Print this page

'Errotik' proiektua sortu da, euskara sustatzeko Arratiako eta Hego Nerbiokiko landa eremuko eta turismoko establezimenduetan

Rate this item
(0 votes)
Print Friendly, PDF & Email

Gorbeialde landa garapeneko elkarteak euskara sustatzeko proiektu berri bat jarri du martxan: Errotik. Arratiako eta Hego Nerbioiko landa eremuan eta turismoan euskararen erabilera sustatzeko helburua du, eta doako zerbitzua emango die lehen sektoreko ekoizleei zein turismoko establezimenduei. Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu duen proiektua irailean jarri zen martxan, eta dagoeneko 11 ekoizle eta establezimenduri ematen die zerbitzua.

Landa eremuan dauden hainbat enpresetan hutsunea dagoela ikusi zuen Gorbeialde elkarteak. Izan ere, Arratia Nerbioi eremu euskalduna da, baina turismoaren eremuko establezimendu askotan zein lehen sektoreko ekoizle askok ez dute maiz euskararen presentzia bermatzen. Horregatik, kasu askotan eskualdeko errealitate linguistikoaren islarik ez da ikusten turismoan zein landa eremuan dauden enpresetan, eta horregatik erabaki du Gorbeialdek hizkuntza kudeaketaren eremuan eragiten hastea.

Proiektuaren jatorria lehenagotik dator, ordea. 2022. urtean pilotaje bat abiatu zuen Arratiako arlo sozioekonomikoan euskara sustatzen duen eusGara zerbitzuak Gorbeialde elkartearekin elkarlanean, eta bi hotelekin lan egiten hasi ziren: Zuhaitz Etxeak eta Etxegana spa & hotel. Hainbat lan egin ziren orduko hartan: bezeroei ematen zaizkien eskuorriak itzuli, menuak euskaratu, hizkuntza paisaian eragin, sare sozialetan euskararen presentzia bermatu... Lanketaren balorazio positiboa egin zuten alde guztiek, eta proiektu propioa sortzeko aukera zegoela ikusi zuen Gorbeialdek.

eusGararen eragin eremua industria arloko enpresak dira ordea, eta landa garapenean eragiteko aukera mugatua dauka. Gorbeialdek Bizkaiko Foru Aldundiarengana jo du proiektuaren finantzazioa topatzeko, eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzarengana zerbitzu teknikoa jasotzeko. Bertako aholkulariak emango die laguntza landa garapeneko eta turismoko establezimenduei. Honako zerbitzu hauek eskainiko dizkie: itzulpenak, hizkuntza aholkularitza, trebakuntza saioak, hizkuntza ohituretan eragiteko laguntza, dirulaguntzeten kudeaketa...

Hauek dira, oraingoz, Errotik proiektuarekin bat egin duten establezimendu zein ekoizleak: Hikei, Areatza hotela, Ubideko Herriko taberna, Etxegorri ostatua, Artiñano etxea, Zeberioko Taberna zaharra, Ermitabarri apartamentuak, Zuhaitz Etxeak, Etxegana hotel & spa, Urduña museoa eta Askibil gaztandegia.

Read 665 times
Jueves, 08 February 2024 08:38