Orrialde hau inprimatu

Aizu! aldizkari eraberrituaren aurkezpena hilaren 5ean Durangoko Azokan

Elementu hau baloratu
(0 boto)
Print Friendly, PDF & Email

AIZU!ren 502. zenbakia, 2025eko abendukoa, kalean eta Interneten dago ja: www.aizu.eus

Aldizkariak berrikuntza nabarmenak dakartza. Horiei esker, alor digitala eta didaktikoa indartuta, paperezko euskarriaren eta euskarri digitalaren arteko osagarritasuna sendotu da. Paperezko euskarriaren tamaina txikiagotuta, erabilgarriagoa bihurtu da. Erabilgarritasuna, gainera, edukietan ere handitu da. Izan ere, euskara ikasten ari direnen aldizkaria izaki, arlo didaktikoan berritu da bereziki: testu batzuetan ageri den QRa klikatuta, AEKko Didaktika Sailak prestatutako atazak ageri dira, online egin daitezkeenak. Paperezko aldizkaritik zein webgunetik irits daitezke irakurleak ariketa horietara, eta sarbide irekia izango dute abendu osoan zehar, euskara ikasteko prozesuan dabilen orok ezagutu eta proba dezan (aurrerantzean, sarbide hori aldizkariaren harpidedunei eta erosleei mugatuko zaie). Ikusi ariketak hemen

Horiez gain, badira beste hainbat eduki ere: elkarrizketa nagusia ETS taldeko Iñigo Etxezarretarekin, Patricia Martin harri jasotzaile galiziarra Arin-arin atalean, Durangoko Azokari buruzko erreportajea, Zokomiran ataleko albiste laburrak, kultur arloko berriak... Guztiak, hizkuntza gaitasunaren arabera mailakatuak, hori baita berrikuntzetako beste bat.

Horrela, AIZU!k beste urrats bat eman du euskara ikasten ari direnen aldizkari izateko helburuan sakontzeko. Haatik, online ipiniko diren ariketak ez dira AIZU! erabiltzeko modu bakarra; izan ere, aldizkaria euskara ikasteko prozesuan nola baliatu azaltzeko, bi gida didaktiko jarri dira erabiltzaileen esku www.aizu.eus webgunean. Bata euskara ikasleei bideratua dago; eta, bestea, irakasleei. AEKko Didaktika Sailak prestaturiko gida horietan aldizkaria zelan baliatu azaltzen da modu erraz eta ulerterrazean.

Bestalde, hilabetekari izateak edukiak lantzeko unean ezartzen dituen mugak gainditzeko asmoz, aurrerantzean AIZU!k gaurkotasunari ere egingo dio lekua, euskarri digitalean. Horretarako, atal berria sortu du www.aizu.eus atarian, AIZU!ren leihoa, non astero normalean hilabetekarian lekurik ez duten albisteak argitaratuko diren.

Aldizkari eraberritu hau Durangoko Azokan aurkeztuko da, abenduaren 5ean. AEKko eta AIZU!ko kideek Areto Nagusian emango dute ezagutzera, eguerdiko 12:15ean. Alegia, nola erabili azalduko dute, are baliagarriagoa izan dadin euskara ikasleentzat eta irakasleentzat.

Irakurri 13 aldiz Azken aldaketak Azteazkena, 03 December 2025 10:57
Azteazkena, 03 December 2025 10:37