Orrialde hau inprimatu

AEKk euskaltegiak bete nahi ditu 26/27 ikasturtean

Elementu hau baloratu
(0 boto)
Print Friendly, PDF & Email

AEKren euskaltegietan matrikula-epea, zabalik
Berrikuntza nabarmenak izango dira dirulaguntzei dagokionez
50 urte baino gehiago Euskal Herria euskalduntzen

AEKk Euskara eroso ikasi eta bizi/Aprende y vive el euskera cómodamente/Apprenez et vivez le basque avec plaisir kanpaina aurkeztu du gaur Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Horrela eman dio hasiera 26/27 ikasturteko matrikulazio epealdiari, dagoeneko zabalik baititu euskaltegietako ateak Euskal Herri osoan.

AEKko Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek, Maialen Otegi Saez de Egilaz Irakaskuntza arduradunak, eta Amara Berri AEK euskaltegiko Maialen R. Barcena irakasleak eta Iñaki Carcavilla Garasa ikasleak osatu dute aurkezpena. Hasteko, Aize Otañok azaldu du, kanpainako iazko leloari eutsi arren, irudia aldatu egin dela ikasturte honetan: “Besaulkia alfonbra batez ordeztu dugu. Alfonbra gonbidapena da, euskara ikasteko ustezko zailtasunen beldur den horrentzat. Era berean, ikasgelako erosotasuna kalera eramateko gonbita ere bada. Alfonbrak ez dira, beharbada, besaulkiak bezain erosoak, baina eramangarriagoak dira, eta lurrarekin hobeto konektatzen gaituzte. Eta kanpaina, alfonbrak bezala, Euskal Herriko plaza eta kaleetara atera nahi dugu; euskara bera Euskal Herriko karriketara eta enparantzetara atera gura dugu. Baina hori horrela izan dadin, euskaltegiak bete behar ditugu lehenik eta behin, ez dakienak ikasteko, dakienak hobetzeko, praktikatzeko...”.

Horren harira, Otañok ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxa ekarri du gogora: “Orduan adierazi genuen euskara eta euskal hiztun-komunitatea larrialdi linguistikoan daudela, eta ezinbestekoa dela biziberritze-prozesuan jauzia egitea, pizkunde berri bat eragitea. Pizkunderako Erronka da 300.000 euskaldun gehiago izatea 2036. urterako; alegia, 10 urteko epean urtez urte 30.000 euskaldun oso irabaztea. Horretarako gakoetako bat, estrategikoa, helduen euskalduntze-alfabetatzea da. Hamarkada bakar batean 120.000 euskaldun oso sortzea da helburua. Horixe dugu erronka, horixe dugu helburu, eta horixe da euskaltegion egitekoa”.

Xedea lortzeko ezinbestekoak izango diren hainbat kontu aletu ditu Otañok: “Euskara-ikasketen doakotasuna eta irisgarritasuna, HEAren inguruan agentzia berri bat sortzea erakunde eta gizarte-eragileen jarduna koordinatzeko, pertsona migratuen harrera linguistikorako baliabide eta erraztasunak handitzea, eta, azkenik, lan-munduan euskararen presentzia areagotzeko araudi, baliabide eta plangintzak sustatzea. Zentzu horretan, txalotu egiten ditugu azkenaldian Hego Euskal Herriko administrazioek doakotasunaren bidean egin dituzten urratsak; bereziki EAEn ezarri den Euskara Bonua. Hori guztia, gure ustez, ez da nahikoa, baina horixe da bidea”.

Esandako guztia ederki laburbiltzen duelakoan, Otañok 24. Korrikaren amaieran Bilbon euskal jendarteari luzatutako mezuaren pasarte bat gogoratuz bukatu du bere diskurtsoa: “Euskaltzale eta euskaldun guztioi, y también a las personas que todavía no habéis dado el paso de aprender euskera, aux personnes qui n'ont pas encore fait le pas d'apprendre le basque: euskaltegietako ateak zabalik dituzue, tenéis las puertas de los euskaltegis abiertas, les portes des Euskaltegis sont ouvertes. Zeren eta hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herri izango, un pueblo que no tiene lengua no será pueblo, un peuple qui n'a pas de langue ne sera pas un peuple. Eta GU EUSKARA GARA!”.

Ondoren, Maialen Otegi Saez de Egilaz Irakaskuntza-arduradunak azaldu du gaurtik aurrera matrikulazioa zabalik dagoela AEKren euskaltegietan, “bertan herritarrek euskara eroso ikas dezaten eta euskaraz eroso bizi daitezen, horixe baita AEKren xedea. Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi dugu, eta ikasleek handik ateratzean arlo guztietako baliabideak izatea gura dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian... Milaka herritar hurbildu dira azken ikasturteotan AEKren euskaltegietara euskara ikastera, beren maila hobetzera edo praktikatzera, etxeko eta lagunarteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko eta abarrerako. Ikasturte honetan ere zinez espero dugu herritar gehiago hurbiltzea AEKren euskaltegietara. Erronka-zaleak gara AEKn, eta hamarkada batean 120.000 euskaldun oso gehiago sortzea dugu erronka. Horri begira, AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta horien bidez beste hamaika herritara iristen da”.

Eskaintza ikasleen beharrizanetara egokituta, enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan ematen ditu AEKk, hainbat formatutan: “Hilabeteko ikastaro trinkoak, urte osoan, Foruko barnetegian. Pantailen beste aldetik ere, nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, esaterako AEKren online euskaltegiko ikastaroen bitartez. Erabilerarako aukerak ere bai: AIZU! aldizkaria, euskaraz irakurtzeko; Praktikaturen eskaintza, mintzapraktika giro atseginean egiteko; Ahize aholkularitzaren laguntza, lan-esparruan euskara normalizatzeko...”.

Dirulaguntzei dagokienez, Euskara Bonua da 2026-2027 ikasturterako berrikuntzarik nabarmenena EAEn: A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatzen diren ikasleek, 120 euro ordainduta, 4 urtez ikasi ahal izango dute, ezer gehiagorik ordaindu gabe. Nafarroan ere urrats bat aurrera egin da doakotasunean: A1 mailako ikasleez gain, A2 mailako ikasleek ere % 100 berreskuratzen ahalko dute matrikula. Ipar Euskal Herrian, formaziorako aukera eskaintzen dute enpresek, eta langileek doan dituzte euskara-ikastaroak.

Maialen R. Barcenak, bere aldetik, AEKren metodologia komunikazioan oinarritzen dela azaldu du, praktikotasunean, “euskara lehenengo egunetik erabiltzeko ikastean: ez da gramatika-ikasketa hutsa, beste euskaldun batzuekin komunikatzeko gai izatea baizik”. Hain zuzen ere, holaxe ari da ikasten Iñaki Carcavilla Garasa, Donostiako musika-eskolako irakaslea bera. Ayerbe herrian (Huesca) jaioa, bere esperientziaren berri eman du aurkezpenean. Musikenen ikastera etorri zen Donostiara, eta joan den ikasturtean A1 maila ikasi eta gainditu zuen Amara Berri AEK euskaltegian. Ikasten jarraitzeko asmoa duela adierazi du; izan ere, Donostiako euskal komunitatean oso integratuta egonik, euskararen premia sentitzen du. Bizitzen ari den esperientzian oinarrituta, euskara ikastera animatu du mundu guztia.

Bukatzeko, Aize Otañok hartu du berriro hitza, ikasturte berriko irudian ageri den logotipo berriari erreparatuta: “50 urte baino gehiago Euskal Herria euskalduntzen”. AEK lehenago sortu zela adierazi du, baina duela 50 urteko ikasturtea oso une esanguratsua izan zela: “1976-77 ikasturtean ikasle-kopurua % 300 handitu zen, eta ikasle-uholde horrek beste dimentsio bat eman zion helduen alfabetatze-euskalduntzeari: indar handiagoa hartu zuen gizarte-fenomeno moduan ere. Testuinguru horretan hasi zen AEK, AEK izenez, Euskal Herri osoan erakundetzen. Prozesu hori geroago amaitu bazen ere, 76-77 ikasturtea mugarri garrantzitsua izan zen. Hori kontuan hartuta, urteurren hori gogorarazi nahi izan dugu kartelen eta bestelako euskarrien bidez. Erran gabe doa hau hasiera baino ez dela.

Gaur egun ere, euskarak halako mugarriak behar ditu pizkunde berri baterako bidean. Izan dadila ikasturte hau euskararen geroa bermatzeko mugarri. Bete ditzagun euskaltegiak”.

Irakurri 428 aldiz Azken aldaketak Azteazkena, 02 September 2026 10:21
Asteartea, 01 September 2026 15:42