Gaur, otsailaren 20a, Justizia Sozialaren Mundu Eguna da. Horren harira, Gasteizeko Izaskun Arrue Zentroan agerraldi bat egin dute hainbat eragilek; horien artean, AEKk. Erakundearen ordezkariak Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño eta Gazteizko AEKko Josu Ramos, Ane Aristi eta Maddalen Zugasti izan dira.
Egun, eskuin muturrak eta ideologia kontserbadoreek gero eta itoago dute justizia sozialaren kontzeptua. Horren aurrean, gaurko agerraldian bildutako eragileek proposatu dute “euskal herritar guztiok botere ekonomiko globalen eta tokikoen aurrean ahots kolektibo eta antolatu bat osatzea”.
Horretaz gain, hizkuntza minorizatuen zapalketa ere egon da agerraldian aipatutako aferen artean, eta “arazo transbertsal hau erdigunean kokatzea” ere eskatu da.
15 eragile baino gehiagok sinatu dute adierazpena. Hemen irakur daiteke.
Aureli Argemí saria Gutxiengo Etniko eta Nazioentzako Escarré Nazioarteko Zentroak (CIEMEN) ematen du, hiru kategoria hauetan: Elkartasunari saria (pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokan nabarmendu diren pertsonak edo erakundeak aitortzeko), Herrien Eskubideen aldeko saria (herri eta nazio gutxituen eskubide kolektiboen aldeko lanari aitortza egiteko), eta Hizkuntza Eskubideen Aureli Argemí Saria, hizkuntza-eskubideen defentsan, hizkuntza gutxituen alde eta hizkuntza-aniztasuna sustatzen nabarmendu diren erakundeak aitortzeko. Azken hori da, hain zuzen ere, gaur AEKk jasoko duen saria.
Gainontzeko saridunak Sousan Tayseer Abdel Salam ekintzaile palestinarra, eta ACAPS (Asociación Catalana de Amistad con el Pueblo Saharaui elkartea) izan dira.
Sari-emate ekitaldia 19:00etan izan da Bartzelonako Ateneoan. Saria bertatik bertara jasotzera joan dira Lurdes Etxezarreta Artabe eta Maialen Begiristain Grado, AEKren Nazio Kontseiluko kideak.
Eskerrik asko, CIEMEN. Moltes gràcies!

150 bat AEKide elkartu dira gaur, otsailak 6, AEKren Didaktika Topaketan, Gasteizko Europa Jauregian.
Batetik, Garikoitz Goikoetxea kazetariak helduen euskalduntzeari begirako gakoak -"Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan" liburuan egindako azterketa- izan du hizpide, eta gaian sakontzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Bestetik, Irakaskuntzako formazio-planaren zehaztapenak jaso dituzte, AEKren Irakaskuntza arduradun Maialen Otegi eta Didaktika Saileko Joseba Irazabalen eskutik.
Bukatzeko, partaideek goizean ikusi eta entzundakoaren inguruan iritziak trukatu dituzte. Izan ere, AEKren euskaltegi eta irakasle askok 40 urte baino gehiago daramatzatenez euskara irakasten, beren esperientziak entzun eta partekatzeko aukera baliatu dute. Hala, Topaketa leku egokia izan da AEKren historia didaktikoa errepasatzeko eta irakasle gazteagoei ezagutarazteko.
EUSKARAZ KOOP. S.ren Ohiko Batzar Orokorrerako deialdia
Euskaraz Koop. S.ren Estatutu Sozialetako 31. eta 32. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, Artezkaritza Kontseiluak Euskaraz Koop. S.ren Ohiko Batzar Orokorrerako deialdia egin du.
DEIALDIA
Eguna 2026eko martxoaren 14a
Tokia: ALTSASUko Kultur Etxeko ARETO NAGUSIan
Ordua: Lehen deialdia 9:30ean.
Bigarren deialdia: 10:00etan
GAI ZERRENDA
Lehena.- Akta onartzeko bi bazkide eta batzarreko idazkaria izendatzea.
Bigarrena.- 2024-2025 ekitaldiko Kudeaketa, Urteko Kontuak eta Kudeaketa-txostena aztertzea, eta, hala balegokio, onartzea.
Hirugarrena.- 2024-2025 ekitaldiko emaitzak banatzea.
Laugarrena.- 2025-2026 ekitaldirako aurrekontu ekonomikoa aurkeztea.
Bosgarrena.- Barne-araubideko erreglamenduaren berrikusketa.
Seigarrena.- Gure egunerokoarekin lotutako zenbait gairen aurkezpena eta eztabaida (Harrera, Jazarpen protokolaren aurkezpena...).
Zazpigarrena.- Ahalmena ematea Artezkaritza Kontseiluko lehendakariari eta idazkariari Batzar Nagusian hartu diren inskribatu beharreko erabakiak notarioaren aurrean eskritura publikoan jasotzeko, hala badagokio, eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuak izan daitezen egin beharreko izapideak burutzeko.
Zortzigarrena.- Galde-eskeak.
OHARRA: Bazkideei jakinarazten zaie, Euskadiko kooperatiben legearen 24.4 eta 78.1c artikuluetan zedarritutakoarekin bat etorriz, bazkide guztiek dutela eskura kooperatibaren egoitza sozialean eta barne sarean kooperatibaren dokumentazio ekonomikoa eta Barne-araubideko erreglamenduaren berrikusketa proposamena, batzarrean landuko den gainerako dokumentazioarekin batera.
Lehendakaria
Lurdes Etxezarreta Artabe.
Bilbon, 2026ko otsailaren 6an.
Une honetan 30etik gora enpresa eta Lanbide Heziketako zentro dira Eskuara zerbitzuan proiektuaren kide. Gasteizen egindako aitortza ekitaldian aurkeztu dute 2026an egingo duten bidea. Eskuara komunitateko kide egin dira honako enpresa hauek: Zaraobe, Eraiken, Artomaña txakolina, Oreka IT, RPK, Amets SL eta Mekatxaber. Proiektuan parte hartzen duten enpresek euskararen presentzia areagotzeko Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren laguntza jasotzen dute. Komunitateko enpresek gonbitea jaso dute 24.KORRIKAren harira lanketa egiteko euren lantokietan.
Arabako beste zazpi enpresa handi eta estrategikok Eskuara proiektuarekin bat egin dute, eta era honetan jarraipena emango diote euren erakundeetan euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko. Honako enpresa hauek batu dira Eskuara komunitatera: euskararen
kudeaketan erreferente diren Oreka IT eta RPK, Lanbide Heziketako ikastetxe diren Zaraobe eta Eraiken, industrialak diren Amets SL eta Mekatxabir, eta Artomaña txakolina ekoizpena. Era honetan, gaur gaurkoz 30etik gora enpresek eta Lanbide Heziketako zentrok jasotzen dute aholkularitza zerbitzua Eskuara proiektuaren bidez.
ENPRESEN AURRERAPAUSOAK
Eskuara proiektua 2023 urtean sortu zen, eta bere helburua argia da: Arabako enpresa handi eta estrategikoetan euskararen erabilera sustatzea. Proiektuan parte hartzen duten enpresek euskararen presentzia areagotzeko Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren laguntza jasotzen dute. Lanbide Heziketako zortzi zentro ere badira Eskuara proiektuko kide (bik gaurko ekitaldian egin dute bat), eta era horretan, ikasleek lan-munduarekin duten lehen harremana euskaraz egiteko urratsak ematen ari dira horiek guztiak.
Zerbitzua enpresa bakoitzaren beharretara egokitzen da, eta Gasteizen egindako ekitaldian gogora ekarri dute 2025ean enpresek egindako aurrerapausoak.
ESPERIENTZIAK
Eskuara zerbitzuarekin lanean aritu diren bi erakundek euren esperientziaren berri eman dute, eta jasotako aholkularitzaren garrantzia nabarmendu.
Egibide ikastetxeak, esaterako, enpresa praktikak euskaraz egiteko pausuak eman ditu, eta neurri horren beharra azpimarratu du Gorka Martinek: “Gu euskara normalizaziorako arduradunak gara, hortaz, euskararen erabilera eta normalizazioa daukagu helburu. Ikasketak egin bitartean, badago nolabaiteko euskararen presentzia, baina lan mundura salto egitean, haustura ematen da sarri. Hori hasieratik ikasi eta ikusi behar dute ikasleek, lana ere euskaraz egin daitekeela, lana badela haientzat gehigarria, balio erantsia eta bereizgarria. Azken batean, ikastetxetik kanpo ere euskaraz lan eta bizi daitekeela”.
Asafes elkarteak, bestetik, hizkuntzen inguruko diagnostikoa egin dute, eta Edurne Ruiz de Agirre eta Mikel Knörrek esan dutenez, beharrezkoa izan da hori ondoren hartuko dituzten neurriak zehazteko: “Beharrezkotzat jo dugu langileen, erabiltzaileen eta familien hizkuntza-ezagutzari buruz galdetzea, askotan usteak eta errealitateak ez datozelako bat. Diagnostiko horretatik abiatuta, euskararen erabilera sustatzeko plan bat martxan jartzea ahalbidetzen du, errealitatera egokitua, neurrira egina eta eragile guztiekin adostua”.
Eskuara proiektuko aholkulariek behin eta berriro nabarmendu dute enpresen beharretara egokitutako zerbitzua eskaintzen dutela, bakoitzak bere erritmoak dituelako. 2026an ere ildo horretan jarraituko dute, eta komunitateko kideek bost ardatz nagusitan lan egiteko aukera eskainiko zaie.
KORRIKARA BATZEKO DEIA
Bestalde, martxoan abiatuko da 24. Korrika, eta Aitziber Balantzategik, Eskuarako aholkulariak, gonbidapena luzatu die komunitateko enpresei euskararen aldeko lasterketaren harira lanketa egiteko euren lantokietan.
Gaur goizean, otsailak 4, egin dute aitortza ekitaldia Arabako Merkataritza Ganberak Gasteizen duen egoitzan, eta bertan batu dira enpresa horietako ordezkariez gain, lehendik ere kide direnetako kideak. Bertan izan dira Eskuara proiektua sustatzen duten erakunde publikoetako arduradunak: Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapen eta Berrikuntza saileko diputatu Saray Zarate eta Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi Maria Nanclares. Ekitaldia topa eginez amaitu dute, hain justu, proiektuaren kide egin den Artomaña txakolinarekin, eta Euskara Lukuak egitasmoan parte hartzen duten Arabako Errioxako upategietako ardoarekin.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt