AEKren euskaltegietan matrikula-epea, zabalik
Berrikuntza nabarmenak izango dira dirulaguntzei dagokionez
50 urte baino gehiago Euskal Herria euskalduntzen
AEKk Euskara eroso ikasi eta bizi/Aprende y vive el euskera cómodamente/Apprenez et vivez le basque avec plaisir kanpaina aurkeztu du gaur Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Horrela eman dio hasiera 26/27 ikasturteko matrikulazio epealdiari, dagoeneko zabalik baititu euskaltegietako ateak Euskal Herri osoan.
AEKko Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek, Maialen Otegi Saez de Egilaz Irakaskuntza arduradunak, eta Amara Berri AEK euskaltegiko Maialen R. Barcena irakasleak eta Iñaki Carcavilla Garasa ikasleak osatu dute aurkezpena. Hasteko, Aize Otañok azaldu du, kanpainako iazko leloari eutsi arren, irudia aldatu egin dela ikasturte honetan: “Besaulkia alfonbra batez ordeztu dugu. Alfonbra gonbidapena da, euskara ikasteko ustezko zailtasunen beldur den horrentzat. Era berean, ikasgelako erosotasuna kalera eramateko gonbita ere bada. Alfonbrak ez dira, beharbada, besaulkiak bezain erosoak, baina eramangarriagoak dira, eta lurrarekin hobeto konektatzen gaituzte. Eta kanpaina, alfonbrak bezala, Euskal Herriko plaza eta kaleetara atera nahi dugu; euskara bera Euskal Herriko karriketara eta enparantzetara atera gura dugu. Baina hori horrela izan dadin, euskaltegiak bete behar ditugu lehenik eta behin, ez dakienak ikasteko, dakienak hobetzeko, praktikatzeko...”.
Horren harira, Otañok ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxa ekarri du gogora: “Orduan adierazi genuen euskara eta euskal hiztun-komunitatea larrialdi linguistikoan daudela, eta ezinbestekoa dela biziberritze-prozesuan jauzia egitea, pizkunde berri bat eragitea. Pizkunderako Erronka da 300.000 euskaldun gehiago izatea 2036. urterako; alegia, 10 urteko epean urtez urte 30.000 euskaldun oso irabaztea. Horretarako gakoetako bat, estrategikoa, helduen euskalduntze-alfabetatzea da. Hamarkada bakar batean 120.000 euskaldun oso sortzea da helburua. Horixe dugu erronka, horixe dugu helburu, eta horixe da euskaltegion egitekoa”.
Xedea lortzeko ezinbestekoak izango diren hainbat kontu aletu ditu Otañok: “Euskara-ikasketen doakotasuna eta irisgarritasuna, HEAren inguruan agentzia berri bat sortzea erakunde eta gizarte-eragileen jarduna koordinatzeko, pertsona migratuen harrera linguistikorako baliabide eta erraztasunak handitzea, eta, azkenik, lan-munduan euskararen presentzia areagotzeko araudi, baliabide eta plangintzak sustatzea. Zentzu horretan, txalotu egiten ditugu azkenaldian Hego Euskal Herriko administrazioek doakotasunaren bidean egin dituzten urratsak; bereziki EAEn ezarri den Euskara Bonua. Hori guztia, gure ustez, ez da nahikoa, baina horixe da bidea”.
Esandako guztia ederki laburbiltzen duelakoan, Otañok 24. Korrikaren amaieran Bilbon euskal jendarteari luzatutako mezuaren pasarte bat gogoratuz bukatu du bere diskurtsoa: “Euskaltzale eta euskaldun guztioi, y también a las personas que todavía no habéis dado el paso de aprender euskera, aux personnes qui n'ont pas encore fait le pas d'apprendre le basque: euskaltegietako ateak zabalik dituzue, tenéis las puertas de los euskaltegis abiertas, les portes des Euskaltegis sont ouvertes. Zeren eta hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herri izango, un pueblo que no tiene lengua no será pueblo, un peuple qui n'a pas de langue ne sera pas un peuple. Eta GU EUSKARA GARA!”.
Ondoren, Maialen Otegi Saez de Egilaz Irakaskuntza-arduradunak azaldu du gaurtik aurrera matrikulazioa zabalik dagoela AEKren euskaltegietan, “bertan herritarrek euskara eroso ikas dezaten eta euskaraz eroso bizi daitezen, horixe baita AEKren xedea. Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi dugu, eta ikasleek handik ateratzean arlo guztietako baliabideak izatea gura dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian... Milaka herritar hurbildu dira azken ikasturteotan AEKren euskaltegietara euskara ikastera, beren maila hobetzera edo praktikatzera, etxeko eta lagunarteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko eta abarrerako. Ikasturte honetan ere zinez espero dugu herritar gehiago hurbiltzea AEKren euskaltegietara. Erronka-zaleak gara AEKn, eta hamarkada batean 120.000 euskaldun oso gehiago sortzea dugu erronka. Horri begira, AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta horien bidez beste hamaika herritara iristen da”.
Eskaintza ikasleen beharrizanetara egokituta, enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan ematen ditu AEKk, hainbat formatutan: “Hilabeteko ikastaro trinkoak, urte osoan, Foruko barnetegian. Pantailen beste aldetik ere, nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, esaterako AEKren online euskaltegiko ikastaroen bitartez. Erabilerarako aukerak ere bai: AIZU! aldizkaria, euskaraz irakurtzeko; Praktikaturen eskaintza, mintzapraktika giro atseginean egiteko; Ahize aholkularitzaren laguntza, lan-esparruan euskara normalizatzeko...”.
Dirulaguntzei dagokienez, Euskara Bonua da 2026-2027 ikasturterako berrikuntzarik nabarmenena EAEn: A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatzen diren ikasleek, 120 euro ordainduta, 4 urtez ikasi ahal izango dute, ezer gehiagorik ordaindu gabe. Nafarroan ere urrats bat aurrera egin da doakotasunean: A1 mailako ikasleez gain, A2 mailako ikasleek ere % 100 berreskuratzen ahalko dute matrikula. Ipar Euskal Herrian, formaziorako aukera eskaintzen dute enpresek, eta langileek doan dituzte euskara-ikastaroak.
Maialen R. Barcenak, bere aldetik, AEKren metodologia komunikazioan oinarritzen dela azaldu du, praktikotasunean, “euskara lehenengo egunetik erabiltzeko ikastean: ez da gramatika-ikasketa hutsa, beste euskaldun batzuekin komunikatzeko gai izatea baizik”. Hain zuzen ere, holaxe ari da ikasten Iñaki Carcavilla Garasa, Donostiako musika-eskolako irakaslea bera. Ayerbe herrian (Huesca) jaioa, bere esperientziaren berri eman du aurkezpenean. Musikenen ikastera etorri zen Donostiara, eta joan den ikasturtean A1 maila ikasi eta gainditu zuen Amara Berri AEK euskaltegian. Ikasten jarraitzeko asmoa duela adierazi du; izan ere, Donostiako euskal komunitatean oso integratuta egonik, euskararen premia sentitzen du. Bizitzen ari den esperientzian oinarrituta, euskara ikastera animatu du mundu guztia.
Bukatzeko, Aize Otañok hartu du berriro hitza, ikasturte berriko irudian ageri den logotipo berriari erreparatuta: “50 urte baino gehiago Euskal Herria euskalduntzen”. AEK lehenago sortu zela adierazi du, baina duela 50 urteko ikasturtea oso une esanguratsua izan zela: “1976-77 ikasturtean ikasle-kopurua % 300 handitu zen, eta ikasle-uholde horrek beste dimentsio bat eman zion helduen alfabetatze-euskalduntzeari: indar handiagoa hartu zuen gizarte-fenomeno moduan ere. Testuinguru horretan hasi zen AEK, AEK izenez, Euskal Herri osoan erakundetzen. Prozesu hori geroago amaitu bazen ere, 76-77 ikasturtea mugarri garrantzitsua izan zen. Hori kontuan hartuta, urteurren hori gogorarazi nahi izan dugu kartelen eta bestelako euskarrien bidez. Erran gabe doa hau hasiera baino ez dela.
Gaur egun ere, euskarak halako mugarriak behar ditu pizkunde berri baterako bidean. Izan dadila ikasturte hau euskararen geroa bermatzeko mugarri. Bete ditzagun euskaltegiak”.
26/27 ikasturterako matrikula epea irekita dago AEKko euskaltegietan eta, izena ekainaren 30a baino lehen emanez gero, hainbat abantailaz gozatu ahal izango du ikasleak: ikasturte honetako prezioan ordainduko du, irailean ezarriko den igoera ekidinda, eta ordaintzeko modu malguagoa eskainiko zaio, ordainketa epe gehiagotan egin ahal izateko. Gainera, lehentasuna izango du taldeak eratzeko orduan. Apirilaren 20an zabaldu zen aurrematrikula epea eta martxa onean doa, jendeak datorren ikasturtean euskara ikasteko asmoa duen seinale.
Aurrematrikula HEMEN.
Bestalde, AEKk zuzeneko web bidezko bi aurkezpen eskainiko ditu ekainaren 16an, aipatutako 26/27 ikasturteari begira. Goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 15:30ean izango dira, Maialen Otegi Saez de Egilazen (irakaskuntza arduraduna), Maialen R. Bárcenaren (irakaslea) eta Maialen Begiristain Gradoren (Nazio Kontseiluko kidea) eskutik. Helburua izango da euskararen irakaskuntzarako AEKk duen metodologia eta ikastaro motak azaltzea, baita ere euskara ikasleentzako dirulaguntzen berri ematea (aurtengo nobedadeak barne: Euskara Bonua EAEn, A1 eta A2 mailak dohainik Nafarroan...). Bertan parte hartzeko, ez dago izena eman beharrik, nahikoa da ordu horietako batean webgune honetan sartzea.
Euskaraz Koop. S.ren Estatutu Sozialetako 31. eta 32. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, Artezkaritza Kontseiluak Euskaraz Koop. S.ren Ohiko Batzar Orokorrerako deialdia egin du.
DEIALDIA
Eguna 2026ko ekainaren 26a
Tokia: AGURAINgo HARRESI aretoan
Ordua: Lehen deialdia 9:30ean.
Bigarren deialdia: 10:00etan
GAI ZERRENDA
Lehena.- Akta onartzeko bi bazkide eta batzarreko idazkaria izendatzea.
Bigarrena.- Euskalgintzaren Kontseilua. (Lan ildoen aurkezpena)
Hirugarrena.- Kudeaketarekin lotutako zenbait proposamen (25-26 aurrebalantzea eta 26-27 aurrekontuaren aurreikuspena, 26-27 eta 27-28 ikasturteetarako z.o.-ak, egin beharreko ekarpenaren zenbatekoa, Korrika, ...)
Laugarrena.- Kontu ikuskaritza aukeratzea.
Bosgarrena.- Jazarpenen aurkako protokoloa eta Barne-araubideko erreglamenduaren egokitzapena.
Seigarrena.- Sozietate organoak: Artezkaritza Kontseiluaren berritze partziala.
Zazpigarrena.- Ahalmena ematea Artezkaritza Kontseiluko lehendakariari eta idazkariari Batzar Nagusian hartu diren inskribatu beharreko erabakiak notarioaren aurrean eskritura publikoan jasotzeko, hala badagokio, eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuak izan daitezen egin beharreko izapideak burutzeko.
Zortzigarrena.- Galde-eskeak.
OHARRA: Bazkideei jakinarazten zaie, Euskadiko kooperatiben legearen 24.4 eta 78.1c artikuluetan zedarritutakoarekin bat etorriz, bazkide guztiek dutela eskura kooperatibaren egoitza sozialean eta barne sarean kooperatibaren dokumentazio ekonomikoa eta Barne-araubideko erreglamenduaren berrikusketa proposamena, batzarrean landuko den gainerako dokumentazioarekin batera.
Lehendakaria
Lurdes Etxezarreta Artabe
Bilbon, 2026ko maiatzaren 22an
AEKk antolatuko du 2027ko MootEU jardunaldia, euskarazko hezkuntza digitalaren eta Moodle plataformaren inguruko erreferentziazko topaketa. 2026ko edizioaren ondoren, datorren urteko jardunaldiak euskal hezkuntza-komunitateko profesionalak, teknologia-adituak eta irakasleak bilduko ditu berriro, hezkuntza digitalaren etorkizunaz hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko.
MootEU urtez urte sendotzen ari den hitzordua da, Moodle plataformaren erabiltzaile, kudeatzaile eta garatzaileentzako topagune bihurtuta. Jardunaldiaren helburua da berrikuntza pedagogikoa, tresna digitalen erabilera eta euskararen presentzia ingurune digitalean sustatzea. Azken urteotan adimen artifizialak, ikaskuntza kolaboratiboak eta software librearen aukerek protagonismo berezia hartu dute jardunaldian.
Edizio honetan Tknikak antolatu du jardunaldia, maiatzaren 22an, Errenterian eta saioaren bukaeran lekukoa pasatu dio AEKri. Erakundearentzat MootEU 2027 antolatzea aukera paregabea izango da euskararen irakaskuntza eta teknologiaren arteko lotura indartzeko, eta hezkuntza-komunitateari berrikuntza digitalaren bidean laguntzeko. Aurrerago egitaraua eta informazio guztia argitaratuko dute MootEUren webgunean.
Argazkian, Tknikako Aitor Orbegozo (eskuinean) eta AEKren e-uskaltegiko Andoni Tolosarekin.
Atsotitzak, bertsoak, musika eta giro paregabea lotzen dituen lehiaketa honen 31. edizioa apirilaren 25ean ospatuko da aurten. Urtero lez, edizio honek ere badu bere leloa: Igazko kabiak hutsik, ez da aurten txoririk. Bertsolari gonbidatuak, berriz, Aner Peritz eta Aissa Intxausti izango dira. Ikasi beharreko ehun errefrauak prest daude dagoeneko https://praktikatu.eus/esaerazaharrak atarian, eta parte hartu nahi duten taldeek (bi eta lau lagun artekoak) apirilaren 20ra bitartean eman ahalko dute izena, webgune horretan bertan edo HEMEN.
Liburuaren aurkezpena hilaren 17an
Lehenago, ordea, apirilaren 17an, lehiaketaren inguruko beste ekitaldi bat egongo da: Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa: edo nola (ez) antolatu herri-ekintzak liburuaren aurkezpena Kurtzio kultur etxean. Izan ere, AEKk argitaratuko du, Uribe Kostako Mankomunitatearen dirulaguntzaz, lehiaketaren antolatzaile-taldeko kide Aitor Fernandez de Martikorenak idatzitako liburua. Lehiaketaren zertzeladak ditu oinarri, hiru atal nagusitan banatuta: testua, argazkiak eta material didaktikoa. Lehenengoa kontakizuna da, irakurleak jakin dezan nolako lana egin duten antolatzaileek lehiaketa aurrera eramateko. Bigarrenean, kartelen, oroigarrien, pegatinen, lehiakideen, bertsolarien... irudiak daude. Eta hirugarrenak lagungarri izan gura du euskara-irakasleentzat, atsotitzak eta/edo bertsoak lantzeko material egokia baita. Azken atal horretan, txapelketa hasi zenetik igarotako hiru hamarkadetan noizbait agertutako 206 atsotitz biltzen dira, azalpenez eta bertsoz horniturik.
Liburuaren egileak hitzaurrean azaldu duenez, asmoa ez da izan Esaera Zaharren Txapelketaren “kronika zehatza” egitea: “Nahikoa lan izan dugu edizioak egiten eta lehiaketa aurrera eramaten; hortaz, gutxitan apuntatu izan ditugu emaitzak eta sariak”. AEKk, ordea, omenalditxoa egin nahi izan dio liburua argitaratuz, ekimenak urtero-urtero, eta euskararen izenean, jende-kopuru polita batzen duelako. Zelan ez, txapelketak 30 edizio bete izanak ere badu zerikusia horretan. Uribe Kostako Mankomunitateak, bestalde, diruz lagundu du argitalpena, lehiaketak herrian euskararen presentzia indartzeko egiten duen ekarpenarengatik.
Zapalkuntza sistemen aurrean: antolakuntza eta borroka.
Hori da EHko Mugimendu Feministak 2026ko martxoaren 8rako aukeratu duen leloa. Asko dira azken garaiotan munduan zein Euskal Herrian, emakumeon* eskubideen aurka izan diren erasoak. Eskumaren gorakada begien aurrean ikusten ari gara, eta bazterretan kokarazi gaituztenon aurkako erasoak areagotu egin dira, bortitz.
Baina ez gara despistatuko, badakigu nora eraman nahi gaituzten, zertara kondenatu nahi gaituzten, eta ez gaude prest. Mundua bestelakoa izan daiteke, gure ahizpen urteetako borroka eta antolakuntzari esker begien aurrean izan dugu, eta ez dugu galtzen utziko. Feminismotik egingo dugu guztion onerako izango den mundua, zapalkuntza sistema orori aurre egingo dion herria.
Martxoaren 8an berriro ere kalera aterako gara, eta beste mundu horren aldeko borrokan ez dugula etsiko oihukatuko dugu.
Feminismoak egiten gaitu herri, eta feminismoak egingo gaitu aske.
AEKkideok ere batu gaitezen beste mundu horren aldeko aldarrira, batu gaitezen EH feministaren aldeko borrokara.
Gaur, otsailaren 20a, Justizia Sozialaren Mundu Eguna da. Horren harira, Gasteizeko Izaskun Arrue Zentroan agerraldi bat egin dute hainbat eragilek; horien artean, AEKk. Erakundearen ordezkariak Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño eta Gazteizko AEKko Josu Ramos, Ane Aristi eta Maddalen Zugasti izan dira.
Egun, eskuin muturrak eta ideologia kontserbadoreek gero eta itoago dute justizia sozialaren kontzeptua. Horren aurrean, gaurko agerraldian bildutako eragileek proposatu dute “euskal herritar guztiok botere ekonomiko globalen eta tokikoen aurrean ahots kolektibo eta antolatu bat osatzea”.
Horretaz gain, hizkuntza minorizatuen zapalketa ere egon da agerraldian aipatutako aferen artean, eta “arazo transbertsal hau erdigunean kokatzea” ere eskatu da.
15 eragile baino gehiagok sinatu dute adierazpena. Hemen irakur daiteke.
Aureli Argemí saria Gutxiengo Etniko eta Nazioentzako Escarré Nazioarteko Zentroak (CIEMEN) ematen du, hiru kategoria hauetan: Elkartasunari saria (pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokan nabarmendu diren pertsonak edo erakundeak aitortzeko), Herrien Eskubideen aldeko saria (herri eta nazio gutxituen eskubide kolektiboen aldeko lanari aitortza egiteko), eta Hizkuntza Eskubideen Aureli Argemí Saria, hizkuntza-eskubideen defentsan, hizkuntza gutxituen alde eta hizkuntza-aniztasuna sustatzen nabarmendu diren erakundeak aitortzeko. Azken hori da, hain zuzen ere, gaur AEKk jasoko duen saria.
Gainontzeko saridunak Sousan Tayseer Abdel Salam ekintzaile palestinarra, eta ACAPS (Asociación Catalana de Amistad con el Pueblo Saharaui elkartea) izan dira.
Sari-emate ekitaldia 19:00etan izan da Bartzelonako Ateneoan. Saria bertatik bertara jasotzera joan dira Lurdes Etxezarreta Artabe eta Maialen Begiristain Grado, AEKren Nazio Kontseiluko kideak.
Eskerrik asko, CIEMEN. Moltes gràcies!

EUSKARAZ KOOP. S.ren Ohiko Batzar Orokorrerako deialdia
Euskaraz Koop. S.ren Estatutu Sozialetako 31. eta 32. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, Artezkaritza Kontseiluak Euskaraz Koop. S.ren Ohiko Batzar Orokorrerako deialdia egin du.
DEIALDIA
Eguna 2026eko martxoaren 14a
Tokia: ALTSASUko Kultur Etxeko ARETO NAGUSIan
Ordua: Lehen deialdia 9:30ean.
Bigarren deialdia: 10:00etan
GAI ZERRENDA
Lehena.- Akta onartzeko bi bazkide eta batzarreko idazkaria izendatzea.
Bigarrena.- 2024-2025 ekitaldiko Kudeaketa, Urteko Kontuak eta Kudeaketa-txostena aztertzea, eta, hala balegokio, onartzea.
Hirugarrena.- 2024-2025 ekitaldiko emaitzak banatzea.
Laugarrena.- 2025-2026 ekitaldirako aurrekontu ekonomikoa aurkeztea.
Bosgarrena.- Barne-araubideko erreglamenduaren berrikusketa.
Seigarrena.- Gure egunerokoarekin lotutako zenbait gairen aurkezpena eta eztabaida (Harrera, Jazarpen protokolaren aurkezpena...).
Zazpigarrena.- Ahalmena ematea Artezkaritza Kontseiluko lehendakariari eta idazkariari Batzar Nagusian hartu diren inskribatu beharreko erabakiak notarioaren aurrean eskritura publikoan jasotzeko, hala badagokio, eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuak izan daitezen egin beharreko izapideak burutzeko.
Zortzigarrena.- Galde-eskeak.
OHARRA: Bazkideei jakinarazten zaie, Euskadiko kooperatiben legearen 24.4 eta 78.1c artikuluetan zedarritutakoarekin bat etorriz, bazkide guztiek dutela eskura kooperatibaren egoitza sozialean eta barne sarean kooperatibaren dokumentazio ekonomikoa eta Barne-araubideko erreglamenduaren berrikusketa proposamena, batzarrean landuko den gainerako dokumentazioarekin batera.
Lehendakaria
Lurdes Etxezarreta Artabe.
Bilbon, 2026ko otsailaren 6an.

Gaur betetzen dira 60 urte Rikardo Arregik gutuna bidali ziola Euskaltzaindiari Alfabetatze Batzordea sortu eta alfabetatze-kanpaina antola zezan eskatzen. 1966aren urtarrilaren 14an izan zen. Honaino ekarri gaituen mugimendu haren guztiaren hastapena Rikardo Arregik Euskaltzaindira alfabetatze-taldeak sor ditzan eskatzeko bidali zuen gutun horretan dago.
Hori jo daiteke Alfabetatze Kanpainaren, eta beraz, Alfabetatze Mugimenduaren abiapuntutzat lehenik, eta Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundearen eta AEKren abiapuntutzat gero. Izena ere AEKri hortik datorkio: Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea. AEK bera, modu ofizialean, 1976an eratu zen.

Aurten beteko dira, beraz, 50 urte. Eta lanean jarraitzen dugu, gure sorrera bultzatu zuten printzipioei tinko eusten, Euskal Herria guztiz berreuskaldundu arte.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt