Etorri euskarara! egitasmoa aurkeztu dute gaur AEKk, UEMAk eta Aizarnazabalgo Udalak. Egitasmoaren helburua da euskaraz ez dakiten gurasoek euskara modu praktikoan eta eraginkorrean ikastea, seme-alaben ikastetxean bertan eta eskola-orduetan. Horretarako, ziurtagirietatik at, AEKk gurasoen beharretara egokitutako metodologia prestatu du, honako helburu hauekin: seme-alaben ikasketa-prozesuan bidelagun izateko baliabideak izatea, gurasoen arteko harremanetarako oinarrizko ezagutza eskuratzea eta euskara lehenesteko estrategiak garatzea, haien eguneroko komunikazio-egoerak euskaraz izan daitezen.
Hala, AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otañok adierazi du AEKren erronketako bat dela “Euskal Herrira etorri diren gurasoak euskalduntzea eta haiekiko zubiak eraikitzea, euskal komunitatearen parte izan daitezen”. Ondorioz, “guraso hauengana iristeko, garrantzi handia du, guretzat, haien kultura errespetatzeak eta zubiak bi noranzkoetan eraikitzeak, herriaren eta herritarren identitateak trinkotzeko. Azken helburua da, herri eta herritarren nortasuna eraikitzean, euskara erdigunean jartzea”. Otañok, halaber, eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartuko duten herrietako udal guztiei, “kostua ordaintzeagatik ikastaroak doakoak izan daitezen, herritarren eskubidea baita euskara doan eta eroso ikastea”; azkenik, UEMAren lana ere laudatu du, “elkarlanerako prestasuna adierazteagatik eta euskararen normalizazioan egiten duen esfortzuagatik, arnasguneak bultzatuta”.
AEKren Irakaskuntza-arduradun Maialen Otegik, berriz, azaldu du AEKk berariazko metodologia prestatu duela, gurasoon ikasprozesuan eta eguneroko erabileran eragiteko: “Bi esparru jorratuko ditugu horretarako: batetik, eskoletan, edukiak eta estrategiak eskainiko dizkiegu, hizkuntza barneratu eta euskarazko komunikazioa errazteko; bestetik, garrantzia emango diogu eskolez kanpoko lanari, bestelako ekintzak planteatuta: adibidez, saio irekiak ikastetxeko gainontzeko kideekin, edo/eta kultura-agendan parte hartzera bultzatu. Horregatik, dei egiten diegu Etorri euskarara! ikastaroak martxan jarriko diren herrietako guraso euskaldunei bidelagun izan daitezen. Izan ere, bi komunitateen arteko zubiak eraikitzea ezinbestekoa da euskara hizkuntza soziala izan dadin: etxekoa, kalekoa eta ikastetxekoa”.
IKASTETXEAN BERTAN, ETA DOAN
Ikastaroak doan izango dira, eta UEMAko udalek finantzatuko dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroako udalerrien kasuan, UEMAko udalek, eskualdeetako mankomunitateek eta UEMAk berak finantzatuko dituzte.
Martin Aramendi UEMAko lehendakariak nabarmendu du “estrategikoa” dela egitasmoa. Izan ere, ikastaroek euskarara hurbiltzeko aukera emango diete gurasoei, esparru akademikoa alde batera lagata, beren eguneroko zereginetan erabiltzeko. “Gurasoak euskarara hurbiltzea ezinbestekoa da haien seme-alabek etxean euskararen aldeko diskurtsoa jaso dezaten, ikus dezaten euskara badela lotzen gaituen zerbait, gure hizkuntzak merezi duela ikastea zein erabiltzea”. Aramendik uste du euskararen “ikuspegi berri bat” izan dezaketela ikastaroan izena ematen duten gurasoek zein haien familiek: “Ikuspegi praktikoa, arina, lagunartekoa”.
Egitasmo hau Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan proiektuaren harira sortu da. Badira lau urte UEMAk, HUHEZIrekin elkarlanean, Zaldibian proiektu hori martxan jarri zuenetik. Ekimenak harrera ona izan du, eta dagoeneko 40 herritan da abian. Hain zuzen, proiektua martxan den udalerrietan eskainiko dira Etorri euskarara! eskolak.
Aizarnazabalen hiru ikasturte daramatzate egitasmo hori eskolan zein herri-mailan lantzen. Mari Karmen Arregi alkateak balorazio ona egin du: “Euskara eta kulturartekotasuna egitasmoak aldaketak ekarri ditu gure herrian. Hizkuntza eta kultur aniztasuna oinarri dituen begirada eskaini digu, eta egunerokoan dugu begirada hori gogoan”. Halere, Arregik esan du proiektuak “erronkak” ere azalarazi dituela: “Aizarnazabalgo hizkuntza guztiei keinu egin nahi diegu, baina zubi-hizkuntza euskara izatea da gure helburua. Horretarako, gurasoen gaitasunean eragitea beharrezkoa da, gehiagok, gehiagotan eta gehiagorekin egin dezagun euskaraz”. Ildo horretan, alkatearen arabera, “pare-parekoa” da ikastaroa, “benetan ikasleek behar duten hori” eskaintzen duelako.
AURREMATRIKULA, IREKITA
Urrian abiatuko dira ikastaroak, eta 150 ordukoak izango dira. Astean bi saio eskainiko dira, bina ordukoak. Ikastetxean bertan eta eskola-orduetan eskainiko dira. Dagoeneko zabalik da aurrematrikula, ekainaren 30a artean. Izena emateko aukera egongo da ikastetxe zein udaletan. Datozen egunetan jasoko dute gurasoek informazio guztia, ikastetxe zein udalen bidez.