Print this page

30 enpresa baino gehiago eta 2.000 langile baino gehiago lantokietan euskara aktibatzeko erronkan

Rate this item
(0 votes)
Print Friendly, PDF & Email

Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak Euskara Tratuak ekimena jarri du martxan. Azaroaren 13an abiatu eta abenduaren 3ra arte, ohitura berriak sortuko ditu 21 egunez eguneroko lan-harremanetan

Jakina da euskara jakiteak ez duela berez euskaraz egitea ekartzen. Usu, ezagutza eta erabilera ez datoz bat, eta euskara bazterrean geratu ohi da, baita lan-arloan ere: lanean, lankideekin, bileretan, ohiko harremanetan... Euskara Tratuak dinamikaren erronka, hortaz, ezagutza erabilera bihurtzea da. Horretarako, 21 egunez, parte-hartzaile bakoitzak “tratuak” egingo ditu: lehen euskaraz egiten ez zuen zerbait euskaraz egiteko konpromisoa hartuko du, nork bere buruarekin eta beste lankide batzuekin batera.

Tratuak izango dira borondatezkoak, neurrikoak (bakoitzak bere mailatik eta bere erritmoan), egingarriak (eguneroko lanean betetzeko modukoak) eta babestuak (enpresak, lankideen laguntzaz, eskainitako ekosistema erosoan). Euskara gutxi dakiten beharginek ere parte har dezakete: “Egun On” izeneko konpromisoa hartu, eta kideei erabilera errazteko eta eurak euskarara hurbiltzeko lehen urratsak egingo dituzte. Oinarrizko hitzak eta esamoldeak erabiltzen hasiko dira, eskuko hiztegi baten eta lankideen laguntzaz.

Helburuak eta lorpenak
Ahize-AEKk, aurretik egindako saioetan, hainbat xede lortzen direla egiaztatu ahal izan du. Batetik, erabiliz ikastea; izan ere, lehenik ikasi eta gero erabiltzea da ohikoena. Tratuek erakutsi dute, ordea, erabiliz ere ikasten dela: erabilera txiki eta seguruek konfiantza ematen dute, eta konfiantzak ezagutza indartzen du, gehiago jakiteko gogoa pizteaz gain. Euskararen mundua ertzetik ezagutzen duten pertsonengana heltzeko eta haiei euskal kultura, iruditeria eta bizipenetarako ateak zabaltzeko ere balio du. Azkenik, lantokian euskarazko guneak sortuz (euskaraz egiten den une, toki, talde eta harremanak, 21 egunen ostean ere iraun dezaketenak), komunitatea eraikitzea ere lortzen da: norbanakoaren konpromisotik harremanera, eta harremanetik komunitatera (Ni + Zu = Gu · Euskaraz eroso).

Egitasmoaren ibilbidea
AEKren Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzako zerbitzuak 2011n sortu zuen euskara tratuen lehen ekimena, Ahozkolore izenez, aurreko hainbat esperientziatan oinarrituta. 2019an egin ziren dinamika egituratzeko lehen pilotajeak, eta 2022tik aurrera, esperientzia horietan jasotako ikaskuntzetatik abiatuta, oinarri teorikoak eta metodologikoak landu eta osatu dira, gaur egungo Euskara Tratuak garatu arte. Urtez urte, dinamika zabaldu eta sistematizatu egin da: 2025ean, 25 bat enpresatan gauzatu zen. Aurten, 30 enpresatan baino gehiagotan eta 2.000 langilerekin baino gehiagorekin egingo da, aldi berean. Hauek dira enpresa horietako batzuk: AFESA MEDIO AMBIENTE, AUXILIARES HIRUKOBAT, BATZ (IGORRE), BATZ ZAMUDIO, BIOLAN MICROBIOSENSORES, BIOLUR, BODEGA GORKA IZAGIRRE, BRUSS DURANGO, CAFÉS BAQUÉ, CONSTRUCCIONES LASUEN, CUMENORTE, ELECTROTÉCNICA ARTECHE HERMANOS, EVEC (Elementos De Verificación Y Control), ERROAK SARTU, FURESA, GIZAKIA FUNDAZIOA, INGETEAM, IRSEARABA, KOOPERA SAREKO ENPRESAK, LANTEGI BATUAK FUNDAZIOA, MORTEROS Y REVOCOS BIKAIN, ONA ELECTROEROSION, OREKA IT, PATXI BANATU, PATXIKOOP, TALLERES AMETS, TAZEBAEZ, TECUNI, U3 ARQUITECTURA TÉCNICA, WE ARE CLICKERS...

Euskara Tratuak ekimena Eusko Jaurlaritzaren LANHITZ programaren laguntzaz garatzen da, eta lantokietan euskararen erabilera aktibatzea du xede. Izan ere, denok dugu harremanen bat euskararekin, baina bizi dugun egoera diglosikoan harreman hori ez da berez erabilera bihurtzen: horretarako, erabakiak hartu eta urratsak egin behar dira. Euskara Tratuak bide hori errazteko sortutako dinamika da. Euskaraz eta euskaratik abiatuta, bizipen eta emozio lagungarriak sortzea eta, horien bidez, pertsonen arteko konexio eta harreman berriak eraikitzea du helburu. Horretarako, euskara ikusgarri, entzungarri eta bizigarri egiten du lantokian, euskaraz aritzeko gune, une eta aukerak sortuz. 21 eguneko dinamika abiapuntua da: norbanakoen konpromisoetatik harago, erabilera-ohiturak eta harreman-sareak eraldatzeko baldintzak sortu nahi ditu, esperientzietatik jasotako ikaskuntzak bilduz eta partekatuz, metodologia hobetzen eta beste lantoki batzuetara hedatzen jarraitzeko.

Read 12 times Last modified on Jueves, 12 November 2026 12:47
Jueves, 12 November 2026 12:24