Print this page

Praktikatun, dena prest mintzapraktikari ekiteko

Rate this item
(0 votes)
Print Friendly, PDF & Email

AEKren Praktikatu zerbitzuak abian du 2022-2023 ikasturterako kanpaina, Praktikatu euskara gurekin leloa lagun. Hala, urriaren aurreneko egunetan hasiko dira martxan, Euskal Herriko leku askotan, berbalagun, mintzakide eta mintzalagun taldeak, lagun giroan elkartu eta euskaraz aurrez aurre jarduteko. Online saioak, berriz, azaroan hasiko dira. Dagoeneko dohain eman daiteke izena talde mota guztietarako, euskaltegietan, udal euskara zerbitzuetan zein Praktikaturen www.praktikatu.eus atarian.

Praktikatu hazten ari den egitasmoa da: gaur egun, Euskal Herriko 76 herritan antolatzen ditu mintzapraktika saioak, eta 300 ekintzatik gora burutzen dira urtean, tartean, mintzodromoak. Ikasturte honetan kopuru horiek handitu egingo dira, lehendik egiten direnez gain, hiru proiektu berri jarriko direlako martxan: Zangozan (Nafarroa), Igorren (Bizkaia) eta Pasaian (Gipuzkoa). Hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak, berriz, jarraipena izango du Durangaldean (Bizkaia), Arriben (Nafarroa) eta Urola Kostan (Gipuzkoa); eta elkarri hika hitz egiteko talde berrien sorrera ere sustatuko da, besteak beste, Usurbilen eta Lea-Artibain. Familientzako Gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolasak, txangoak eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek euskaraz batera aritzeko aukera izan dezaten.

Aurtengo udazkenean, gainera, Euskaraldiaren hirugarren edizioaren atarian gauden honetan, Praktikaturen proiektuek esanahi berezia hartuko dute, mintzataldeak euskaraz bizitzeko aukera ematen duten arigune naturalak baitira, hau da, uneoro euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen duten guneak. Izan ere, ohiko taldeez gain, eta euskararen transmisioa sendotzeari begira, Praktikatu egitasmoak euskarazko harrema sare berriak sustatzen ditu ekintza osagarrien bidez, hala nola, asteburuko egonaldiak, barnetegi ibiltariak edota zaletasunen (natura, kirola eta kultura) araberako interes taldeak antolatuta. Ondorioz, bereziki azpimarratzekoa da horietan guztietan parte hartzen duten mintzalagunen, mintzakideen, berbalagunen eta bidelagunen ahalegina eta euskararen transmisioari egiten dioten ekarpena.

Read 2303 times Last modified on MiƩrcoles, 05 October 2022 11:08
Viernes, 16 September 2022 07:34