Beste AEKren Blogak gune bat besterik ez

Ainhoa, euskara irakaslea naiz

Lizarrako Beinat Etxepare euskaltegiko irakaslea naiz. Ainhoa nire izena eta Etxaleku hazi eta hezi naizen herria. Herri euskalduna.

Duela sei urte Lizarraldera etorri nintzen bizitzera, Eraulera hain zuzen ere. Bertan ez zen euskaraz hitz egiten eta Lizarrara gutxi jaisten banintzen ere, joaten nintzenean, falta bera somatzen nuen.

Bi urte neraman hemen EGA ateratzeko Aek.n izena ematea erabaki nuenean. Euskaltegiak Lizarra euskaldunaren ateak ireki zizkidan. Uste baino jende euskaldun gehiago zegoela ikusi nuen eta hortaz gozatzen eman nuen urte osoa. EGA ateratzea lortu nuen eta baita hori baino garrantzitsuagoa dena ere: euskaraz erostea, euskaraz adiskidetzea, euskaraz bizitzea.

Hurrengo urtean nire irakaslea izan zenak glotodidaktika ikastaroaren berri eman zidan eta egin nuen. Egin bezain pronto euskaltegian lan egiteko aukerari ez nion uko egin.

Hirugarren ikasturtea bukatu da eta onurak baino ez dizkit eman euskaltegiak. Lagun asko, asebetetze pertsonala, euskara irakatsi eta ikasi ahal izatea, euskara ikasten duten ikasleen ahaleginaz eta gogoaz ikastea, ikasleen lorpenen lekuko izatea eta hortaz haiekin gozatzea, etabar.

Egunerokotasunean ematen diren pauso txikiak dira Euskal Herria euskalduntzeko behar diren pauso handienak.