AEK-ko eta IKAko ordezkariek Nafarroako Gobernuak euskararekin eta euskaltegiekiko duen jarrera salatu dute. 1986ko Euskararen Legeak 2. artikuluan dioena gogora ekarri dute agerraldian: “Gaztelera eta euskara Nafarroako hizkuntza berekiak dira eta, horren ondorioz, hiritar guztiek dute ezagutu eta erabiltzeko eskubidea”.

"Nafar gehienen euskara ikasteko bide nagusia helduen euskalduntzean eta alfabetatzean ari diren ikastetxe edo euskaltegietara jotzea da. Zerbitzu hori eskaintzen ari gara AEK eta IKA azken 40 urteotan", aipatu dute ordezkariek. Hala ere, eskubide hori eginkor bihurtzeko, "Nafarroako Gobernuak ez ditu beharrezko diren giza eta teknika bitartekoak eta materialak jarri". Izan ere, 2012ko urritik gaur arte, Nafarroako euskaltegiek ez dute diru-laguntzarik jaso, aurrekontuetan 245.000 euroko kontu-saila onartuta bazegoen ere.

Egoera larri honen aurrean, Nafarroako AEK-k eta IKAk Euskarabideak daraman hizkuntza politika suntsitzailea berriro salatzeko abenduaren 11n, 12:00etan, elkarteratzea egingo dute gobernuaren egoitzaren inguruan eta jendea parte hartzera animatu dute.

Argi adierazi dute herritarren laguntzari esker, Nafarroa euskalduntzen segitzeko asmo tinko eta irmoa dutela, nahiz eta UPNren goberua AEK eta IKA itotzen saiatu.