
JOANES ZIRTZIL
edo Maider neska batentzat
Mutiko bat lurrean jarria, zikin-zikina, zapeta bat zangotik kendu eta mahain gainean ezartzen du. Liburu bat urratzen eta berriz urratzen du… Sartzen da emazte apain bat.
ANDEREA: Hela! Ba ote da nehor etxe huntan? Egun on, haurra. Nola duzu izena?
JOANES: Ez da zure egitekoa!
ANDEREA: Aha! Eta.. zer ari zira hor, lurrean jarririk?
JOANES (Zapetarekin lurra joiten duela): Arriola, marriola, truntxo, muntxo…
ANDEREA: Ez duzu erantzun nahi? Ez…? Ontsa da. Bainan nik, badakit nor ziren. Zure izena ere ezagutzen dut. Auzoan erran didate: «zoazi hantxeko etxe hartarat, eta han, aurkituko duzu mutiko ttipi bat hain zikina, nun Joanes Zirtzil emana baitiote izena». Zu ikusi-eta, segur naiz Joanes Zirtzil zu zirela.
JOANES: Nik ez dut Joanes Zirtzil izena!
ANDEREA: Nik berriz uste dut baietz. Izena ontsa emana dizute. Ni, Amaia naiz. Etxez etxe ibiltzen naiz haurren ikusten. Prestuak eta garbiak sariztatzen ditut. Zikinak eta alferrak, aldiz, gaztigatzen.
JOANES: (Mihia tiratuz) Horra zuretako!
AMAIA: Itsusi bat zira… Manera hunek ez du hola irauten ahal. Banoa ur eta xaboin xerka garbitasun puxka baten egiteko.
JOANES: Amaia, debruaren arreba debrusa, zoazi kanporat.
AMAIA: Ez naiz jostagura… Ekarriko dut ere makila mehe bat zure zangosagarren berotzeko. Ni etorri artean, anaiarekin josta zaite.
JOANES: Nik ez dut anaiarik, eta ez nahi ere.
AMAIA: Zure anaia ez duzu ezagutzen, bainan zaude gostuan, harek ezagutuko zaitu. Ixtant artio…
JOANES: Amaia, sorgin beltza, zoazi kanporat. (Amaia ateratzen da).
JOANES (Zapetarekin lurra joz): Errota, kafira, zoazi kanporat…
(sartzen da urxintx bat, buztan flokatua airean).
URXINTXA: Egun on, Joanes Zirtzil. Baratzerat etorria niz intxaur batzuen biltzerat.
JOANES: Nor zira zu?
URXINTXA: Ikusten duzu, zuhaitzez-zuhaitz jauzika dabilen urxintx bat.
URXINTXA: Ez baituzu kasurik egiten. Hor ibiltzen naiz egun guzia jauzika, zuen etxondoko oihanean.
JOANES: Nik ere maite nuke, zuhaitzez-zuhaitz jauzika ibiltzea. Zu ote zira ene anaia?
URXINTXA: Zure anaia, ni? Zernahi! Ez duzu ikusten ene larruaren garbia? Ez nuke, segur, zure anaia izan nahi. (Ateratzen da).
JOANES: Urxintx ergel buztan harroa, zoazi debruetarat!
(sartzen da xori bat).
XORIA: Egun on Joanes Zirtzil.
JOANES: Egun on xori pika buztana…
XORIA: Zer ari zira, lurrean jarririk?
JOANES: Anaiaren beha nago.
XORIA: Anaia baduzu? Hegalka nabilelarik zuen etxe inguruan ez dut sekula ikusi… Anai bat baduzu… Ez nakien batere…
JOANES: Nik ere ez nakien. Bainan Amaiak erran dit etorriko dela enekin jostatzerat. Ez zira zu, bederen, ene anaia?
XORIA: Ni, zure anaia? Ez, egiazki. Baratze guzia miatu eta ere ez duzu ni baino garbiagorik atxemanen. Goizetik hunat, mokoarekin ene luma lisa eta lisa ari naiz. Zure anaia, ni? Zer duzu buruan? (ateratzen da).
JOANES: Xori moko mirua, zoazi kanporat! (sartzen da gatu bat).
GATUA: Agur, Joanes Zirtzil…
JOANES (kantuz): Ene gatua pitzitzi, da dena ile ta zitzi…
GATUA: Ongi badakizu besteez trufa egiten…
JOANES. Anaia etorri artean, zato enekin jostatzerat…
GATUA: Zure anaia? Nungo anaia?
JOANES: Ez dakit nik ere. Beharbada zu zira ene anaia?
GATUA: Nola? Ni zure anaia naizen? Baduzu burutik? Goizetik hunat ene larruari milika eta milika ari naiz. Ez duzu ikusten ene garbia? So egizu zure buruari. Pff! zikina! ez nuke, segur, zu bezalako anaiarik nahi (ateratzen da).
JOANES: Gatu maltzur buztan luzea, zoazi kanporat! (Sartzen da xerri bat erranez): Agur, anaia! Zer diozu?
JOANES: Zu, zaude ixilik. Ez zira ene anaia.
XERRIA: Nola, ez nizala zure anai? Ba jauna, ni zure anaia naiz.
JOANES: Zoazi zalu-zalua hemendik kanporat.
XERRIA: Zurekin jostatzerat etorria naiz…
JOANES: Ez zira ene anaia eta ez dut zurekin jostatu nahi…
XERRIA: Ez ene anaia, zu?… Familia ontsa ezagutzen dut! So egizu zure buruari, zure arroperi. Zato enekin… Biak bainatuko gira etxondoko putzuan. Gero, ongarrian plisti-plasta ibiliko gira.
JOANES (Zapetarekin lurra joz, nigarrez): Ni ez naiz zure anaia eta ez dut ongarria maite!
XERRIA: Ta, ta, ta. Zaude ixilik… Aski da zuri so egitea. Aspaldi ez dut holako anai pollitik ezagutu. Ale, zato… Jostatu ondoan, ukanen dugu apairu on bat: ontzi bete hondarkin.
JOANES (Nigarrez): Zoazi hemendik! Ez dut hondarkina maite nik.
(Amaia sartzen da).
AMAIA: Zer pasatzen da hemen? Joanes nigarrez? Nor ikusten dut hemen? Xerri bat! Hauxe da manera!
XERRIA: Anaiaren ikusterat etorria niz…
AMAIA: Zure anaia? Anaia baituzu hemen, zuk?
XERRIA: Ba, Joanes Zirtzil…
JOANES: Ez da egia! Ni ez naiz xerria!
AMAIA: Xerriak egia dio, Joanes Zirtzil. Zuri dago hautatzea: edo xerriaren lagun egon, edo mutiko garbi eta prunt bat bilakatu.
JOANES: Hitzemaiten dizut hemendik goiti garbiki egonen naizela. Ez dut xerriaren iduria izan nahi.
AMAIA: Behingotz sinetsiko zaitut. Bainan, kasu… zure hitzaren jabe agertu behar duzu.
JOANES: Zuk nahi dituzun guziak eginen ditut…
XERRIA: Holakorik oraino… Ez duzu enekin etorri nahi? (ateratzen da erranez). Hobe, segurki. Hola, ur zikin gehiago izanen da enetako.
(Marijane Minaberri, “Haur antzerki”, 1983; Egokitua)
Jatorrizko testua irakurtzeko, egizu klik HEMEN
Azkaingo Gau Eskolako A2.2 taldeak egina:
JOANES: Pakita
AMAIA: Christine
URXINTXA: Brigitte
XORIA: Annie
GATUA: Marisol
XERRIA: Joëlle
NARRATZAILEA: Michel
SOINU EFEKTUAK: Muriel
LAGUNTZAILEA: Isabelle
ZUZENDARIA: Ion
MUSIKA: Oskorriren “Marijane kanta zan” (1997) diskotik “Pin Pan Pin” eta “Marijane kanta zan”. Entzun ezazu Badok.eus webgunean