Euskal Konfederazioak agerraldia egin du gaur. Euskararen egoeraren larrialdiaren aurrean, bereziki, Ipar Euskal Herrian hiztun kopurua eta erabilera ahultzen ari dira. Hori dela eta, euskararen koofizialtasunari bultzada emateko, euskaltzaleei azaroaren 21ean Baionako karrikak betetzera deitu die.
AEK Euskal Konfederazioaren parte da, eta agerraldian parte hartu dute hainbat AEKidek, besteak beste, Maider Heguyk, Ipar Euskal Herriko AEKren lehendakariak, eta Ihintz Olidenek, koordinatzaileak.
Jarraian Euskal Konfederazioak argitaratu duen oharra:
Euskara larrialdi egoeran da Euskal Herrian. Diagnostikoa aspaldikoa da, eta azken datuek berresten dute: hiztun kopurua eta erabilera ahultzen ari dira, bereziki Ipar Euskal Herrian.
Arazoaren muina argia da: gaur egun indarrean diren hizkuntza politikek ez diote behar bezala erantzuten euskararen biziberritzeak eskatzen duen erronkari. Tresnak, baliabideak eta lege koadroa ez dira aski euskararen gainbehera gelditzeko eta susperraldi sendo bati bide emateko.
Euskararen koofizialtasunari bultzada
Testuinguru honetan, Euskal Konfederazioak barne gogoeta sakona egin du azken urte eta erdian, egoeraren irakurketa partekatu bat egiteko eta etorkizuneko erronkak finkatzeko. Gogoeta horretatik ondorio argi bat ateratzen dugu: euskalgintzak eta euskaltzaleek oro har, fase berri batera salto egin behar dute.
- Euskara lehentasun politiko eta sozial bihurtu behar dugu
- Hiztun berriak masiboki sortu behar ditugu
- Eta euskaraz bizitzeko baldintzak bermatu behar ditugu egunerokoan eta arlo guztietan.
Horretarako, funtsezkotzat jotzen dugu euskararen koofizialtasunaren aldarrikapenari bultzada berri bat ematea, euskaldunen hizkuntza eskubideak erdigunean kokatuz. Helburu horrekin, Ipar Euskal Herrian adostasun zabalak eraiki nahi ditugu.
Udaberritik aitzina, harreman ziklo bat abiatuko dugu Ipar Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalekin. Helburua argia da: Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzearen aldeko gehiengo bat lortzea, hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen lege koadro baten bidean.
Horrez gain, gaurdanik iragarri nahi dugu heldu den udazkenean mobilizazio erraldoi bat eginen dugula euskararen koofizialtasunaren alde indarrak biltzeko. Euskaltzale guziek data agenda notatu dezatela: azaroaren 21ean Baionako karrikak betetzera joan behar gara.
Hizkuntza politiketan eragin
Baina lehen urratsa herriko bozetan kokatuko dugu. Euskal Konfederazioak hautagaien interpelazioa egingo du euskararen aldeko barometro baten bidez, herrietan aurkeztuko diren zerrendek engaiamendu konkretuak har ditzaten. Helburua da herriko etxeetatik euskararen aldeko hizkuntza politika ausartak garatzea.
Horrez gain, ezinbestekoa Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika ausart bat garatzeko baliabideak ezartzea. Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontuaren inguruan hartu diren erabakiek ez gaituzte asetzen. Eta argi diogu: bataila ez da bukatu. EEPk berak helburu gisa finkatu 2050erako hiztun kopurua %30era heltzeko. Hori lorgarri egiteko baliabideak ezartzera bultzatu beharko ditugu ondoko hilabeteetan.
Azkenik, Euskal Konfederazioa Batera plataformaren partaide da, eta Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalean jauzi berri bat egitearen alde lanean ari da. Jauzi horrek bermatu beharko luke euskararen aldeko hizkuntza politika anbiziotsu bat, eta Ipar Euskal Herriko lurraldeari euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko lituzkeen estatus juridiko bat.
