Une honetan 30etik gora enpresa eta Lanbide Heziketako zentro dira Eskuara zerbitzuan proiektuaren kide. Gasteizen egindako aitortza ekitaldian aurkeztu dute 2026an egingo duten bidea. Eskuara komunitateko kide egin dira honako enpresa hauek: Zaraobe, Eraiken, Artomaña txakolina, Oreka IT, RPK, Amets SL eta Mekatxaber. Proiektuan parte hartzen duten enpresek euskararen presentzia areagotzeko Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren laguntza jasotzen dute. Komunitateko enpresek gonbitea jaso dute 24.KORRIKAren harira lanketa egiteko euren lantokietan.
Arabako beste zazpi enpresa handi eta estrategikok Eskuara proiektuarekin bat egin dute, eta era honetan jarraipena emango diote euren erakundeetan euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko. Honako enpresa hauek batu dira Eskuara komunitatera: euskararen
kudeaketan erreferente diren Oreka IT eta RPK, Lanbide Heziketako ikastetxe diren Zaraobe eta Eraiken, industrialak diren Amets SL eta Mekatxabir, eta Artomaña txakolina ekoizpena. Era honetan, gaur gaurkoz 30etik gora enpresek eta Lanbide Heziketako zentrok jasotzen dute aholkularitza zerbitzua Eskuara proiektuaren bidez.
ENPRESEN AURRERAPAUSOAK
Eskuara proiektua 2023 urtean sortu zen, eta bere helburua argia da: Arabako enpresa handi eta estrategikoetan euskararen erabilera sustatzea. Proiektuan parte hartzen duten enpresek euskararen presentzia areagotzeko Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren laguntza jasotzen dute. Lanbide Heziketako zortzi zentro ere badira Eskuara proiektuko kide (bik gaurko ekitaldian egin dute bat), eta era horretan, ikasleek lan-munduarekin duten lehen harremana euskaraz egiteko urratsak ematen ari dira horiek guztiak.
Zerbitzua enpresa bakoitzaren beharretara egokitzen da, eta Gasteizen egindako ekitaldian gogora ekarri dute 2025ean enpresek egindako aurrerapausoak.
ESPERIENTZIAK
Eskuara zerbitzuarekin lanean aritu diren bi erakundek euren esperientziaren berri eman dute, eta jasotako aholkularitzaren garrantzia nabarmendu.
Egibide ikastetxeak, esaterako, enpresa praktikak euskaraz egiteko pausuak eman ditu, eta neurri horren beharra azpimarratu du Gorka Martinek: “Gu euskara normalizaziorako arduradunak gara, hortaz, euskararen erabilera eta normalizazioa daukagu helburu. Ikasketak egin bitartean, badago nolabaiteko euskararen presentzia, baina lan mundura salto egitean, haustura ematen da sarri. Hori hasieratik ikasi eta ikusi behar dute ikasleek, lana ere euskaraz egin daitekeela, lana badela haientzat gehigarria, balio erantsia eta bereizgarria. Azken batean, ikastetxetik kanpo ere euskaraz lan eta bizi daitekeela”.
Asafes elkarteak, bestetik, hizkuntzen inguruko diagnostikoa egin dute, eta Edurne Ruiz de Agirre eta Mikel Knörrek esan dutenez, beharrezkoa izan da hori ondoren hartuko dituzten neurriak zehazteko: “Beharrezkotzat jo dugu langileen, erabiltzaileen eta familien hizkuntza-ezagutzari buruz galdetzea, askotan usteak eta errealitateak ez datozelako bat. Diagnostiko horretatik abiatuta, euskararen erabilera sustatzeko plan bat martxan jartzea ahalbidetzen du, errealitatera egokitua, neurrira egina eta eragile guztiekin adostua”.
Eskuara proiektuko aholkulariek behin eta berriro nabarmendu dute enpresen beharretara egokitutako zerbitzua eskaintzen dutela, bakoitzak bere erritmoak dituelako. 2026an ere ildo horretan jarraituko dute, eta komunitateko kideek bost ardatz nagusitan lan egiteko aukera eskainiko zaie.
KORRIKARA BATZEKO DEIA
Bestalde, martxoan abiatuko da 24. Korrika, eta Aitziber Balantzategik, Eskuarako aholkulariak, gonbidapena luzatu die komunitateko enpresei euskararen aldeko lasterketaren harira lanketa egiteko euren lantokietan.
Gaur goizean, otsailak 4, egin dute aitortza ekitaldia Arabako Merkataritza Ganberak Gasteizen duen egoitzan, eta bertan batu dira enpresa horietako ordezkariez gain, lehendik ere kide direnetako kideak. Bertan izan dira Eskuara proiektua sustatzen duten erakunde publikoetako arduradunak: Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapen eta Berrikuntza saileko diputatu Saray Zarate eta Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi Maria Nanclares. Ekitaldia topa eginez amaitu dute, hain justu, proiektuaren kide egin den Artomaña txakolinarekin, eta Euskara Lukuak egitasmoan parte hartzen duten Arabako Errioxako upategietako ardoarekin.
