Atzo (otsailak 21) Bizipoza eskolaren ekitaldian parte hartu genuen, proiektua gertutik ezagutzeko aukera izan genuen AEKideok, eta gida didaktikoen berri izan genuen. Horretaz gain, AEkri aitortza berezia egin zioten, eta Bizipoza kutxa jaso genuen.
AEK hezkuntza inklusiboaren alde, Bizipoza Elkartearen bazkidea da, KORRIKAn euskararen eta inklusioaren alde harrotasunez zipriztintzeko ditugu Euskal Herriko txokoak!
Eskerrik asko, Bizipoza elkarteko lagunak!
Datorren ostiralean, otsailaren 16an, “Hizkuntzak mugarik gabe” izeneko ekimena egingo da Irungo Oiasso Museoan, iluntzeko 19:00etan, AEK-KORRIKA eta Harrera Elkartearen arteko elkarlanean.
Ekimena 23. KORRIKAren baitan egingo da, bere xedea izanik paperik gabeko pertsonen hizkuntzak ikasteko eskubidea aldarrikatzeaz gain, beren egoerari ere ikusgarritasuna ematea.
Horretarako “Lehen saiakera” film laburra eskainiko zaie bertaratutakoei, eta “Paperezko bizitzak” ipuin lehiaketa ere aurkeztuko da. Halaber, Afro Fusion Family dantza taldeak eta Amets Arzallusek ere ekitaldian parte hartuko dute.
HARRO HERRI!
Gorbeialde landa garapeneko elkarteak euskara sustatzeko proiektu berri bat jarri du martxan: Errotik. Arratiako eta Hego Nerbioiko landa eremuan eta turismoan euskararen erabilera sustatzeko helburua du, eta doako zerbitzua emango die lehen sektoreko ekoizleei zein turismoko establezimenduei. Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu duen proiektua irailean jarri zen martxan, eta dagoeneko 11 ekoizle eta establezimenduri ematen die zerbitzua.
Landa eremuan dauden hainbat enpresetan hutsunea dagoela ikusi zuen Gorbeialde elkarteak. Izan ere, Arratia Nerbioi eremu euskalduna da, baina turismoaren eremuko establezimendu askotan zein lehen sektoreko ekoizle askok ez dute maiz euskararen presentzia bermatzen. Horregatik, kasu askotan eskualdeko errealitate linguistikoaren islarik ez da ikusten turismoan zein landa eremuan dauden enpresetan, eta horregatik erabaki du Gorbeialdek hizkuntza kudeaketaren eremuan eragiten hastea.
Proiektuaren jatorria lehenagotik dator, ordea. 2022. urtean pilotaje bat abiatu zuen Arratiako arlo sozioekonomikoan euskara sustatzen duen eusGara zerbitzuak Gorbeialde elkartearekin elkarlanean, eta bi hotelekin lan egiten hasi ziren: Zuhaitz Etxeak eta Etxegana spa & hotel. Hainbat lan egin ziren orduko hartan: bezeroei ematen zaizkien eskuorriak itzuli, menuak euskaratu, hizkuntza paisaian eragin, sare sozialetan euskararen presentzia bermatu... Lanketaren balorazio positiboa egin zuten alde guztiek, eta proiektu propioa sortzeko aukera zegoela ikusi zuen Gorbeialdek.
eusGararen eragin eremua industria arloko enpresak dira ordea, eta landa garapenean eragiteko aukera mugatua dauka. Gorbeialdek Bizkaiko Foru Aldundiarengana jo du proiektuaren finantzazioa topatzeko, eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzarengana zerbitzu teknikoa jasotzeko. Bertako aholkulariak emango die laguntza landa garapeneko eta turismoko establezimenduei. Honako zerbitzu hauek eskainiko dizkie: itzulpenak, hizkuntza aholkularitza, trebakuntza saioak, hizkuntza ohituretan eragiteko laguntza, dirulaguntzeten kudeaketa...
Hauek dira, oraingoz, Errotik proiektuarekin bat egin duten establezimendu zein ekoizleak: Hikei, Areatza hotela, Ubideko Herriko taberna, Etxegorri ostatua, Artiñano etxea, Zeberioko Taberna zaharra, Ermitabarri apartamentuak, Zuhaitz Etxeak, Etxegana hotel & spa, Urduña museoa eta Askibil gaztandegia.
Euskaraz Koop. S.ren Estatutu Sozialetako 31. eta 32. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, Artezkaritza Kontseiluak Euskaraz Koop. S.ren Ohiko Batzar Orokorrerako deialdia egin du.
DEIALDIA
Eguna 2024ko martxoaren 9a
Tokia: AGURAINgo HARRESI aretoan
Ordua: Lehen deialdia 9:30ean.
Bigarren deialdia: 10:00etan
GAI ZERRENDA
Lehena.- Akta onartzeko bi bazkide eta batzarreko idazkaria izendatzea.
Bigarrena.- 2022-2023 ekitaldiko Kudeaketa, Urteko Kontuak eta Kudeaketa-txostena aztertzea, eta, hala balegokio, onartzea.
Hirugarrena.- 2022-2023 ekitaldiko emaitzak banatzea.
Laugarrena.- 2023-2024 ekitaldirako aurrekontu ekonomikoa aurkeztea.
Bosgarrena.- DISZIPLINA-ARAUBIDEA: Barne-araubideko erreglamenduaren, estatutuen eta Indarkeria matxistaren kasuen kudeaketarako AEKren barne-protokoloaren berrikusketa.
Seigarrena.- Gure egunerokoarekin lotutako zenbait gairen aurkezpena eta eztabaida (Bideragarritasuna, AEK gure etxea, Autoikaskuntzaren azterketa).
Zazpigarrena.- Ahalmena ematea Artezkaritza Kontseiluko lehendakariari eta idazkariari Batzar Nagusian hartu diren inskribatu beharreko erabakiak notarioaren aurrean eskritura publikoan jasotzeko, hala badagokio, eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuak izan daitezen egin beharreko izapideak burutzeko.
Zortzigarrena.- Galde-eskeak.
OHARRA: Bazkideei jakinarazten zaie, Euskadiko kooperatiben legearen 24.4 eta 78.1c artikuluetan zedarritutakoarekin bat etorriz, bazkide guztiek dutela eskura kooperatibaren egoitza sozialean eta barne sarean kooperatibaren dokumentazio ekonomikoa eta Barne-araubideko erreglamenduaren, estatutuen eta Indarkeria matxistaren kasuen kudeaketarako AEKren barne-protokoloaren berrikusketa proposamena, batzarrean landuko den gainerako dokumentazioarekin batera.
Lehendakaria
Aitziber Balantzategi Ibargoitia.
Bilbon, 2024ko otsailaren 3an.
Maite Arroitajauregi 'Mursego'-ri eta Julio Sotori elkarrizketak; 'Badon*' opera garaikidea; turistifikazioa Bilboko Alde Zaharrean; agoten kondaira gezurtatzen; Christopher Lee aktorearen bitxikeriak...
Hori eta gehiago, urtarrileko AIZU!n.
Aldizkaria etxean jaso nahi? Bada, egin harpidetza: aizu.eus/harpidetu
AEK-ko ikasleek doan jasoko dute gure euskaltegietan.
Aurten arte Bikain ziurtagiria banatzeko ekitaldia izan zena Euskararen erabileraren aitortza ekitaldia bihurtu da. Asteazken honetan egin den hitzorduan bi aitortza sari banatu dira: euskararen kudeaketa saritzen duen Bikain batetik, eta euskararen erabilera sustatzeko lehen pausoak ematen ari diren enpresak aitortzeko Harrobi ziurtagiria bestetik. Eusko Jaurlaritzak banatzen ditu biak, eta Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldian 37 entitate publiko zein pribatuk jaso dute saria euskararen erabilera sustatzeko egiten duten lanagatik.
Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzako kideak ere Euskararen erabileraren aitortza ekitaldian egon ziren, eta aitortza jaso zuten 37 entitatetik seik eurekin egiten dute hizkuntzen kudeaketa. Harrobi diploma Ahize-AEK-ko aholkulariekin lan egiten duten sei enpresek jaso zuten: Lantegi Batuak, Ondoan, Bruss, Behingoz, Ekolur eta Katea Legaia. Bikain ziurtagiriko oinarrizko maila lortu du, bestalde, aholkularitzarekin lan egiten duen Ludoland-ek.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt