Monthly Archives: March 2018

Esaera Zaharren Sopelako Txapelketa, apirilaren 28an

Sopelako AEK aspaldi hasi zen Esaera Zaharren Txapelketa antolatzen; hala, aurten 25 urte beteko ditu lehiaketak. Aurten, apirilaren 28an daukagu hitzordua. Zubia izanik, egun aproposa izan daiteke ikasle, lankide, lagunekin… joateko eta egun edo asteburu pasa ederra egiteko eta Uribe Kostako paraje zoragarriak ezagutzeko. Animatu eta informazioa zabaltzen lagundu!

Bertsoak, goizean, Algortako Bertso Eskolarenak izango dira; arratsaldean, Oihane Enbeita eta Amets Arzallusenak.

Xedea da puntuak pilatzea, bertsoak eta esaerak lotu ahala. Atsotitzak zerrenda batean daude (100), aurretiaz ikasteko hemen (albistearen bukaeran erantsita): Esaera Zaharren Sopelako lehiaketa (25 edizioa) . Izan ere, txapelketan ezin da zerrenda eskuragarri izan. Atsotitz horietako bat, haatik, ez da benetakoa; saria zozketatuko da “faltsua” antzematen duten lagunen artean.

Izen-emateak 10 euro balio du taldeko, eta bazkariak 17 euro pertsonako. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, deitu telefonoz ( 618 57 44 45 / 695 77 40 15), edo bidali mezua posta elektronikoz (esaera.zaharrak@aek.eus) apirilaren 23a baino lehen.

Sariak, bertsoak, musika, bazkaria, giro ona… apirilaren 28an, Sopelan!

 

#ZubiBatSukaldera Nafarroa hegoaldeko olioa eta kontserbak ekartzeko

Atzotik hasi eta martxoaren 20ra arte iraungo du aurtengo Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak. Lelo berriarekin dator: Zubi bat sukaldera, baina kanpainaren planteamendua betikoa izango da: oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eskatu ahal izango dira euskaraz etiketatuta eta, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Zuen eskaerak, esteka hau erabiliz https://www.errigora.eus/egin-zure-eskaria/eskutik-eskura-2018?nid=12892 , on-line bidera ditzakezue baina, urtero lez, Uribe Kostako AEK euskaltegietan ere eskatzeko eta bertan jasotzeko aukera izango duzue.