Print this page

AIZU! hizpide Durangoko Azokako mahai-inguruan

Rate this item
(0 votes)
Print Friendly, PDF & Email

Durangoko Azokaren 56. edizioko egitarauaren barruan, AIZU! aldizkariak hainbat lagun batu zituen mahai-inguruan, hizkuntza baten ikas prozesuan irakurketak duen garrantziaz hitz egiteko. AIZU! 40 urte euskara ikasleak hezten eta euskarazko irakurleak hazten lelopean jardun zuten Belen Rufz Aguayo euskara ikasleak, Maider Irurozki Artaxo irakasleak eta Gotzon Hermosilla kazetariak, AIZU!ko koordinatzaile Eñaut Mitxelena moderatzaile zutelarik.

AIZU! aldizkaria euskara ikasteko bidelagun egokia dela argi utzi zuten Irurozkik eta Rufzek. Lehenak azpimarratu zuen oso lagungarria dela irakasleentzat esku artean “material erreala” edukitzea eskolak prestatzerakoan, eta AIZU! bezalako aldizkari bat modu askotan erabil daitekeela, hori baita argitalpen honen beste ezaugarri bat, ariketak eta denbora-pasak dituelako. Rufzek, berriz, aldizkariak egiten duen zubi lana nabarmendu zuen, beste argitalpen batzuetara jotzeko beldurra kentzen laguntzen duelako: “Hau ulertzen badut, agian beste batzuk ere ulertuko ditudala pentsatuta, proba egiten duzu”.

Bestalde, hirurek baieztatu zuten AEKren aldizkariak euskal kultura ezagutzera emateko ere balio duela, “erreferentzia euskaldunak ematen dizkiolako irakurleari”. Halere, Hermosillak gaineratu zuen, ikasleentzat ez ezik, edozein irakurlerentzat balio duela ekarpen horrek, “euskal hiztunek ere batzuetan ez dituztelako euskal kulturako hainbat erreferente ezagutzen”.

Ordubeteko saioaren ostean, txaloaldi bero batekin bukatu zen mahai-ingurua. Bertaratu zirenek horrela eskertu zuten agertokian izan ziren partaideen ekarpena eta ikusleen artean egon ziren AIZU!ko sortzaile taldeko Iber Otsoaren eta Amaia Montorioren aspaldiko ekimena.

Argazkian, ezkerretik eskuinera, Irurozki, Hermosilla, Rufz eta Mitxelena.

Read 3791 times
Jueves, 09 December 2021 09:02