Emakume*: Sexu-genero sistemak markatzen duen binomioaz gaindi, bizipen, ibilbide, ahalmen eta identitate anitzak biltzen dituen kontzeptua (bollerak, trans, ez-bitarrak…). Gure egungo errealitatean politikoki eragiteko baliagarritzat dugu.
AZAROAK 25: Indarkeria matxisten aurkako nazioarteko eguna
AEKko Berdintasun Batzordea Euskal Herriko Mugimendu Feministaren irakurketan oinarritu da honako testu hau idazteko:
Hasteko, gogorarazi nahi dizuegu iazko azaroaren 25etik sei emakume* hil dituztela, eta gure babesa eskaini nahi diegu haien senide eta lagunei. Bestalde, biolentziaz ari garen egun honetan, ezin Palestina aipatu gabe utzi. Doakie hango lagunei gure besarkadarik beroena.
Guztiok dakigu egungo egoera ez dela batere samurra eta, gainera, feminismoak aurrerapausoak ematen dituen heinean, erantzunak eta erresistentziak gordintzen ari direla. Faxismoa eta ultraeskuina indartzen ari dira, bai, baina baita geure artean ere: Zenbat aldiz azaldu behar du emakume* batek erasoren bat jasan duela? Zergatik da hain zaila egiturazko matxismo hau baztertzea? Emakumeon* rolak eta lanak zalantzan jartzea, ezer ez egitea, oztopatzea, balioa kentzea... Jokabide horiek geure artean, eta, noski, AEKn ere, badaude; zehazki, nahi eta behar baino gizon gehiagok dituzte. Eta hor dago arazoa. Benetan berdintasunean eta parekidetasunean sinesten badugu, benetan helburu horiek lortu nahi baditugu, denoi dagokigu erantzukizuna hartzea eta, batez ere, gizonei, euren pribilegioei uko egitea, espazioa ez hartzea, bidaide edo aliatu izatea, jokaera baztertzaileei uko egitea...
Hain zuzen, orain ari dira abortatzera zihoazen emakumeak jazartzeagatik zenbait pertsona epaitzen. Ikusi beharko da hainbeste izerdirekin lortutako eskubideak babesteko interesik badagoen ala ez.
Aipaturiko guztiaren aurrean, erresistentzia feministarako deia egiten dugu. Segi dezagun antolatzen eta kaleak hartzen, segi dezagun autodefentsa feminista aldarrikatzen eta gauzatzen; kaleetan, etxeetan, lantokietan, jai guneetan… Erantzun diezaiegun indarkeria sostengatzen duten konplizitate sareei, horien aurka borrokatzen duten konplizitate sare feministekin.
KONPLIZITATE SAREEN AURREAN, ERRESISTENTZIA FEMINISTA.


