Bi urte eskasetan, HABIA komunitateak hazkunde sendoa izan du, eta datozen urteetarako erronka nagusia sare hori sendotzen jarraitzea izango da.
Erakundeen babesa eta euskararen etorkizuneko erronkak
Ekitaldian hitza hartu duten HABIAren erakunde babesleen ordezkariak:
- Jon Ander Aurrekoetxea, Txorierriko Mankomunitateko presidenteak, adierazi du Txorierrin argi dutela euskarak eremu guztiak hartu behar dituela. Euskaraz lanean ari diren enpresen gorakada nabarmendu du, erreferente hurbil eta eredugarri gisa, praktika onak elkarbanatuz eta elkarrengandik ikasiz urrunago iristeko. Erronka asko eta egiteko modu berri asmatzeko gogoa azpimarratu du, aisialditik lan mundura eta norbanakotik mundura.
- Aitor Aldasoro (Eusko Jaurlaritza – Hizkuntza Politika sailburuordea): Lan-mundua estrategikotzat jo du, eta enpresetatik, hizkuntzatik eta eguneroko jardunetik lan egitearen garrantzia azpimarratu du. Administrazioaren aldetik enpresei gertutik laguntzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du, makulu gisa arituz, eredu diren enpresak saretuz eta elkarlanari esker urrutiago iristeko helburuz.
- Isaac Amezaga (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria): Euskara gizartearen arlo guztietan sustatzeko ardurak batzen gaitu, eta eskerrak eta aitortza ezinbestekoak dira. Balio erantsia, zeharkakotasuna, elkarlana, erreferenteak, praktika onak eta ziurtagiriak nabarmendu ditu, eta gaineratu du euskarak kontu eta zarata gutxiago eta erabilera gehiago behar dituela. Bestetik, erronka nagusia erakartzea dela esan du, hori bihotza ukituz lortzen delako.
Erakundeek aho batez azpimarratu dute HABIA eredua erreferente bilakatzen ari dela, eta enpresak egiten ari diren ibilbide sendoa goraipatu dute.
HABIAkideek beren eguneroko praktikarekin frogatu dute euskarak baduela lekua kirolean, ingeniaritzan, automozioan, elikaduran, ingurumenean, teknologia aurreratuan, zaintzan… eta eskualdeko enpresek sortzen duten balio erantsiaren parte ere badela.
Azpimarratu dute, halaber, euskara, besteak beste, hurbiltasuna, kalitatea, aurrerapena, konpromisoa eta komunitatea dela, eta enpresetan eraginkortasunez txertatzeko bideak badirela, HABIAren esperientziak agerian uzten duen bezala.
Praktika onen erakusleihoa: Skunkfunk, Patxikoop eta ONDOAN
Topaketan, hiru HABIAkidek beren esperientziak partekatu dituzte: Skunkfunk, Patxikoop eta ONDOAN. 2025eko lanen artean nabarmendu dituzte:
- Hizkuntza-politikak garatzeko urratsak
- Euskara Planetarako oinarriak
- Barne-komunikazioa euskaratzeko ekimenak
- Bezeroei arreta euskaraz emateko neurriak
Aipuen tartea:
Jon Curuchet (Skunkfunk): Hasieratik euskara enpresaren parte natural izan da, sortzaileak eta taldea euskaldunak izanik. Urteekin, balore bihurtu da merkatuan, eta bezeroek marka Euskal Herriko nortasunarekin lotzen dute. Moda-munduan euskarari ikusgarritasuna ematea dute helburu, eta barnean, euskara erabiltzea eta nortasun euskalduna izatea zaintzen dute. Datorren urtean erronka nagusia euskararen erabilera handitzea izango da, azken urteetan egin duten bezala.
Galder Uriarte (Patxikoop): Aurten 40 urte betetzen dituzte, “40 urte gertu” lelopean. Langile asko dituzte, jatorri eta hizkuntza anitzekoak, eta HABIAri esker euskararen erabilera enpresan sustatzeko dinamika berriak abiatu dituzte, hala nola “Egun on” hiztegia. Langile guztiek pozik parte hartu dute, bakoitzak bere neurrira, eta telefono-arretan lehen hitza euskaraz esatea lehenetsi dute. Banatzaileen konpromisoa nabarmendu dute, eta instalazioetan ere euskaraz aritzeko baliabideak jarri dituzte.
Arantza Cebas (ONDOAN): Duela bi urte eskuratu zuten HARROBI diploma. BIKAIN ziurtagiria beti erreferentziatzat izan dute eta, noiz aurkeztuko diren zehaztuta ez duten arren, norabide horretan lanean ari dira; besteak beste, hizkuntza-irizpideak eta hizkuntza-politika zabaltzen ari dira eta une honetan daukaten erronka nagusi bati nola heldu zehazten ari dira: kanpotik datozen langileak euskal mundura nola erakarri.
Athletic Cluben bat-egite sinbolikoa
Ekitaldiaren une esanguratsuenetako bat izan da Athletic Clubek HABIA komunitatearekin bat egin izana. Eneko Bóvedaren azalpenek klubak urteetan euskararen alde garatu duen estrategia eta konpromiso sendoa ekarri dute gogora:
Egitasmoaren barruan espazioa eskaintzeagatik eskerrak eman ditu. Nortasun- eta komunitate-balioek euren jardunean eta izatean duten garrantzia azpimarratu du eta horretan euskarak eskaintzen duen balio erantsia nabarmendu du.
Athleticen berezitasunari eta ikusgarritasunari esker erreferente gisa jarduteko konpromisoa dutela gehitu du. Bidearen erdia eginda dutela nabarmendu dute, eta besoak zabalik gonbita egin dute euskara partekatzeko eta elkarrekin aurrera egiteko.
Sinadurak, talde-argazkia eta jauzi digitala
Enpresa berrien sinadura-ekitaldiarekin eta talde-argazki handi batekin borobildu da topaketa. Ondoren, mokadutxoa eta HABIAkide berriak diren Txakolindegien produktuen dastaketa izan da, sarea sendotzeko espazio atsegina.
Bestalde, HABIAk webgune berria eta LinkedIn profila aurkeztu ditu, komunitatearen presentzia digitala handitzeko eta eskualdeko enpresekin lotura estutzeko.
Abenduaren 4ko topaketak argi utzi du: Txorierriko enpresek eta eragileek elkarlanean jarduten dutenean, euskarak etorkizun sendo eta partekatua du. Enpresak eta euskara. Elkar indartuz.


