Orrialde hau inprimatu

Elez 25 Lehiaketa: narrazio laburrak Meatzaldean

Elementu hau baloratu
(0 boto)
Print Friendly, PDF & Email

Meatzaldeko Elez Lehiaketa 25. edizioa betetzen ari da. Hori dela eta, aurten bestelako hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte txapelketaren inguruan. Esaterako, Ahozko Literatura Sari Berezia sortu dute edizio honetarako, eskualdeko sei euskaltegietako eta bost ikastetxetako ikasleen artean egitekoa: gehienez bost minutuko lanak aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek, gai eta formatu librean (podcasta, poesia, bakarrizketa...). Maiatzaren 13an izango dute lehiaketarako ideiak hartzeko parada, saioa edukiko baitute Benetan Zabiz? podcasteko Malen Altuna eta Aitziber Grados esatariekin, Muskizko Meatzari Aretoan.

Bitartean, Meatzaldeko AEKn betiko martxan ari dira gehienez mila hitzeko narrazio laburrak jasotzen (epea maiatzaren 14an bukatuko da). Oinarriak HEMEN.

Izan ere, duela hilabete hasi zen edizio berezi honen programazioa: martxoaren 26an, Joseba Sarrionandia idazlearen bisita izan zuten, Ortuellako Kultur Etxean, Meatzaldeko Irakurzale Klubarekin batera prestatutako saioan Kolosala izango da liburuari buruz berba egiteko. Maiatzaren 14an, berriz, solasaldi musikatua izango dute eskualdeko Maren musikariarekin (Qué Lástima diskoa kaleratu berri du), Abanto-Zierbenako Ekoetxean. Eta sariak banatzeko ekitaldia ekainaren 5ean ospatuko dute, Trapagarango Olaso Jauregian. Orduan jakingo da nork jasoko dituzten Argizaiola Sari Nagusia, Meatzaldeko Lehen eta Bigarren Sariak, Ikasleen Lehen eta Bigarren Sariak eta aurten sortutako Ahozko Literatura Sari Berezia. Jai eta kultur giroan bukatzeko, Mikel Martinezen Hamalau antzerki ikuskizunaz disfrutatuko dute bertaratzen direnek.

.Elkarlanaren historia

Elez Lehiaketa Meatzaldeko AEKk antolatzen du, eta Axola Euskara Elkarteak eta eskualdeko udal euskaltegiek ere bultzatzen dute. Beharrizan batetik jaio zen 2001ean, eskualdeko euskaltegietako hainbat irakaslek hutsunea nabaritzen zutelako ikasleekin idazmena lantzeko. Mintzamenarekin alderatuta gutxi bultzatzen zelakoan, ikasleen arteko idazlan lehiaketa sortzea erabaki zuten. Hala, urte hartan eman zitzaion hasiera ekimen honi. Meatzaldeko udalek ere (Muskiz, Abanto-Zierbena, Ortuella eta Trapagaran) berehala agertu zuten lehiaketa sustatuz parte hartzeko borondatea, eta, harrezkero, ez du etenik izan, ezta pandemia garaian ere. Hasieran, Meatzaldeko Narrazio Laburren Lehiaketa izendatu zuten; geroago, Meatzaldeko Izkribuen Lehiaketa, baina 2013. urtean Elez izena jarri zioten, Argizaiola Sari Nagusia sortzeaz batera. Sariketak bi arlo dauzka. Batetik, Meatzaldeko euskaltegietako eta institutuetako ikasleek soilik parte hartzekoa; bestetik, euskaraz idazteko gai den edozeinentzakoa, eskualdekoa izan zein ez; eta Sari Nagusia edonork irabaz dezake. Aipatzekoa da ibilbide literario honetan egindako 24 edizioetan, ia bi mila lagunek hartu dutela parte.

Irakurri 42 aldiz
Azteazkena, 07 May 2025 11:38