Emazte-gizon arteko berdintasuna

Asko hitz egiten dugu emazte eta gizonen arteko berdintasunaz, baina zehazki zer da?

Lehenik, garrantzitsua da definizio baten ematea. Europako Kontseiluaren aburuz, emazte eta gizonen arteko berdintasuna da: “bi sexuen ikusgarritasun, autonomia, ardura eta parte hartze berdina bizi publiko eta pribatuko arlo guzietan”.

“Bi sexuen arteko berdintasunak suposatzen du emazteak eta gizonak berdin tratatuak izan behar direla, diskriminaziorik gabe”. Hau da Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren helburua. Orduan, berdintasun horri dagokionez, zertan gira?

Badakizue? Generoa da munduko ezberdintasun faktore handiena. Estatistiken zenbakiek hori ongi erakusten dute. Hona hemen adibide zonbait, horretaz ohartzeko (iturria: OXFAM):

– “Gizonek baino %28,5 gutiago irabazten dute emazteek”

– “Komunikabideetan galdekatuak diren adituen %19 baizik ez dira emazteak”

– “Estimatzen da 15 urtez gorako emazteen %30ek, behin bederen, bortizkeria fisiko edo / eta sexualak jasan dituztela”.

Nola apalarazi ezberdintasun hauek?

Ekintza konkretuak badira eta gomendioak garatzen dira politika publiko, elkarte feminista eta Gobernuz Kanpoko Erakundeei (GKE) esker. Baina guk ere, bakoitzak, zerbait egiten ahal dugu, egunero, banaka edo kolektiboki, pentsamoldeak eta jokaerak aldatzeko. Gure lanean, gure bizitza pertsonalean eta familian eragin dezakegu. Bereziki garrantzitsua da gazteen heziketa, ttipitatik pentsamolde eta ohiturak eraikitzen baitira.

Garrantzitsua da ere berdintasunaren alde egiten duten eragile eta elkarteak sustengatzea. Horren kari, zorionak ematen ahal dizkiogu Lurramari, aurten [2024an] emazte laborariak ohoretan ezarri baititu. “Emazte laborariak argitan!” proposatuz gai gisa. Hiru egunez, gaiari buruz anitz gauza antolatuak izan ziren.

Emazte askok (laborari, laborantza munduko ekintzaile, idazle…) mintzaldietan parte hartu zuten, Euskal Herriko eta munduko emazte laborarien munduaz mintzatzeko. Emazte laborarien eskubideen historia ikusten ahal zen eta genero estereotipoen deseraikitze tailerrak ere proposatuak izan zitzaizkien laborantza lizeoetako ikasleei.

S.P., Baionako AEKko ikaslea

[2024ko otsailaren lehenean, Herria aldizkarian argitaratua]

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude