11 egun euskaraz (2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra)

Euskaraldia ekimenak hizkuntza-ohiturak astintzeko eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen du:

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz egitea. Izan ere, Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.

Herriz herri hedatzen ari dira euskaldunon aktibazioa bultzatzeko egitasmoak: hizkuntza-ohiturak astindu nahi ditugu, euskara uste baino gehiagotan erabil daitekeela erakutsi, eta erabilera handitu.

Hasiera baten herri jakin batzuetan sortutako proiektuak Euskal Herri osora hedatuko dira , eta lagun askoren batasuna izango dute ardatz. Horretarako, Euskal Herri osoko erakundeak bildu dira —Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, Nafarroako Gobernua, Euskal Elkargoa...—, eta euskalgintzan ari garen eragile andana, jakina, denok elkarlanean.

Norbanakoek izena eman ahal dute Euskaraldia ariketa sozialean parte hartzeko: www.euskaraldia.eus webgunean edo herriz herri jarriko dituzten postuetan. Izan ahobizi edo belarriprest!

AEKn, Euskaraldian

AEK Euskaraldiaren sustatzaile eta babesleetako bat da, euskara normalizatzeko eginkizunean elkarlanean, auzolanean eta aktibazioan guztiz sinesten duelako. Gainera, AEKn uste dugu Euskaraldiak lan egiteko bestelako moldeak ekarriko dituela, sareak eraikitzeko baliagarria izango dela, eta tresna indartsua bihurtuko dela euskarari prestigioa emateko.

Horrenbestez, batzordeetan eta antolaketan parte hartzeaz harago, AEK-k prestakuntza eta dinamizatzaileak ere eskaintzen ditu.

 

{KomentoDisable}