Gaur, abenduak 5, Azokako Areto Nagusian egindako aurkezpenean, AIZU! aldizkari eraberritua erakutsi dute jendaurrean AIZU! eta AEKko kideek, berrikuntzak nola baliatu modu praktikoan azalduta
Maialen Begiristain, AEKko Nazio Kontseiluko kideak; Eñaut Mitxelena, AIZU!ko koordinatzaileak; Maialen Otegi, AEKko Irakaskuntza Zerbitzuko arduradunak; eta Estitxu Nieva, AEKko Didaktika Saileko kide eta AIZU!ko ariketen egileak parte hartu dute ekitaldian. Azken horrek bertatik bertara aletu ditu aldizkariko berrikuntza nagusiak, batez ere, euskara ikasleek erabil ditzaketen baliabideak aldizkaria modu praktikoan baliatzeko: testu mailakatuak, aldizkariko edukietan oinarritutako online ariketak eta ikasleentzako eta irakasleentzako gida praktikoak.
Bertaratu direnek Areto Nagusiko pantaila handian ikusi ahal izan dituzte berrikuntza eta baliabide horiek guztiak, esku artean aldizkariaren azken zenbakia, 502.a, zutela. Aldizkariko koordinatzaile Eñaut Mitxelenak azpimarratu duenez, hedabide izaerari eutsita, tresna erabilgarriagoa bihurtu da aldizkaria: “Euskaltzaindiaren baimenarekin, lizentzia hartuta: hedabideago eta tresnago bihurtu dugu”.
Jarraian Maialen Otegik hartu du hitza, eta gogorarazi du euskara eroso bizitzea dela AEKren helburua: “Horretarako, ikasleei begirako hiru helburu ditugu. Batetik, euskaraz eroso bizitzeko gaitasuna eskuratzea; bestetik, ikasteko autonomia garatzea; eta, azkenik, normalizazioan eragitea. AIZU!k bete-betean erantzuten die helburu horiei”. Izan ere, Otegik nabarmendu duenez, euskaraz eta ikasleei begira sortutako aldizkari batek normalizazioan eragin handia du. Bere hitzetan, “kultur ekosistema bat erakusten die askori, mundu guztiz ezezagun bat. Euskal kulturarako leihoa da irakurle askorentzat, lehen aldiz zabaltzen zaien leihoa”.
Era berean, hedabideen estrategikotasuna ekarri du gogora, AIZU!ren ekarpena goraipatuta: “Hartzaile berriak hezten ditu, eta erabiltzaileak bultzatzen ditu euskarazko hedabide gehiago ezagutu eta kontsumitzera. AIZU! irakurri eta erabiltzeak beste hedabideetarako zubia eraikitzen die euskara ikasleei”.
Hain zuzen ere, Maialen Begiristain, ekitaldiaren hasieran, hedabideen garrantziaz mintzatu da: “Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan aurrera egiteko, euskarazko hedabideak euskal kulturaren erakusleiho izan beharko dira. Eginkizun hori bermatzeko baliabide eta tresnak eskura izan beharko dituzte. Azken batean, hedabideak tresna estrategikoak direlako kulturaren transmisiorako, euskararen ezagutzan sakontzeko eta euskararen erabilera orokorrerako”. Horrela, AEKk AIZU! aldizkariaren aldeko apustu sendoa egin duela berretsi du: “Zalantzarik ez dugu zein ekarpen egiten duen euskararen normalizazioan eta biziberritzean”.
Data eta lekuaren hautaketa ez da hutsala izan. Izan ere, AIZU! aldizkariaren 0 zenbakia Durangoko Azokan aurkeztu zen, 1981ean. Ibilbide luze honetan 501 zenbaki argitaratuta helduko da aurtengo ediziora, orduko xedea inoiz ahaztu gabe: euskalduntze prozesuan bidelagun izatea euskara ikasten dabilen ororentzat. Beste jauzi bat emango du orain: paperezko aldizkariak formatua eta itxura aldatzeaz gain, irakurleek eta euskara irakasleek eskuragarri izango dituzte AEKko didaktikariek prestatutako atazak eta lanketak.
Berrikuntzak
Aldizkariak berrikuntza nabarmenak dakartza. Horiei esker, alor digitala eta didaktikoa indartuta, paperezko euskarriaren eta euskarri digitalaren arteko osagarritasuna sendotu da. Paperezko euskarriaren tamaina txikiagotuta, erabilgarriagoa bihurtu da. Erabilgarritasuna, gainera, edukietan ere handitu da. Izan ere, euskara ikasten ari direnen aldizkaria izaki, arlo didaktikoan berritu da bereziki: testu batzuetan ageri den QRa klikatuta, AEKko Didaktika Sailak prestatutako atazak ageri dira, online egin daitezkeenak. Paperezko aldizkaritik zein webgunetik irits daitezke irakurleak ariketa horietara, eta sarbide irekia izango dute abendu osoan zehar, euskara ikasteko prozesuan dabilen orok ezagutu eta proba dezan (aurrerantzean, sarbide hori aldizkariaren harpidedunei eta erosleei mugatuko zaie). Ikusi ariketak hemen.
Horiez gain, badira beste hainbat eduki ere: elkarrizketa nagusia ETS taldeko Iñigo Etxezarretarekin, Patricia Martin harri jasotzaile galiziarra Arin-arin atalean, Durangoko Azokari buruzko erreportajea, Zokomiran ataleko albiste laburrak, kultur arloko berriak... Guztiak, hizkuntza gaitasunaren arabera mailakatuak, hori baita berrikuntzetako beste bat.
Horrela, AIZU!k beste urrats bat eman du euskara ikasten ari direnen aldizkari izateko helburuan sakontzeko. Haatik, online ipiniko diren ariketak ez dira AIZU! erabiltzeko modu bakarra; izan ere, aldizkaria euskara ikasteko prozesuan nola baliatu azaltzeko, bi gida didaktiko jarri dira erabiltzaileen esku www.aizu.eus webgunean. Bata euskara ikasleei bideratua dago; eta, bestea, irakasleei. AEKko Didaktika Sailak prestaturiko gida horietan aldizkaria zelan baliatu azaltzen da modu erraz eta ulerterrazean.
