Gaur, abenduak 18, Pertsona Migratzailearen Nazioarteko Eguna da. AEKn azpimarratu nahi dugu guztiok garela ezinbesteko. 24.KORRIKAren mezuak dioen moduan “pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia. Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok, euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok... Guztiok herri bat gara. Euskara gara".
Gizarte gero eta indibidualistago, gero eta globalizatuago, gero eta homogeneizatzaileago honetan, Korrika alaitasuna da, aniztasuna da, elkarlana da, herria da... Korrika herri nahia da, anbizioa, ilusioa, zoriontasuna. Korrika zerbait kolektiboa da, kohesionatzailea. Herri baten irudikapena da, garenaren eta izan nahi dugunaren arteko isla. Korrika aukera bat da, herri justuagoa, berdinzaleagoa, euskaldunagoa irudikatzeko aukera bat da. Korrika beste hizkuntza gutxiagotuen alde egiteko aukera bat da, zapalkuntzak salatzeko eta zapalduak erdigunera ekartzeko aukera bat. Mundu oso bat kabitzen da gure herrian, Korrikan, eta AEKn.
AEKren xedea da Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso ikasi eta bizi ahal izatea, baina eskoletan euskara irakasteaz gain, gehiago ere egiten da: euskaltegia ikasle askoren babes-esparrua da, eta euskal kultura ardatz, kultur transmisioan eragiten du AEKk, ikasle askoren integraziorako bidea gara eta herri kohesioan eragiten du.
Doakotasuna
Herritar guztiek euskara doan ikasteko aukera aldarrikatzen du AEKk, bertokoek eta kanpotik datozenek aukera berberak izatea, alegia. Instituzio publikoek ematen dituzte dirulaguntzak, eta sistema horrek, tamalez, pertsona batzuk at uzten ditu beren egoera politiko-judiziala dela-eta. Horiek horrela, Euskal Herriko administrazio nagusiei dei egiten dizuegu. Zeuok zarete eskubideen bideratzaile, bermatzaile, eta eredu izatea dagokizue. Unea da euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko, inor kanpoan utzi gabe.
AEK berdintasuna da, zaintza, aniztasuna... AEK arnasa hartzeko lekua da, zabalik dago herritar guztiak euskalduntzeko. Ongi etorri euskarara, zeuri esker ere, EUSKARA GARA!


