Altsasutik Nafarroa osora

Nahi duzun guztia ulertzeko, nahi duzun guztia esateko. Horretarako berritu dugu Altsasuko Itsatsi euskaltegia. Sakanako herritarrei zerbitzua eskaintzen jarraitzeko, sakandarrei euskahalduntzen laguntzen jarraitzeko. Horretan ari gara azken urteotan AEKn; euskara egunerokoan edo lanean erabili nahi duten horiek metodo eraginkorra aurkituko dute AEKn. Euskara praktikoa, eguneroko premietarako. Ideia horixe da: AEKrekin lortuko duzue “nahi duzuen guztia ulertzea, nahi duzuen guztia esatea.”

Halere, gu ez gara protagonistak. Izan ere, irailean matrikulazio-kanpainan azpimarratu dugun bezala, AEK-kook laguntzaileak baino ez gara, herritarrek euskara ikas eta erabil dezaten. Benetako protagonistak horiek direlako, IKASLEAK: iaz euskaltegiak bete zituzten milaka ikasleak; udan barnetegi eta ikastaro trinkoetan euskara ikasten jardun duten pertsonak; eta ikasturte honetan euskara ikastera etorri diren lagun guztiak. 1.000 lagun baino gehiago dabiltza dagoeneko AEK-k Altsasun eta Nafarroa osoan dituen euskaltegietan eta ikastaroetan. Aurreko ikasturtean baino jende gehiago hurbildu da. Pozgarria benetan.

Hortaz, euskarak izandako tokia berreskuratzeaz ari gara, urteen eta hamarkaden poderioz eremuak galdu zituen; era berean, hizkuntza-politika zitalek lekua kendu izan diote behin eta berriz, maltzurkeria osoz. Gure herrian, normaltasunez bizi nahi dugu euskaraz, goizetik gauera, edonon. AEKren erronka nagusia ezaguna da, bereziki helduen euskalduntzean eta euskararen berreskurapenean aritzea, hain zuzen ere, gure aurkezpen-txartelak dioen moduan. Berreskuratzea, aditz polita.

Hori bai, kezkak jota geratzen gara aditz hori beste testuinguru batzuetan entzuten dugunean: euskaltegiek inoiz ez dute izan finantzaketa-maila egokirik, euskarak ez du izan hamarkadetan, mendeetan, aldeko hizkuntza-politikarik… Beraz, kezka bizia eragiten digu kontu horiei lotuta “berreskuratu” aditza erabiltzen dela ikusteak.

Gu euskararen herria berreskuratzeaz eta eraikitzeaz ari gara. Horretarako, neurriei dagokienez, berreskuratu baino, bestelako politikak eta neurriak behar dira, arlo juridikoan, jardunbide politikoan, baliabideetan, diskurtsoan eta giro sozialean.

Zonifikazioari izkin eginda, herren jaio da Aldaketaren Gobernua; dena den, neurri eta egitasmo garrantzitsu asko ikusi ditugu asmoen artean, oinarri egokia Hizkuntza-Politika eraginkorrra abian jartzeko. Bide horretan, nola ez, gure konplizitate osoa izanen duzue. Guk berreskuratzen dugun bitartean, zuek eraiki eta abiatu bide berriak Administrazioaren eta Euskalgintzaren artean euskararen normalizazioa erdiesteko.

Bide horretan, beraz, euskaltegi berria dugu abian Sakanan. Zorionak Altsasu! Zorionak Nafarroa osoko euskaltegietan ikasturteari ekin diozuenoi!

Xabi Gartzia, AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidea

Alaitz, euskara irakaslea naiz

 

 

 

AEK-ko irakasle izateak ahalbidetzen dit euskara oinarri, herri honetako kultura, ohitura eta abar luze bat ezaguztaraztea. Beraz, euskara irakaslea izatea asko maite dudan zerbait besteekin konpartitzeko aukera ematen didana da.

Ikasleen eguneroko ilusio, esfortzu eta nahiak gogobetetzen naute

 

Maitane, euskara irakaslea naiz

 

 

Niretzat AEK-ko irakasle izatea hau da: EH euskaldun baten bidean, pertsona euskaldunak (esanahia osotasunean hartuta, euskaltzaleak, normalizazioaren bidean urratsak emango dituztenak,…) “heztea” eta haiekin gauzak eta egoerak elkarbanatzea da. Nire hizkuntza beste batzuekin elkarbanatzea eta horiekin nire hizkuntzan hitz egiteko aukera izatea.

Ikasleek euskara ikasteak, ikasleak euskalduntze prozesuan aurrera doazela ikusteak, ikasleak klasera pozik datozela antzemateak,…izugarri gogobetetzen nau. Orokorrean uste dut AEK-ko (edo euskara) irakasle izateak gogobetetzen zaituen lan bat dela.

 


 

Ainhoa, euskara irakaslea naiz

Lizarrako Beinat Etxepare euskaltegiko irakaslea naiz. Ainhoa nire izena eta Etxaleku hazi eta hezi naizen herria. Herri euskalduna.

Duela sei urte Lizarraldera etorri nintzen bizitzera, Eraulera hain zuzen ere. Bertan ez zen euskaraz hitz egiten eta Lizarrara gutxi jaisten banintzen ere, joaten nintzenean, falta bera somatzen nuen.

Bi urte neraman hemen EGA ateratzeko Aek.n izena ematea erabaki nuenean. Euskaltegiak Lizarra euskaldunaren ateak ireki zizkidan. Uste baino jende euskaldun gehiago zegoela ikusi nuen eta hortaz gozatzen eman nuen urte osoa. EGA ateratzea lortu nuen eta baita hori baino garrantzitsuagoa dena ere: euskaraz erostea, euskaraz adiskidetzea, euskaraz bizitzea.

Hurrengo urtean nire irakaslea izan zenak glotodidaktika ikastaroaren berri eman zidan eta egin nuen. Egin bezain pronto euskaltegian lan egiteko aukerari ez nion uko egin.

Hirugarren ikasturtea bukatu da eta onurak baino ez dizkit eman euskaltegiak. Lagun asko, asebetetze pertsonala, euskara irakatsi eta ikasi ahal izatea, euskara ikasten duten ikasleen ahaleginaz eta gogoaz ikastea, ikasleen lorpenen lekuko izatea eta hortaz haiekin gozatzea, etabar.

Egunerokotasunean ematen diren pauso txikiak dira Euskal Herria euskalduntzeko behar diren pauso handienak.

Oihane, euskara irakaslea naiz

AEK-k euskaraz bizitzeko aukera eman dit, lanean ordu asko pasatzen ditugu eta hauek euskaraz egin ahal izatea ez litzateke beste leku batean posible izanen .
Lizarraldeko AEKn hasi nintzenetik beste pertsona bat naizela esan dezaket, mundu berri bat deskubritu dut. Lanean hasi nintzen baina ikasten ere bai, nik zuri ematen dizut eta zuk niri ere bai. Gainera, ikasleen aurrera pausuak ikustean sentitzen dena ezin da hitzekin azaldu.

Ana, euskara irakaslea naiz

Euskal Herriak AEK sortu zuen gure hizkuntza berreskuratzeko,
eta nik bertan egoteko aukera dut,nire ekarpena egiten. 
Herriaren zerbitzurako jaio zen erakunde baten partaidea naiz.
Hizkuntza bat irakasten ari naiz, baina ez edozein:
gurea dena, gainera, oraindik ere arriskuan dagoena.
Ardura dut ahalik eta hoberen egiteko.
Horrez gain, ikasleak euskaraz hitz egiten ikusteak eta,
batez ere, euskaraz komunikatzeko gai direnean,
euskaldun aktibo bihurtu direla ikusteak gogobetetzen nau,
euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dutela,
euskararen aldeko ekimenetan parte hartzen dutela...

Berriozarko euskaltegi berria. Euskara ikasleak euskaltegi indartsuak behar ditu.

(Ostiraleko inaugurazio ekitaldian irakurritako testu laburra)

Kaixo, arratsalde on,

Jimeno Jurio handiak, “Navarra, Historia del euskera” liburuan hauxe kontatzen duenez: “ durante el siglo 18, en la Cendea de Ansoain, los regidores y vecinos de Berriozar protestaron por tener como rector a Jose San Roman. Estaban desconsolados porque no le entendían. Desconocian el castellano”
Berriozarren gaude, bai, euskararen herrian, bertan jaio diren Uxue eta Eduardo, baita etorria berria den Aissa, kalera atera dira eta Berriozar halaxe ezagutu dute: Liburutegia, Eskola, Osasun-etxea, Haur Eskola kiroldegia… eta euskaltegia. Eskerrik asko eta zorionak Berriozarko udala eta herriari mapa hori edukitzeagatik.

Euskaraz bizi nahi dugunok halaxe nahi dugu: bertako hizkuntza berreskuratzen eta ezagutzen saiatzen diren guztiek erraztasunak behar dituzte, ahalik eta gehien. Berriozarko Udalaren ahalegina eskertu nahi dugu: euskaltegi duin bat, bere jarduna aurrera eramateko laguntzak, euskara zerbitzua, udal ordezkari euskaldunak, herritarrei zuzendutako bekak eta abar luze bat. Hori da bidea eta eskertzea baino ez dagokigu. Baita bide horretan urrats handiagoak emateko gonbitea luzatzea ere. Berriozarrek euskara ikasleak behar ditu eta euskara ikasleek euskaltegi indartsuak behar dituzte. Eskerrik asko eta zorionak!
Helios Del Santo Gomez
AEKren Artezkaritza Kontseilua

Euskara ikasleak euskaltegi indartsuak nahi ditu

(Korrika18ren Nafarroako aurkezpenean irakurritako diskurtsoa. Euskara ikasleak omentzen)

“Hace 17 años decidí aprender euskara. Tenía esa llamada interna de que yo también queria ser euskaldun, que ya era el momento. Vi un cartel de AEK en la calle Monasterio de Urdax y acabé en el euskaltegi Irrintzi. Egun euskaraz bizi nahi duen euskalduna nauzue, euskaraz bizi naiz, goiz zein gauez, eta arratsalde askotan ere bai.
Euskara ikasleari batzuetan irakasle izatea tokatzen zaio, hala aritu naiz. Eta euskara ikasleari ere halako ardurak iristen zaizkio, baita halako oholtzak eta uneak ere.

Hori dela eta, euskara ikaslea naizen moduan, harro eta gogo biziz hartu dut AEK-k eta Korrika-k euskara ikasleak omentzea. Ohore handia.
Euskara ikasle asko ezagutu dut, hasieran ikaskide, gero urte askotan, irakasle rola hartuta. Dabid, Blanka, Maider, Albaro, Lorea, Jabi, Koldo, Gemma, Itziar eta abar luze bat. Zorionak eta eskerrik asko!

Euskarak hiztun gehiago behar ditu, zuek zein urteotan aritu zaretenok bidea ezagutu duzue, urrats garrantzitsua egin duzue.
Aurten, hiru urte eskasekin, D ereduan hasi diren Jon, Iraider, Iraia, Irati eta Maddik ere helduon erreferentzia behar dute, euskaraz bizitzeko hauspoa emanen diete guraso taldean ari diren Maika, Silbia, Jose eta Kristinak.

Eta behin euskaltegian euskara ikasita, Roberrek eta Isabelek euskaraz bizi nahi dute. Euskaraz erosi, edan, jan eta gozatu nahi dute.
Evak eta Andreak euskaraz sortuko den kultur eskaintza nahi dute, euskaraz informatu nahi dute.
Pedrok, Ainhoak eta Pilik euskaraz arituko den mugimendu politiko, sozial eta sindikala nahi dute. Eliasek euskaraz egin nahi du dantza taldean, kultur koordinakundean eta mendi taldean.
Rakelek euskara ikasi du eta euskaraz egin nahi du greba batzordean, eskolako bileran eta kirol elkartearen ginkanan.

Tomas, Mayu, Nora, Margari eta beste 6.000 lagun inguru euskara ikasten ari dira egun Nafarroan,
Zubiarte Euskaltegian, Hizkuntza Eskola batean, hainbat euskaltegi zein gau-eskolatan, ordutegi eta maila guztietan.
Nafarroa osoko 70 bat auzo eta herritan ari dira eta nabarmendu behar da leku gehienetan IKA edo AEKren euskaltegia dela herritar helduek euskara ikasteko duten aukera bakarra.
Euskarak hiztun gehiago behar ditu eta horretarako, Txema, Pepa, Silbia eta Aliziak euskaltegi indartsuak behar dituzte. 40 urteetako ibilbidea egina dugu eta inoz baino gogotsuago gaude, gobernuaren aldeko politika faltan eta itotze ekonomikoaren aurrean.

Euskaltegi indartsuak behar ditugu. Datozen urteotan izena emanen duten Fernando, Karmen, Luisa, Aissa eta Mikeli gure omenaldirik praktikoena egin diezaiegun: berezkoa dugun euskara doan ikastea euskaltegian.

Helios Del Santo, AEKren Artezkaritza Kontseilua

Giltza. Juega y gana tu matricula.

Giltza topatzen dutenen artean, ikasturte berriaren matrikula zozketatuko da.
+ Bideoa irailetik aurrera hainbat bideren bidez hedatuko da.
+ Parte harte nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute nafarroa@aek.org helbidera, bere datuak emanez eta giltza zein argazkitan dagoen adieraziz.
+Matrikula euskalduntzearen abenturan hasteko izanen da, hots, hasiera mailako talde batean, norberak aukeratzen duen auzo edo herritan (Nafarroa osoan)
+ Edonork parte har dezake. Pertsona bakoitzak behin baino ezin du parte hartu.
+ Irabazleak baino ezin izanen du matrikula baliatu.
+Lehiaketak irailaren 7tik 21era iraunen du.

Giltza