Euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderka daitezen, aktibatuta segitzeko dei egin dute Euskalgintzako eragileek.
Euskalgintzako eragile nagusien ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Baionan. Eguna eta lekua ez dira ausazkoak: KORRIKA bukatu zen toki berean egin dute, 2025eko Euskaraldia hasteko zehazki urtebete falta dela probestuz. Horrela, euskararen aldeko bi ekimen jendetsuenak aldarrikapenez lotu dituzte, hizkuntza-politiketan eta euskararen erabileran jauzi egiteko, bultzada herritar indartsua behar dugula erreibindikatuz.
Agerraldian izan dira euskararen aldeko 30 gizarte erakundetik gora batzen dituen Euskalgintzaren Kontseilua eta euskalgintzako eragile garrantzitsuenen ordezkariak, besteak beste, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Konfederazioa, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Berria, Elhuyar, Udako Euskal Unibertsitatea, Euskal Herrian Euskaraz, Maizpide Euskaltegia, Hezten Aisialdi Euskaltzalea, Karmel Aldizkaria, Konkolotx, Biga Bai, Mintzalasai eta Eusko Ikaskuntza.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi AEK-KORRIKAko koordinatzaileak eta Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazpen bateratu bat irakurri dute, eta besteak beste, honako mezuak zabaldu dituzte:
Idurre Eskisabel: “Herritarren bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu, baina ez da aski. Euskararen normalizazioan aurrera egingo badugu ezinbestekoa da hizkuntza politiketan jauzi bat egin eta euskararen aldeko politika publiko sendoagoak indarrean jartzea”.
Ane Elordi: “Euskal hiztun izan edo ez izan, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea. Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu”.
Irati Iciar: “Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeko, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira”.
ADIERAZPEN BATERATUA
Orain hilabete pasa, primadera hastearekin batera, milaka lagun bildu ginen hemen bertan, Baionako karriketan, Korrikaren azken urratsekin batera adierazteko euskararekin bat egiten dugula, euskaraz bat garela. Aurreko hamar egunetan beste hamarnaka mila lagunek kurritu zuten Euskal Herri osoa, asmo eta borondate berberez. Milaka lagun horien artean baziren euskaldun eta euskaltzaleak, baziren euskararen jabe ez izan arren hizkuntz berdintasunean sinesten dutenak… Herri harro bat ez ezik, gizarte adostasun zabal bat gorpuztu zen, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde. Beste era batera esanda: euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntz eskubideetan sakontzea denez, justizia soziala, gizarte kohesioa eta bizikidetza indartzearen alde.
Datorren urteko udaberrian, milaka herritarrek berriro ere adieraziko dute konpromiso bera: Euskaraldiarekin bat eginez euskaraz bizitzearen bizigarritasunean urrats bat emateaz gain, ale bat jarriko dute, erabileran indar eginez, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde.
Dudarik gabe, herritarren borondatea eta bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu. Baina ez da aski. Euskara hizkuntza minorizatua da, eta, horrenbestez, hiztun komunitate minorizatua gara euskaldunok. Pentsa, gauden hiri honetan bertan, Lapurdi osoan, Baxenafarroa, Zuberoa eta Nafarroa Garaiko eremu handienean bezala, euskarak ez dauka ofizialtasun estatusik, nor izateko gutxieneko zorurik.
Eta, jakina da, gaur egun, gurea bezalako testuinguruetan, politika publiko sendoak direla minorizazio egoerak zuzentzeko ezinbesteko bitartekoa. Hau da, euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egingo bada ezinbestekoa dela hizkuntz politika sendoak indarrean jartzea. «Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa», esan zuen Garazi Arrulak hementxe, Korrikaren azken mezuan. Eta segitu: «Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza-politikak (…) Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara».
Esku artean dauzkagun erronkak alimalekoak dira. Oldarraldiaren agerpen hango eta hemengoak, batetik. Munduaren martxa azeleratuak hizkuntza minorizatuei zamatutako zailtasun berriak, bestetik. Ipar Euskal Herrian, adibidez, larrialdi linguistikoaren alarma joa dute jada, eta oroitarazi UNESCOk hizkuntzen erreprodukziorako ezarritako hiztun proportziotik behera direla. Hori zuzendu eta bideratzea da hizkuntz politiketan eman beharreko jauziaren oinarrietako bat.
Euskalgintza askotariko eta zabalak badu adostasunik honen inguruan: euskararen aldeko hizkuntz politikan jauzi bat behar dela erronka horiei erantzungo bazaie; politika publiko sendoagoak behar direla euskararen normalizazioan aurrera egingo bada. Korrika eta Euskaraldia lekuko, herritarren arnasa ere noranzko horretan dator. Baina arestian esan bezala, hori ez da aski. Arrulak hementxe aldarrikatu bezala, «hizkuntzaren auzia politikoa da, eta urgentziazkoa» Beraz, hemendik dei bat agintariei eta hizkuntz politiketan eragin indarra duten eragile politiko guztiei: aintzat har dezatela herritarren bultzada, eta eman ditzatela urrats sendoak euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde, eta, horrenbestez, hizkuntz berdintasunaren, justizia sozialaren, gizarte kohesioaren eta bizikidetzaren alde.
Olatu berri bat
Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara, euskara erdigunera ekartzeaz. 23. KORRIKAn, Euskal Herri harroa ikusi dugu; oztopo eta traba guztien gainetik euskararekin dugun konpromisoa aldarrikatu dugu. Harro adierazi dugu euskaraz bizi nahi dugula, bagarela nor eta euskarak ematen digula identitate hori, euskal komunitatearen parte egiten gaituela. Euskal hiztun izan ala ez, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea.
Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu. Eta, aipatu bezala, premiazkoa da euskararen aldeko hizkuntza-politiketan jauzi egitea, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde.
Euskal Herri harroaren aldarriari jarraiki, norabide horretan arraunean jarraituko dugu. Euskararen normalizazioa xede, esparru guztietan lan egiten jarraituko dugu, alegia, ezagutzan, erabileran eta sustapenean. Hizkuntza-politiketan eragiten segituko dugu, erakundeen erantzukizuna delako euskaraz bizitzeko hizkuntza-politikak ezartzea eta bermatzea. Jakina, euskalgintzaren adostasun zabalaren adierazle, elkarlanean jarraituko dugu bidea urratzen. Eta horren guztiaren isla dira KORRIKA eta Euskaraldia bezalako ekimenak. Xedetzat dugu euskararen erabileran eta sustapenean eragitea, eta garenaz eta egiten dugunaz harro gaudelako, elkarrekin eta elkarlanean jarraituko dugu euskarak lotzen gaituen Euskal Herri harroa eraikitzen.
Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeaz ari gara. Eta horretarako, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira.
Euskararen erabilera erdigunean jarri eta urratsak egiteko tresna eraginkorra da Euskaraldia. Urtebete falta da laugarren edizioa hasteko, 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da, eta Euskaraldiak harro hartu du Korrikaren lekukoa; ehunka lagun buru eta bihotz ari dira lanean Euskaraldia bazter guztiak bustiko dituen olatua izan dadin. Edizio are eraginkorragoa izan dadin nahi dugu, jendeak euskaraz hitz egiteko leku eroso gehiago izan ditzan, kalean euskara gehiago entzun dadin, eta estres linguistikoa ahaztu dezagun 11 egunetan. Euskara biziberrituko bada, erabiliko dugulako izango da. Hiztun komunitateak euskararen alde egin dezakeen ekintzarik erradikalena euskaraz aritzea da; inertzien eta erresistentzien aurrean, korrontearen kontra, euskaraz aritzea. Euskararen aldeko politikei bultzada sendoena, inoren zain egon gabe, ahal bezainbeste euskaraz bizitzea da. Euskaraldian, milaka ahobizi eta belarriprestek gure hizkuntza ohiturak aldatuko ditugu, nork bere inertziak apurtuz, eta konfort eremuetatik mugituz.
Euskarak mugimendua behar du. Norbera dagoen tokitik mugituz, ingurukoak mugitzeko gai gara; eta elkarrekin mugituz, dena mugiarazteko gai. Euskarak mugimendu indartsu bat behar du, herriz herri eta auzoz auzo saretuko dena, eta Euskal Herri osoa artikulatuko duena. Euskarak nazio mailako ekimen masiboak behar ditu, denok batzen eta mugitzen gaituzten olatuak behar ditu, baita itsas korrontea sortuko duten aktibistak ere. Korrontea gizarte osoaren alde, denon alde jarri nahi dugu. Izan ere, aurrez esan bezala, euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egitea hizkuntz berdintasunean, justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzea da. Honenbestez, segi dezagun aktibatuta, euskarari eta hizkuntza-politikei behar duten bultzada emateko.
Baionan, 2024ko maiatzaren 15ean
Euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiteko bihar, hilak 6, elkartaratzea egongo da Foru Jauregiaren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiko 227 lanposturen egonkortze, promozio eta esleitze prozesuak baliogabetu dituztelako, euskararen ezagutza eskatzea «diskriminatzailea» dela iritzita.
Euskara eskatzea soilik da “gehiegizkoa”
Beste behin, lanpostu publikoen % 100ean gaztelania derrigorrezkoa bada ere, epaileen arabera euskara eskatzea soilik da “gehiegizkoa”. Administrazio publikoan euskaldunon hizkuntza-eskubideak etengabe urratzen diren arren, lanpostu batzuetarako euskararen ezagutza ere eskatzea elebakarrekiko “diskriminatzailea” da. Eta derrigortasun indizearen interpretazio murriztaile honen bidez, kristalezko sabai bat ezartzen zaio euskararen normalizazio prozesuari, hizkuntza-berdintasuna hautsiz eta orain arte ezagutu dugun euskararen ofizialtasuna bera kolokan jarriz.
Sententzietan, epaileek baieztatzen dute Bizkaiko Foru Aldundian herritarren hizkuntza-eskubideak erabat bermatuta daudela, nahiz eta datuek kontrakoa erakusten duten. Izan ere, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasotako kexa ugariek aurkakoa adierazten dute: sail ezberdinetako arreta presentzialean zein telefonikoan euskaraz egiteko ezintasuna, gaztelaniaz hitz egitera behartzea, kartelak, gidak eta dokumentazioa soilik gaztelaniaz jartzea, herritarraren hizkuntza-hautua errespetatu gabe gaztelaniaz zuzentzea, eta abar luze. Hizkuntza-eskubideak, gainera, ez dira administrazioarekiko harreman hutsetara mugatzen, ezin baita ahaztu langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea.
Azkenik, azpimarratu behar da sententzia hauek lanpostuak egonkortzeko fasean dauden 227 langile kaltetzen dituela; beraz, oldarraldi judizialak herritarren eskubideei ez ezik langileen eskubideei ere kalte egiten die.
Elkarretaratzearekin bat egiteko deia
Euskalgintzaren Kontseiluak bere babesa adierazi dio Bizkaiko Foru Aldundiari euskararen normalizazio prozesuaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko. Era berean, Hizkuntza Eskubideen Babeserako Protokoloa oinarri, sententziak salatzeko elkarretaratzea deitu dute ELAk, LABek eta Kontseiluak martxoaren 6an 12:00etan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusiaren aurrean (Kale Nagusia 25, Bilbo), eta parte hartzera deia egiten die hizkuntza-eskubideen defentsan sinesten duten gizarte eragile, alderdi politiko, sindikatu eta norbanako guztiei.
AEK-k ere bat egiten du deialdiarekin.
Azkenik, euskararen aldeko hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteko akordio soziopolitiko zabal baten beharra eta norabide horretan lan egiteko konpromisoa azaldu du Kontseiluak.
Bete etxeko despentsa urte guztirako Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra bidoiekin eta kontserba, pasta, arroz, lekale eta ardo sortekin. Auzolanari esker, zure herrian ekoizlearen etxean duen prezio berean!
Egin zure eskaria www.errigora.eus webgunean, eta eutsi gureari!
Olioaren prezioen eromena jasateko zaila izateaz gain, ulertzeko ere ez da erraza. Merkatu logika nagusiak agintzen du bazter guztietan. Ez da gaurkoa logika global hau. Azken hamarkadetan, ondorio adierazgarriak ekarri ditu nafar erdi eta hegoaldeko nekazaritzan ere, gainbehera larrian utziz. Urrun baino urrunago gaude herri bezala ditugun elikadura beharrak aseko lituzkeen ekoizpenetik.
Logika horrek guztiok harrapatzen gaitu. Errigoraren komunitatea ere bai, jakina! Bizi ditugun kontraesanak norbanakoarenak baino komunitatearenak direla sinetsita, onartu eta aurre egitea ere taldean egitea eraginkorragoa delakoan gaude.
Gure ibilbide luze-laburrak hori erakutsi digu. 10 urte bete-bete hauetan bestelako bideei ekiteko gaitasuna dugula. Hamargarrenez, ekoizlearen jatorrizko prezioan, euskaraz etiketatuta eta auzolanean ehundaka herritan gauzatu eta haziz joan den bestelako ekoizle-kontsumitzaile hartu-eman hauxe bera da erakusle argia.
Ikusi dugu gainera, ametsak egi bihurtzea posible dela eta duela urte batzuk asmo hutsak genituenak errealitate ukigarri ditugula honezkero. Eta ikusmiran baditugu amets berriak, atzera baino aurrera begira jarri garen udaberri bezpera honetan. Eutsi diezaiogun bada gureari, egin dugun, egiten ari garen eta egiteko dugun bideari. Gure zailtasun, ahal eta ametsen bideari.
AEK-k, Ikastolen Elkarteak, Sortzen-ek eta Agerraldiak Errigorako euskarari puzka kanpaina lehenengoz egin genuenetik, 10 urte joan dira. Ekimen honen bidez, Nafarroako erdialde eta hegoaldeko ekoizleei laguntzeaz gain, jasotako diruaren %25a bertako euskalgintza suspertzeko erabiltzen da.
Aurten kutxa bakarra egongo da aukeran, hasieran bezala. 50 euro balioko du, eta bertan 23 ekoizleren 9 produktu ekologiko eta konbentzional egongo dira nahasian (bost produktu finko: zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta ardoa, eta beste lau gainerako ohiko produktuekin osatuta).
Saskiak eskatzeko epea urriaren 20tik azaroaren 9ra arte izango da, Errigoraren webgunean egin daiteke eskaria. Produktuak AEKren euskaltegietan eta beste hainbat banaketa gunetan jaso ahal izango dira.
Goza ezazu produktu on eta gozoez, eta bide batez, egin zure ekarpena Nafarroako ekoizle eta euskalgintzari.
10 urte bete-bete!
Ate-joka dugu azaroaren 4a. Berebiziko garrantzia du AEKideok ere oldarraldiaren aurrean euskararekin bat egiteak, euskaraz bat izateak eta, beraz, sustapen-lanak egiteak nahiz azaroaren 4an Bilbora joateak. Guztion indarra beharko dugu azaroaren 4an oldarraldiari erantzun sendoa emateko.
Euskal Herri osoan AEK erreferente izatea nahi dugu hiztun aktiboak sortzen. Gure xedea da Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea, ahalegin berezirik egin gabe; biztanle guztiek euskaraz eroso aritzeko baldintzak izango dituzte eta euskara erabiltzeagatik ez dira deseroso edo baztertuta sentituko.
Gure ikuspegia eta egitekoa horiek izanik, eta kontuan hartuta proiektu estrategikotzat hizkuntza-politikan eragitea dugula, euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiari aurre egitea dagokigu. Argi dago ez direla sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko joera gorakor bat, oldarraldi bat.
Azaroaren 4an, AEKideok ere oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat!
Irailaren 26an, Hizkuntzen Europako egunean, euskalgintzako erakunde nagusietako ordezkariak elkartu ziren Bilbon, Euskalduna jauregiaren (Bilbo) aurrean, azaroaren 4an bertatik abiatuko den manifestazioari buruzko xehetasunak emateko.
«Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat» lelopean, Euskaldunatik abiatuko da 17:00etan manifestazioa, eta Bilboko udaltzean egingo da amaiera-ekitaldia.
Joan den maiatzaren 10ean EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian egin bezala, euskararen normalizazioaren kontrako epai sortarekiko desadostasuna agertu dute bertaratutakoek. Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena, Nafarroako hainbat udaletakoa, edo euskara hizkuntza “zailegia” dela argudiatu zuen Laudioko sententzia gogoratu zituzten, besteak beste. Eta, agerraldi hartan azpimarratu zen bezala, oldarriaren aurrean erantzun bateratua emateko azaroaren 4koa euskararen aldeko manifestaziorik jendetsuena izatera deitu dute.
Informazio gehiago, euskarriak... Kontseiluaren webgunean.
AEK-ko kideok "Zer behar dute gazteek? Euskaratik ditugun erronkak aletzen" jardunaldietan parte hartuko dugu.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailak lankidetzan antolatu dituzte jardunaldiak, euskaratik ditugun erronkak aletzeko eta gazteei entzuteko helburuarekin.
AHIZE-AEK-ko kide Naroa Jauregizuriak hitzaldia emango du Bilbo Handiko gazteek euskara eta euskal kulturarekin duten harremanaren inguruan.
Jardunaldiak:
Ekainak 1 - 2
Bilbo (BBK Kuna)
Informazioa: https://kontseilua.eus/zer-behar-dute-gazteek/ (egitaraua, izen-emateak...)
Egiazko hizkuntza politika eta baliabideak aldarrikatuko dituzte. Frantziak euskarari ezartzen dizkion oztopoez gain, tokiko erakundeak ere kritikatu dituzte. Batetik, Azterketak euskaraz egitearen aldarrikapena ezarri dute lehen lerroan euskalgintzako eragileek. Bestetik, gainerako arloetan dituzten zailtasunak ere aipatu dira; besteak beste, agerraldian bertan, AEK-ko ordezkariek gogora ekarri dute joan den urriko prentsaurrekoan salatutakoa.
Hori dela eta, manifestaldia deitu dute apirilaren 22rako, Baionan.
Hemen duzue Ihintz Oliden, Iparraldeko AEK-ko koordinatzailea, Hamaika Telebistan
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt