Amikuzeko animazio taldearen ateraldia

Pasa den martxoaren 29an, Amikuzeko AEKko talde batek aurtengo lehen ateraldia egin genuen. Hamar bat izan ginen orotara. Ibarlako makilen tailerra bisitatzera joan ginen. Harispuru anaiena, hain zuzen ere.

Harrera beroa egin ziguten eta gero, makilen fabrikazioa erakutsi ziguten enborretik makila bukatu arte. Azalpenak oso ulergarriak izan ziren, euskaraz zein frantsesez ere. Jabeek pazientzia handiarekin erantzun zieten gure galderei behin eta berriro.

Bisita bukatzeko, opari bat eskaini genien bi anaiei eta taldeko argazki batzuk egin genituen beren etxearen aitzinean. Gustura itzuliko ginateke!

Indarrak berreskuratzeko Larzabaleko Espelletenia ostatura joan ginen. Elkarrekin partekatzeko momentu bat izan zen eta, nola ez, Jojok bere errepertorioko kantu batzuk kantatu zizkigun.

Arratsaldean, Larzabalen kokatua den hilarrien interpretazio zentrora joan ginen.

Bete-beteko egun honi agur esateko, Donapaleuko Ganbeta ostatura, gure bigarren gau eskolara, joan ginen zerbait edatera.

Datorren ateraldia Pasaiako Albaola itsasontzi faktoriara izanen da maiatzaren 29an. Ea animatzen zareten gurekin etortzera, klasean ikasi duzuena praktikan jartzera!

Amikuzeko gau eskola, B1 – B2 taldea

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude