Beste AEKren Blogak gune bat besterik ez

Martxoaren 29an izango da Esaera Zaharren Txapelketa, Sopelan

Aurreko asteetan komentatu genizuen moduan, Sopelako Esaera Zaharren Txapelketaren XXI. edizioa gerturatzen ari zaigu. Bertsoak eta atsotitzak elkartzea eta euskaraz primeran pasatzea da ekitaldiaren xedea. Lehiaketan taldeka – 2, 3 edo 4 lagunek osatutako taldea- hartzen da parte eta izena eman behar da martxoaren 24a baino lehen.

Partehartzaileek bertsoak entzun eta esaera zaharrekin identifikatu beharko dituzte. Esaera zahar horien zerrenda (100 esaera) eta azalpenak AEKren webgunean aurkituko dituzue, parte hartzeko asmoa dutenek ikasteko eta “entrenatzeko” aukera izan dezaten.

Txapelketak bi saio ditu. Goizean, 11:00etatik aurrera, parte-hartzaileak multzoka banatu eta nor bere ibilbideari lotuko zaio, tabernaz taberna, musika-giroan. Zeregina izango dute ALBEko kideen bertso idatziak entzun eta, bakoitzaren azpian gordetzen den esaera zaharra zein ote den erabakita, atsotitza asmatzea eta zuzen esatea. Horrela, multzoetatik talde bana sailkatuko da final-erdirako. Puntu gehien eskuratutakoa, hain zuzen.

Ondoren, 15:00ak aldera, herri-bazkaria izango da, Ander Deuna ikastolan. Bazkalostean, berriz, final-erdiak eta finala jokatuko dira, ia-ia goizeko modu berean. Izan ere, oraingoan bat-bateko bertsoak adituko dituzte taldeek, Maddi Sarasua eta Eneritz Zabaleta bertsolarien ahoetatik.

Sariak: asteburua landetxe batean irabazleentzat eta 4 pertsonarentzako afariak finaleko taldeentzat. 100 esaera horietatik berariaz egun horretarako sortua dena asmatzen duenak ere sari berezia jasoko du (99 zaharrak dira, bilduma, liburu, aldizkari edo web-orrietatik aukeratuak; bestea, ostera, berria da).

Informazioa eta izen emateak: telefonoz (618.57.44.45 / 695.77.40.15) edo posta elektronikoz (jose-p@aek.org / aitor-f@aek.org ). Inskripzioak 10 euro balio du taldeko eta bazkariak 20 euro pertsonako.

Leave a comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *