Orrialde hau inprimatu

Euskara ardatz hartuko duen etorkizun berdinzalearen alde, ‘Geroa euskaratik’ kanpaina abian jarri du Kontseiluak

Elementu hau baloratu
(0 boto)
Print Friendly, PDF & Email

Etorkizunera begira erabakiak hartzeko unea da. Covid-19ak sortutako krisiak agerian utzi baitu gizarte honen hainbat hutsune, euskalgintzan nahiz bestelako gizarte esparruetan; herritarren arteko desberdinkeria eta zaurgarrienekiko bazterketa begi bistakoa izan baita. Normalitatea deitu izan duten hori ez zelako denona. Hizkuntza eskubideen etengabeko urraketek agerian utzi dute hori, esaterako. Horregatik, normalitate berri baterantz jotzeko abagunea dugu orain, elkartasunetik eta gizarteko talde desberdinen begirunetik. Baita hizkuntza auziei dagokionez ere.

Egoera horri erantzuteko, Kontseiluak martxan jarri du ‘Geroa euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz’ kanpaina. Euskararen normalizazioak bestelako gizarte normalizazio bat bultzatu dezakeela ziur baita Kontseilua: eskubide guztiekiko begirunea, gizarte kohesioa, gertutasuna eta konpromiso kolektiboa oinarri duena. Horregatik, Kontseiluko bazkideak bat hartuta datoz mezu hau helarazteko. Hau da, euskara ardatz duen gizarte bat, gizarte berdinzale eta demokratikoago bat izango dela adierazteko; inoiz baino beharrezkoagoa duguna. Era berean, herritar nahiz bestelako eragileei ere dei egiten die Kontseiluak kanpaina honetan parte hartu dezaten. Norbere esparru eta esperientziatik, geroa euskaratik zergatik eraiki behar den azaltzeko aukera eskainiko die.

Eman zurea: Zergatik geroa euskaratik?

Herritarren eta eragileen ahotsa entzutea inoiz baino garrantzitsuagoa da horregatik. Denoi leku egin nahi die kanpainak, eta herritar, eragile nahiz bestelako norbanako zein taldeei galdera honi erantzuteko gonbita luzatu nahi die: Zergatik geroa euskaratik?

Kontseiluko bazkideak (Elhuyar, Topagunea, EHE, Ikastolen Elkartea, Sortzen, EHIGE, UEU, Bertsozale elkartea, Emun, Elkar, Jakin, Osasungintza Euskalduntzeko Erakundea, AEK, IKA, Berria…) izango dira galderari erantzuten lehenak. Herritarrei eta bestelako erakundeei -euskalgintzakoak nahiz bestelakoak- ere galdera horri (Zergatik geroa euskaratik? galderari) erantzun eta bideo bidez nahiz idatziz sare sozialetan partekatzeko gonbita luzatu nahi die Kontseiluak. Azkenik, Euskara ere normalitaterantz? mahai-ingurua antolatuko dute Berriak, Martin Ugalde Foroak eta Kontseiluak datorren ekainaren 4an, Martin Ugalde Kultur Foroan.

#geroaeuskaratik

Irakurri 3905 aldiz Azken aldaketak Azteazkena, 25 November 2020 18:50
Ostirala, 22 May 2020 07:29