Orrialde hau inprimatu

Zer da euskalduna izatea?

Elementu hau baloratu
(0 boto)
Print Friendly, PDF & Email

Euskalduna izatea ez da herentzia bat, amama-aititek kutxatxo batean zeuretzako utzia. Ez da sortzezko dohain bat, eskuina edo ezkertia izatea lakoa. Euskalduna izatea ez da zai, zoi, bele errebelazio jainkotiar bat. Askoz ere sinpleagoa da: euskalduna izatea erabaki bat da. 
 
Eta erabakia norberea: lanerako hizkuntza lez baliatzeko, gurasoek galdutakoa berreskuratzeko; seme-alabei etxeko lanak egiten laguntzeko; poteatzeko, manifestatzeko, irakurtzeko... 
 
Ni neu euskaltegian euskaldundu nintzen: nor, nor-nork, nor-nori-nork... Perdona, lo puedes repetir?

Zelan esaten da euskaraz veuillez parler plus lentement? Arabieraz takallam abta min fadlik esaten da: hitz egin astiroago, mesedez. 
 
Eta idazlanak, eta entzuketak, eta irakurraldiak...

Papera ez da nahikoa, ordea, hizkuntza bat biziarazteko. Horrexegatik hasi nintzen Berbalagun-en: eztabaidatzeko, sukaldatzeko, mendira joateko, irakurzaletzeko... Euskaraz harremantzeko, hartzeko eta emateko; sosegu apur bat gaur, bultzadatxo bat bihar.

Erabaki bat baita euskalduna izatea. Eta euskalduna izatea zer da? Hizkuntza gutxitu bati lotzea eta, gutxienez, elebiduna izatea; izan hiztun zahar, zein berri. Hortik aurrera norberak sentitzen, pentsatzen eta praktikan jartzen duen huraxe da euskalduna izatea. Niretzat, plazer hutsa. Eta horrexegatik gura nuke euskara harrera-hizkuntza bilakarazi; hizkuntza irekia, gertukoa, noranahikoa... Bazatoz?

COVID-19aren etxealdian Durangaldeko berbalagunentzat Miren Amurizaren sortutako testua

Istorio gehiago > Birusak ·EzGaituMututuko Twitter eta Facebook
Irakurri 10098 aldiz Azken aldaketak Igandea, 26 April 2020 08:03
Ostirala, 24 April 2020 07:55