Nire lehen aldia Durangon

Pasa den ostiralean egiten dudan formakuntzari esker Durangoko azokara joan ginen eguna pasatzera eta ekitaldi hori deskubritzera. Euskara ikasten hasi nintzenez geroztik gauza anitz entzun nuen azoka horri buruz eta hara joateko jakin-mina nuen. 

Goizean, esnatu bezain laster nire etxetik atera nintzen, berantean bainintzen. Izan ere, Xabier eta Mireiarekin hitzordua banuen 8.30ean eta justu 15 minutu lehenago iratzarri nintzen. Zorionez, berant iratzartzeko ohitura dudanez, azkarra naiz eta hitzordu lekura iritsi bezain fite abiatu ginen Sutarrera autobusa hartzera.

Sutarren aparkatu ondoren beste ikaskide eta irakasleekin elkartu ginen eta autobusa heldu zelarik denak igo ginen. Autobusean egon bitartean joan den astean prestatu genuen kantua abestu genuen. Irakasleek antolatu zuten txapelketa bat eta ikasle talde bakoitzak kantatu behar zuen Euskal Herriko kantu bat. Beraz, guk kantatu eta gero beste bi taldeen momentua izan zen eta orain arte ez dakigu nork irabazi zuen txapelketa, baina tarte oso goxoa izan zen. 

Durangora iritsi eta berehala azokara joan ginen, baina sartu baino lehen autoz etorri ziren ikasleak itxaron genituen. Yohann eta Imanol heldu zirenean joko ttipi bat elkarrekin egin genuen pertsonekin mintzatzeko eta giroa ezagutzeko. 

Bazkaldu aurretik trago bat hartu genuen Durangoko ostatu batean, baina gose ginenez, garagardoa bukatutakoan jateko leku bat xerkatzen hasi ginen. Nik ogitartekoak egiten zituzten jatetxe bat ikusi berritan aukeratu nuen bokata tortillarekin joatea. 

Arratsaldea baliatu nuen opari batzuk erosteko. Nire familiarentzat opariak egin eta gero aurkitu nuen liburu ttipi bat niretzat, horrela jarrai dezaket euskara ikasten halaber. 

Ondoren, ostatura joan nintzen kafe bat hartzera, eta oraindik denbora genuenez, Gin tonik bat hartu nuen beste ikaskideekin. Bigarrena eskatutakoan irakasleek erran ziguten tenorea zela itzultzeko, beraz ahal bezain fite bukatu genituen gure konbinatuak. 

Nahiz eta egun luzea izan zen, Baionara itzuli nintzenean oso pozik nintzen eta hemendik goiti urtero Durangora itzultzea espero dut.

Giorgio (6H)

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude