Apirilaren 9an izango da Esaera Zaharren Txapelketa, Sopelan

20070317-sopelako-esaera-zaharren-txapelketa-ccbyncsa-jabi-zabalaUdaberria ate joka daukagu, eta horrekin batera, Esaera Zaharren Sopelako Txapelketaren XXIII. edizioa. Agendak hartu eta apirilaren 9a markatu, egun hori, hain zuzen ere, aukeratu dutelako Sopelako AEK-ko lagunek aurtengo edizioa burutzeko.

Bertsoak eta atsotitzak elkartzea eta euskaraz primeran pasatzea da ekitaldiaren xedea. Lehiaketan taldeka – 2, 3 edo 4 lagunek osatutako taldea- hartzen da parte eta izena eman behar da apirilaren 4a baino lehen.

Partehartzaileek bertsoak entzun eta esaera zaharrekin identifikatu beharko dituzte. Esaera zahar horien zerrenda (100 esaera) eta azalpenak albisteari erantsita aurkituko dituzue, parte hartzeko asmoa dutenek ikasteko eta “entzenatzeko” aukera izan dezaten.

Txapelketak bi saio ditu. Goizean, 11:00etatik aurrera, parte-hartzaileak multzoka banatu eta nor bere ibilbideari lotuko zaio, tabernaz taberna, musika-giroan. Zeregina izango dute Algortako Bertso Eskolako kideen bertso idatziak entzun eta, bakoitzaren azpian gordetzen den esaera zaharra zein ote den erabakita, atsotitza asmatzea eta zuzen esatea. Horrela, multzoetatik talde bana sailkatuko da final-erdirako. Puntu gehien eskuratutakoa, hain zuzen.

Ondoren, 15:00ak aldera, herri-bazkaria izango da, Ander Deuna ikastolan. Bazkalostean, berriz, final-erdiak eta finala jokatuko dira, ia-ia goizeko modu berean. Izan ere, oraingoan bat-bateko bertsoak adituko dituzte taldeek, Itxaso Paia eta Odei Barroso bertsolarien ahoetatik.

Informazioa eta izen emateak: telefonoz (618.57.44.45 / 695.77.40.15) edo posta elektronikoz (jose-p@aek.eus / aitor-f@aek.eus). Inskripzioak 10 euro balio du taldeko eta bazkariak 20 euro pertsonako. Sariak ere egongo dira!

Txapelketaren oinarriak, esaera zaharren zerrenda eta azalpenak deskargatu HEMENDIK.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude