Ikasleen Jaiko beste kronika bat

Ikasleen eguneko kronika

Joan den abenduaren 2an Bizkaia aretoan antolatutako bakarrizketa bat ikustera gonbidatu gintuzten Bilboko AEK-ko ikasleen eguna zela eta.

Hasieratik primerako ideia iruditu zitzaidan. Betidanik izan ditut bakarrizketak gustuko, eta gainera, nire kasuan euskarazko bat ikusten lehen aldia izango zen!

Nire lehen sorpresa ona umorista emakume bat izatea izan zen. Badakigu gizonezkoak baino gutxiago direla bakarrizketak egiten dituzten emakumeak, eta are gutxiago hauek euskaraz egiten dituztenak.

Aretora sartu eta besaulkietan eseri ginen banaka, distantzia soziala mantenduz. Ez nekien zeri buruz arituko zen bakarrizketan, eta Euskaraldiari buruz berbetan hasi egin zenean “A ze gaia aukeratu duen!” esan nion neure buruari. Gai arriskutsua zela pentsatu nuen, euskarari buruz ordu betez aritzea ausartegia iruditzen zitzaidan hasieran… Baina geroago, momentu hartarako gai paregabea zela iruditu zitzaidan: Euskaraldian murgilduta, denok gure txapak solapetan, belarri-prest eta aho-bizi rolei buruzko hausnarketa komiko bati ekin zion. Kontatzen zituen egoera zoro eta txiste abarrekin ikasleok gure burua identifikatzen genuen, eta horrela lortu zuen publikoarekin konektatzea ia hasieratik.

Bakarrizketei merezimendua aitortu behar zaie, are gehiago 2020ko egoera kontuan hartuta. Alde batetik, ikusleen arteko distantziak eta interakzio eza tokia hotzago bihurtzen duelako. Beste alde batetik, publiko osoa musukoarekin ikusteak eta irribarrerik antzeman ezinak zailtzen du artisten lana. Egia esanda, nahiz eta hasieran aretoko atmosfera hotza izan, umoristak laster berotu egin zuen giroa, eta amaitzean merezitako txalo zaparrada batekin agurtu genuen.

Denok animatu behar gara gehiagotan ekitaldi hauetan parte hartzera, batez ere urte arraro xamar honetan. Sasoi gogorra izaten ari da sektore askorentzat, bereziki kultura eta arte eszenikoetan dabiltzanentzat. Aurtengo jaiak berriro batu gaitu, eta aldi berean, kulturaren aldeko apostua izan da. Agian hurrengo edizioan bukatu dezakegu eguna pote batzuk hartzen, hori baita aurten falta izan zaigun pastelaren “ginda”!

Egilea: Erdoitza Diez (12. taldea, C1 17:00-19:00)

Bilboko Ikasleen jaia: Bea Egizabalen bakarrizketa

Abenduaren 2an Bilboko ikasleen jaia izan zen. Hori dela eta, EHUko Bizkaia aretoan bakarrizketa bat ikustera joan ginen eta horri buruzko iritzia eman nahi dugu.

Bakarrizketariaren izena Beatriz Egizabal da eta berari esker Euskaraldia zer den argiago dugu; belarriprest eta ahobiziren rolak zeintzuk diren azaldu zituen modu dibertigarri bezain didaktikoan. Identifikatuta sentitu ginen eta oso ondo pasatu genuen. Merezi izan du ikustea!

Hurrengo Euskaraldian gogo gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan!

Egileak: 9. taldea (B1 hasiera, 17:00-19:00)

Publicado en:

Zinema kritika: «Hil kanpaiak» (Euskal Herria, 2020)

Zuzendaria: Imanol Rayo / Gidoia: Joanes Urkixo / Aktoreak: Itziar Ituño, Eneko Sagardoi, Yon Gonzalez, Asier Hernandez, Iñigo Aranburu…

Ezaugarriak: Estreinaldia aretoetan urriaren 16an izan zen eta pelikula osoa euskaraz filmatuta dago. ABRA produkzioek egin dute ekoizpen arrakastatsua EITBren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.

Istorioa: Garizmendi baserriaren alboan eskeleto bat lurperatuta agertzen da. Baserritarrek, Fermin Araia eta Karmen, Nestor semeari laguntza eskatzeko deitzen diote. Honek Ertzaintzari deitzen dio baina hauek heldu baino lehen, eskeletoa eta Fermin desagertzen dira. Hortik aurrera, poliki-poliki, baserritarren historia kontatuko digute: Nestorren bikiaren hilketa, familiaren sufrimendua, haien bizitza…

Onena: Paisaia zoragarrietan kokatuta, arreta handia ipini dute xehetasunetan eta argazkigintza oso ondo eginda dago. Aktoreek ere lan ederra egiten dute. Musika egokia da eta eszenek, nahi dutenean, ikuslea tentsioan jartzea lortzen dute.

Txarrena: Film osoan zehar dauden denbora-saltoak ez dira argiak eta erritmoa pixka bat motela da. Pertsonaiei buruzko informazioa falta da; hori dela eta, haiekin lotzea kostatzen da.

Gomendioa: Thrillerra gustatzen bazaizue, film hau ikusi beharko duzue argumentua ona delako. Pertsonaien artean dauden arazoei esker pelikula osoan zehar pentsatzen egongo zarete.

Egileak: 10. taldea (B2B1 hasiera, 17:00-19:00)