Orrialde hau inprimatu

Gaur abiatu da AEKn udako kanpaina

Elementu hau baloratu
(0 boto)
Print Friendly, PDF & Email

Dagoeneko eman daiteke izena AEKn udan euskara ikasteko. Kanpaina, Uda bizi, euskara eroso ikasten lemapean, uda osora zabalduko da, euskara ikasteko hainbat aukera eskainiz: barnetegia, euskaltegia, Euskal Herria bizikletaz zeharkatuz edo online; mintzataldeetan praktikatzeko parada ere izango da zenbait herritan. Izan ere, leloak berak dioen moduan, uda bizitzeko garaia dator, ahalik eta erosoena bizitzeko aroa, non alde batera geratzen diren ikasturteko betebeharrak eta opor-giroa nagusitzen den. Haatik, aisialdia ustiatzeko asmoa ere sortzen da batzuetan, “zerbait egiteko aprobetxatu” nahia.

Horretarako aukera zabala du AEKk udan: euskara ikasteko hainbat modu eroso jartzen ditu edonoren esku, ikasprozesua arina eta atsegina izan dadin. Argi adierazten dute hori kanpainako bi protagonistek; Victoria Zarco eta Oihane Alonso (bi seme-alabarekin) ez dira modelo hutsak, baizik eta AEKren barnetegietan udan euskara ikastea zer den ondotxo dakiten euskara-ikasleak.

Edozein barnetegi mota da aukera ederra euskararen ikasprozesuan aurrera egiteko, hainbat arrazoirengatik: ikaslea euskaraz bizi den ingurune batean murgiltzen da; eguneroko bizimodua euskaraz egiten du, goizetik gauera; ikasitakoa praktikan jartzen du etengabe; bere burua euskaraz egiteko gai ikusten du; euskaraz aritzeko ohitura sendotzen du; euskaraz berba eginez, harreman berriak egiten ditu... Gainera, mota askotako barnetegiak daude: familia-barnetegiak, euskalduntzekoak, azterketak prestatzekoak, xiberera ikastekoa, ibiltaria bizikletaz...

Bestalde, maiatzaren 12an zuzeneko web bidezko bi aurkezpen egingo ditu AEKko Udako Barnetegietako arduradun Alba Ayucar Castrok, familia-barnetegien inguruan, goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 15:30ean. Ez dago izena eman beharrik, nahikoa da ordu horietako batean www.aek.eus atarian sartzea.

Barnetegiez gain, zenbait euskaltegiren ateak ere irekita egongo dira udan: barnetegira joaterik ez edo etxetik gertu egon nahi duten ikasleentzat, ikastaro trinkoak eskainiko ditu AEKk. Halaber, online ikastaroetan ere eman daiteke izena. Hala, datozen hilabeteetan, AEKk erakutsiko du uda eta euskara eroso ikastea bateragarriak direla.

Informazio guztia: https://www.aek.eus/eu/uda

Irakurri 9 aldiz Azken aldaketak Asteartea, 05 May 2026 12:23
Asteartea, 05 May 2026 11:55