
Joan den agorrilean ikastaldi ederra iragan genuen Kanbon. 100 ikasle inguru elkartu ziren, 11 irakaslerekin batera, euskara ikasten hasteko edo euskara hobetzen segitzeko.
B2 eta C1 mailetako taldeek elkarlan emankorra egin zuten: batzuek aste batez, besteek bi astez. Lehen astean, Kanboko bisita gidatua egin genuen: ikasleak binaka edo hirunaka taldekaturik, talde bakoitzak herriko puntu interesgarri bat aurkeztu zuen: Kanbo herriaren historia, Puyodebat txokolategia, Kanboko arta etxeak eta AIEC animazio zentroa, San Laurendi eliza, Chiquito de Cambo karrika, Behereko Kanbo eta Xerri karrika, Mixel Labéguerie…
Elkar entzunez, elkarri euskara emanez, gauza interesgarri anitz ikasi genuen denek, baita Kanbo herriaren ezagutza sakonagoa egin ere.
Bigarren astean, bisita gidatuko testu batzuk kazeta batean bildu genituen. Baionan apirilean abiatu zuten IKAS(TALO) kazetari segida emanez, IKAS(TALO) 2 osatu genuen. Milesker parte hartzaile guztiei, segi dezagun euskara hobetzen eta euskara elkarri ematen!