Orrialde hau inprimatu

“Batuz Aldatu” itunaren sinatzaileen batzarrean hartu du parte AEKk

Elementu hau baloratu
(0 boto)
Print Friendly, PDF & Email

Miramongo teknologia parkean elkartu dira gaur, irailak 26, “Batuz Aldatu” itunaren sinatzaileak, Euskararen biziberritzeko itun soziopolitiko berri baten edukiak zehazteko lanean diharduen lan-taldea.

Euskalgintzaren Kontseiluak dinamizatua, Batuz Aldatu adostasun sozialaren talde eragileak urtebeteko elkarrizketa prozesuaren ondoren garatu duen proposamena aurkeztuko du: itun soziopolitiko berrirako eskaintza. Bi izan dira dinamikaren norabide nagusiak hasieratik; ezagutzaren unibertsalizazioa alde batetik, eta euskara «normal eta eroso» erabiltzeko baldintzak jartzea bestetik. Oraingoan, itun soziopolitiko berriaren oinarriak zehaztu dira, eta horietan oinarrituko dira etorkizun hurbileko elkarrizketak.

Batzarrean AEKren hainbat ordezkarik hartu dute parte, besteak beste: Aize Otaño Lizarralde, Maialen Begiristain Grado eta Xabi Gartzia Castell (AEKren Nazio Kontseilutik), Ane Elordi Alburquerque (Korrika), Olaia Murua Zuazubiskar (Gipuzkoako koordinatzailea), Sebastien Castet (Azkaingo AEK Gau Eskolako kidea) eta Eider Gogorza Ulacia eta Aitziber Akerreta Hernandez (Donostiako AEKko kideak). Halaber, Xabi Gartzia Nafarroako artezkariak hartu du hitza Batzarrean, sinatzaileen talde eragileko kide den AEKren izenean.

Dagoeneko, Euskal Herriko hainbat arlotako 113 eragilek egin dute bat Batuz Aldatu prozesuarekin. Talde eragileko kideak hauek dira: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Bizipoza Bilgunea, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Euskaltzaleen Topagunea (Taupa Mugimendua), Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa.

Egin klik hemen “Batuz Aldatu” itun soziopolitiko berrirako eskaintza dokumentua deskargatzeko. 

Konpromisoak eta atxikimendu berriak
Itunari atxikimendua eman nahi dioten eragileek www.kontseilua.eushelbidean sinatu ahal izango dute dokumentua, euskararen aldeko konpromisoak hartuz. Hemen: kontseilua.eus/batuzaldatu

batuz aldatu

Irakurri 384 aldiz Azken aldaketak Ostirala, 26 September 2025 10:27
Osteguna, 25 September 2025 09:21