Ikasleen Jaiko beste kronika bat

Ikasleen eguneko kronika

Joan den abenduaren 2an Bizkaia aretoan antolatutako bakarrizketa bat ikustera gonbidatu gintuzten Bilboko AEK-ko ikasleen eguna zela eta.

Hasieratik primerako ideia iruditu zitzaidan. Betidanik izan ditut bakarrizketak gustuko, eta gainera, nire kasuan euskarazko bat ikusten lehen aldia izango zen!

Nire lehen sorpresa ona umorista emakume bat izatea izan zen. Badakigu gizonezkoak baino gutxiago direla bakarrizketak egiten dituzten emakumeak, eta are gutxiago hauek euskaraz egiten dituztenak.

Aretora sartu eta besaulkietan eseri ginen banaka, distantzia soziala mantenduz. Ez nekien zeri buruz arituko zen bakarrizketan, eta Euskaraldiari buruz berbetan hasi egin zenean “A ze gaia aukeratu duen!” esan nion neure buruari. Gai arriskutsua zela pentsatu nuen, euskarari buruz ordu betez aritzea ausartegia iruditzen zitzaidan hasieran… Baina geroago, momentu hartarako gai paregabea zela iruditu zitzaidan: Euskaraldian murgilduta, denok gure txapak solapetan, belarri-prest eta aho-bizi rolei buruzko hausnarketa komiko bati ekin zion. Kontatzen zituen egoera zoro eta txiste abarrekin ikasleok gure burua identifikatzen genuen, eta horrela lortu zuen publikoarekin konektatzea ia hasieratik.

Bakarrizketei merezimendua aitortu behar zaie, are gehiago 2020ko egoera kontuan hartuta. Alde batetik, ikusleen arteko distantziak eta interakzio eza tokia hotzago bihurtzen duelako. Beste alde batetik, publiko osoa musukoarekin ikusteak eta irribarrerik antzeman ezinak zailtzen du artisten lana. Egia esanda, nahiz eta hasieran aretoko atmosfera hotza izan, umoristak laster berotu egin zuen giroa, eta amaitzean merezitako txalo zaparrada batekin agurtu genuen.

Denok animatu behar gara gehiagotan ekitaldi hauetan parte hartzera, batez ere urte arraro xamar honetan. Sasoi gogorra izaten ari da sektore askorentzat, bereziki kultura eta arte eszenikoetan dabiltzanentzat. Aurtengo jaiak berriro batu gaitu, eta aldi berean, kulturaren aldeko apostua izan da. Agian hurrengo edizioan bukatu dezakegu eguna pote batzuk hartzen, hori baita aurten falta izan zaigun pastelaren “ginda”!

Egilea: Erdoitza Diez (12. taldea, C1 17:00-19:00)

3 thoughts on “Ikasleen Jaiko beste kronika bat”

Comments are closed.