobetxatu eta pintxo lehiaketa antolatu genuen.

Hasteko, ikasleak taldeka elkartu eta luze hitz egin ostean pintxoa adostu zuten. Ondoren, talde bakoitzaren barruan bi azpitalde egin genituen: batzuek errezeta idatzi behar zuten eta besteek “marketing” lana, hau da, pintxoari buruzko literatura idatzi. Lana bukatuta, Gernikako azokara abiatu ginen. Han, bertoko eta inguruko ekoizleekin hitz egin genuen eta pintxoak egiteko beharrezkoak ziren osagaiak erosi. Hain zen handia beroa, non trago bat beharrezkoa izan zen etxera bueltatu baino lehen.

Arratsaldeko klasearen ostean, pintxoak egin eta lehiaketari hasiera eman genion. Epaileak, gure sukaldari jaunak, hiru hizpide izan zituen: ahozko aurkezpena, pintxoaren itxura eta, nola ez, zaporea.

Banan-banan, talde guztiek egin zuten aurkezpena eta kostata izan bazen ere, azkenean talde irabazlea aukeratu behar izan zen. Halere, atzokoan guztiok izan ginen irabazle, pintxo goxo-goxoak dastatzeko aukera izan baikenuen!



Erdia egina

Bai, halaxe da, gaur igandea da eta beti bezala lehen astearen balorazioa egin dugu; ajetuak, atzo Busturiako jaietara joan ginelako. Ahalegin berezia egin behar izan dugu, baina merezi izan du, oso balorazio emankorra, interesgarria eta baliagarria izan delako.

Bazkalostean ikasle batzuek bisitak izan dituzte; beste batzuk, ordea, elkartu dira planak egiteko; esaterako, Asun, Ione, Maite eta Mertxe Omako basora joan dira. Rakel, Ana eta Jonek Sukarrieta hautatu dute.

Nekea astiro-astiro pilatuz badoa ere, ikasleak indartsu eta gogotsu daude bigarren asteari aurre egiteko. Benetan, miresgarria da egiten ari diren esfortzua euren euskara hobetzeko, hogeita lau orduko lana da eta, logikoa eta ulergarria denez, zenbaitetan ahul sentitzen dira, baina sentsazio arrunta da. Horixe da barnetegia, errusiar mendi bat. Oso harro gaude gure ikasleez. Aupa zuek!!



Ahuakate bizkotxo goxo-goxoa!

Atzoko goiza elikadurari buruz hitz egiten eta irakurtzen eman genuen. Bazkal aurretik Donostiako pintxoei buruzko erreportaje bat irakurri genuen eta ez zen ideia ona izan, nahi genuen baino gosetuago heldu baikinen mahai ingurura.

Arratsaldean osasunari buruz aritu ginen eta kolofoia tailerra izan zen. Joanaren bisita izan genuen eta ahuakate bizkotxoa egiten irakatsi zigun. Asko eskertzen diogu, baita gure sabel beteek ere!



Katillotxu eta Ekoetxea, historia eta natura uztartuz

Egun borobila uztailaren 5ekoa, egun osoko irteera egin genuen-eta. Lehen eta behin, Urdaibaiko ibilbide megalitikoa egin genuen, mendian gora eta behera, zeinetan gure arbasoen lurperatze erak ezagutu genituen: trikuharriak, iruinarriak, lur azaleko hilobiak… Benetan interesgarria.

Busturian hasi eta Mundakan amaitu genuen; leku ezin hobea pote bana hartzeko, baita bazkaltzeko ere. Hori bai, ez edonolako bazkaria, baizik eta Iban sukaldariak maitasunez prestatutako bokata goxoak. Ostean, Ekoetxera abiatu ginen, bioaniztasunaren interpretazio-zentrora.Bertan, Koldoren gidapean aniztasunaren nondik norakoak ezagutu ahal izan genituen. Merezi du bisitatzea, eta oraindik zalantzan bazaudete, hona hemen argazki pare bat:

Kanpoaldean ere izan ginen; Koldok hegaztiak behatzera eraman gintuen, eta parajeaz gozatzeaz gain, lexikoa ikasi genuen: txolarrea, zikoina, lertxuna, gartza… Datu bat ematearren, horietako batzuk egonkorrak dira, esaterako, txolarrea; beste batzuk, ostera, migratzaileak (Koldok azaldutakoaren arabera, gehienak).



Bizkaigane kooperatiba ezagutzen

Kellogs Special K, hau da, gure super K, berriz ere gure artean da, ondoan, zelatan, ea egoki erabiltzen dugun, ea zaintzen dugun. Horretarako, kamiseta berezia dugu eta baten batek huts egiten badu, aldean eraman behar du beste batek akatsa egin arte. Modu bat ergatiboa une oro presente egoteko.

Arratsaldeko eskolaren ostean, Bizkaigane kooperatiba bisitatu dugu (Errigoitin kokatuta dago). Bidaia gorabeheratsua izan ondoren (galdu gara), iritsi gara eta “Txiplas”en eskutik bisita gidatua izan dugu. Txiplas kooperatibako kidea da eta irribarre batez bere lantokia eta lana erakutsi dizkigu. Bertan esnekiak eta txerrikiak ekoizten dituzte era ekologiko batez (esnea, gazta, jogurtak, txorizoa…) Imajina ezazue zelan ibili garen! Paulov-en txakurraren antzera, adurra zerigula. Bisitaren amaieran gazta dastaketa egin dugu, eta borobiltzeko esneki-sorta eder bat oparitu digu, otorduetarako.

Hona hemen hainbat argazki:

 

 



AEK Kung Fu!

Bigarren egunean Busturialdeari buruz aritu gara. Ikasleek taldeka horma-irudiak egin dituzte eskualdeko ekonomia jarduera, kultura, turismoa eta kokapen geografikoa eta populazioari buruzkoak. Ostean aurkezpenak egin dituzte eta asko ikasi dugu gauden zonalde honi buruz.

Arratsaldean mugitzeko unea heldu da eta Kung Fu tailerra izan dugu… AEK-ko ejerzitoa ematen genuen! Kar, kar, kar! Ikasleok eta irakaslea pozik;  beraz, aukerarik izanez gero, 2. entrenamendua ere egin genezake.