Beste AEKren Blogak gune bat besterik ez

Herritarrek egiten dute, Gobernuak egin ez duen bitartean

Azken hilabeteotan azpimarratzen ari garen bezala, euskaltegietan herritar asko, han eta hemen, euskara ikasten ari dira, euskaraz bizi nahi dutelako. Une honetan, AEKn, Nafarroan, 120 bat talde ari dira, 1300 ikasle inguru, 74 irakasle eta gaur egun, maparen 52 auzo eta herritan ari gara. Ia 40 urteko luze euskalduntze lanetan ari gara eta toki askotan helduek euskara ikasteko duten aukera bakarra gure euskaltegiak dira. Bide desberdinen bidez zabaltzen ari garen 120 argazki horiekin herritarren ahalegin hori zuzenean ezagut daiteke.

Beste aldean, Nafarroako Gobernuaren politika ezaguna da. Egiten ez duena eta euskararen kontra egiten duena. Euskarabideari dagokionez, ikasturteko balorazioa oso esanguratsua da:

– Euskarabideak ez du inolako harremanik bideratu herri-ekimeneko euskaltegiekin. Urria-ekaina balantzea mezu elektroniko gutxi batzuk baino ez.

– Bere jarduna, bederen guk ezagutzen duguna, diru-laguntzen deialdia kudeatzera mugatu da. Hori da Euskarabidearen ekarpen bakarra. Gainera, hori ere nahiko modu kaotikoan egin dute: haien asmoen gaineko informazio partziala, deialdia inoiz beranduago argitaratu…

– Horri hauxe gehitu behar diogu: kudeatzen dituzten diru-laguntzak askoz txikiagoak dira. Hor estrategia argi bat salatu nahi dugu: azken hamar urteotan diru laguntzak erdira murriztu dituzte. Hamarkada baten ondorioa da eta krisiaren eragina broma maltzurra baino ez zaigu iruditzen.
Hori gutxi balitz, guztiz eskasa zen diru-partida hori 2011tik 2012ra %40ra pasa da. Horretan nabarmendu nahi dugu iazko kopurua osoa ez zutela banatu, Gobernuak agindutako murrizketengatik. Arartekoan kexa bideratzeaz gain, bai IKAk bai AEK-k , abokatu baten laguntzaz helegitea jarri genien.

– Ikasleei zuzendutako beka sistema abian jartzeko inolako asmorik ez dute

– Euskaltegien sustapenerako inbertsio ekonomikoak oso garrantzitsuak diren arren, gure ustez, Euskarabidearen arlorik kezgarrienak hauexek dira:
1. Plangintzarik ez. Ez dugu inolako jardunik edo asmorik ezagutzen Helduen Euskalduntzea bultzatzeko. Ekimenik ez jende gehiago euskaltegietara erakartzeko. Gaur egun kudeaketaren kudeaketan murgilduta daude.
2. Euskarabideak ez du inolako lidergorik erakusten Nafarroako Gobernuaren politikan aldaketak eman daitezen. Hizkuntza-Politika berri baterako lan egitea, Gobernuaren diskurtso iraingarria gelditzea edota euskara eguneroko hizkuntza moduan prestigiatzeko aritzea, adibidez, Maximino Gomezek zuzentzen duen Insitutuari dagozkiola guztiz konbentzituta gaude. Zantzurik ez.

Beraz, une honetan, Gobernuaren asmoa euskaltegiei arnasa ukatzea den arren, argi dugu gure aberastasuna herritarrak direla. Gainera, aldaketarako giltza haiek dutela erakusten ari dira. Azken urteotako joera gora doa, ikasle eta talde gehiago, auzo eta herri gehiagotan.

Itxaropen guztia herritarrengan dugu. Alde batetik, beste behin errepikatu behar dugu euskararen normalizazioan ezinbestekoak izan diren proiektuak herritarren ekimenez etorri direla. Ezin argiago dago Nafarroan. Beste aldetik, zabaldu ditugun argazki horiek behin eta berriro, 120 aldiz, 1300 ahotsek gogorazten diguten bidea oso ongi seinalatuta dugu. Herritarrak dira, euskaraz bizi nahi dute, eta haiek dira euskaltegietarako bidea egiten dutenak. Goizez, arratsaldez edo iluntzean, familia, aisialdia, lana, langabezia eta bestelakoak uztartzen dituztenak, euskara ikasteko eta urrats garrantzitsu bat emateko.