Orrialde hau inprimatu

Garesek martxan du euskararen plan estrategikoa

Elementu hau baloratu
(0 boto)
Print Friendly, PDF & Email

Garesko Udalak AEK-ko Ahize zerbitzuaren laguntzaz osatutako plan estrategikoa aurkeztu du. Ahizek eta herriko euskaltegiko kideek gidatutako lan mahaietan 30 lagun inguruk hartu dute parte, herritarren zein udal langileen hausnarketa eta proposamenak biltzeko. Hala, egungo egoera aztertu, erronkak zehaztu eta horiek betetzeko bideak proposatu dira.

Diagnosiak euskararen kale erabilera azpimarratu du. Izan ere, iazko ekainean egindako neurketaren emaitza % 4,3koa izan da, Iruñerriko 2021eko emaitzaren gainetik eta Lizarrakoaren azpitik. Umeen artean % 9,3raino igotzen da portzentajea, baina gazteen erabilera hobetzekoen artean dago. Euskararen ezagutzak, berriz, nabarmen egin du gora azken hamarkadetan. Hazkundea, bereziki, umeen, gazteen eta familia berrien artean gertatu da (azken urteotan, 4 umetik 3 eskolatzen dira D ereduan). Alabaina, umeen eta gazteen aisialdian euskarazko eskaintza oso eskasa da.

Horrez gain, herritarrek uste dute euskararekiko jarrerak hobetu eta erabilera esparruak zabaldu direla; halere, arreta jarri beharra dago saltokien euskalduntzean, erabilera esparruak sortzen eta euskalgintzako agenteen arteko koordinazioa indartzen. Halaber, udal langileek eta euskara zerbitzuak uste dute hizkuntza paisaian, webgunean eta sare sozialetan nabarmen hobetu dela euskararen erabilera, baina asko dago hobetzeko langileen ezagutzan eta formakuntzan, lanpostuen hizkuntza profilen ezarpenean, musika eskolako eskaintzan eta, oro har, Udalaren herritarrekiko komunikazioan.

Udaleko euskara zerbitzua eta arloz arloko eragileak arduratuko dira plana ezartzeaz 2027ra bitartean. Ebaluazioa, berriz, urtean behin eginen du euskara batzordeak.

Bestalde, AEK-Ahize zerbitzua antzeko beste hausnarketa prozesu batzuk ere ari da bideratzen, hala nola, Oiartzunen, Astigarragan, Lemoan, Portugaleten edota Baztanen.

Irakurri 1254 aldiz
Azteazkena, 26 April 2023 09:06