Gune berria eratu da Donostian AEK-ko kide eta B2 mailatik gorako ikasle irakurzaleentzat. Bertan izena ematen dutenek sei liburu irakurri eta lantzeko aukera izango dute, ikasturte osoan. Bakarka irakurri ostean, solasaldi komunak egiten dira.
Orain arte hiru saio egin dituzte, eta honako liburu hauek irakurri dituzte: Aitaren etxea (Karmele Jaio), azaroan; Hariak (Yoseba Peña), urtarrilean; eta Amek ez dute (Katixa Agirre), otsailean.
Orain, esku artean, Uxue Alberdiren Jenis Joplin daukate. Martxoaren 27an elkartuko dira euskaltegian liburuaren inguruan hitz egiteko eta iritziak trukatzeko.
Deklaratzekorik ez (Beñat Sarasola), maiatzaren 22an; eta Muskuiluak afaltzeko (Birgit Vanderbeke), ekainaren 12an landuko dituzte.
Xabier Etxaniz AEK-ko irakasle, idazle eta Irakurle Klubaeko sortzaileetako batek esan bezala, “Irakurle taldean oso giro ona sortu dugu orain arte hiru saioetan, adin guztietako parte hartzaileek -gazteenak 26 urte eta zaharrenak 70 urteren bueltan- literaturarekin gozatzeaz gain, ondo landuta ekartzen dute liburua, apunteak eta guzti!”
Taldea irekia da AEKideentzat (ikasle zein irakasleentzat). Baldintza bakarra liburua aldez aurretik irakurtzea da. Izen-ematea dohainik da, eta Donostiako euskaltegietan egin behar da.