
Nire amatxi, nire aitaren ama, XIX. mende bukaeran, 1893an sortu zen Arrosan, etxalde tipi batean. Eskolan ikastea biziki gustatzen zitzaion, baina hamalau urterekin certificat d’études diploma lortu eta gero, ez zuen eskolarat joaten segitu ahal izan, bere familia ez zelako aberatsa. Posible izan balitz, nire amatxiri eskolan ikasten segitzea gustatuko zitzaiokeen.
Bere gurasoen etxaldean lan egin behar zuen. Gaztea zelarik, garaia biziki zaila zen, lehen gerlaren hasieratik goiti. Bere anaiak etxetik abiatu ziren gerla egiteko. Emazteentzat, lan anitz bazen gizonak ordezkatzeko eta etxaldeko lanez eta ardurez jabetzeko.
Gerlaren bukaeran, gizon anitz hil ziren. Haien artean, zoritzarrez, nire amatxiren nebetako bat. Gerla aitzin, neba honek neska-laguna bazuen. Nire birramatxik eta birraitatxik gerlan hil zen semearen neska-laguna seme gazteenarekin ezkontzera behartu zuten. Aitzin, familietan gauzak horrela gertatzen ahal ziren, baina orain ez litzaiguke batere komeniko.
Garai zail honetan, nire amatxik xantza bazuen. Errobi ibaiaren ertzean, herrietan autorik ez zenez, Baiona-Garazi trenak balio handia zuen, lanerako eta familien harremanetarako. Les chemins de fer français lantegiak langileak xerkatzen zituen, eta nire amatxi, bere diplomei esker, lantegi honetan sartu ahal izan zen. Bistan dena, biziki pozik zen soldata eta autonomia irabazi zituelako. Luhusoko geltoki tipian lan bizitza egiten zuen, eta lan hori gustatzen zitzaion. Lanari esker, trenez urririk bidaiatzen ahal zuen. Orduan, usu, Miarritzen bizi zen Kattalin ahizparen ikusterat joaten zen, baita nire aita izanen zen semearen ikusterat ere. Honek, Miarritzeko kolegioan ikasten zuen, eta bere ttanttaren, beraz, nire amatxiren ahizparen etxean bizi zen.

Nire aitatxi, bere senarra, gerla bukatu eta gero topatu zuen. Hau gaztea zelarik, artzaina zen Artzamendi mendian. Gerlaren erruz, eritu eta zauritu egin zen. Chemins de fer français lantegian sartu ahal izan zen, nire amatxi bezala. Horrela, biek lan egin zuten Luhuson, amatxi zen geltokian. Aitatxik trenbideak garbitzen zituen.
Bigarren gerlan, nire aitatxi Luhuson geratu zen, gerla egiteko sobera zaharra zelako. Garai hau zaila izan zen, gerla guztietan bezala. Nire aitatxi, amatxi, aita eta ttantta beldur ziren. Gau batean, hogei urterekin, nire aitaren anaiak, Jean-ek, ihes egin zuen ez zuelako Alemaniarat joan nahi langile bezala. Orduan, lagun batekin, gauez Itsasun muga pasatu zuen, baina Francoren poliziak harrapatu zituen eta Mirandako presondegian sartu.
Hala ere, handik ateratzea lortu zuten Erresuma Batuko eta AEBko gobernuei esker: presondegian, ene ottoren ordez gari-poltsak ezarri zituzten, eta honela engainatu zituzten presondegiko zaindariak. Segidan, nire ottok Londreserat heltzea lortu zuen. De Gaulleren armadan sartu zen eta bonbardaketari formakuntza segitu zuen gerlaren bukaera arte. Irratiz bere familiari mezu bat transmititzea lortu zuen, libre zela errateko. Baina nire amatxi eta aitatxi beti beldur ziren, herriko norbaitek salatzen ahal zituelako, ihes egin zuen haien semea zela-eta.

Nire aitatxi gutxi ezagutu nuen, hiru urte nituenean hil zelako. Nire amatxik inportantzia handia ukan zuen nire bizitzan, ttipitan eta gaztetan, 1985ean hil zelako, hogeita lau urte nituenean. Nire amatxi faltan botatzen dut, bere bizitzari eta garaiari buruz galdera anitz ditudalako. Irudimena eta nire Arrosako kusiarekin hitz egitea geratzen zaizkit.
Pantxika
(Testu hau HERRIA aldizkarian argitaratu zen, “Haziak loratzen” atalean, 2025eko urtarrilean)