AEKk gorazarre egin die Korrikaren sortzaileei, bai eta gogorarazi ere “Korrika antolatzeko arrazoiak” bere horretan mantenduko direla, harik eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea lehen lerroan ipini arte
Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeko eskatu du AEKk. Izan ere, Korrika sortzeko arrazoiek hor segitzen dute, zoritxarrez, 45 urte geroago. Era berean, AEKk helburu duen Euskal Herria lortzeko bidean ezin da ezer geroko utzi; “presa dugu”, euskararen etorkizuna jokoan baitago. Gaur azaroak 29 ditu; orain dela 45 urte (1980an) abiatu zen lehenengo Korrika Oñatiko Unibertsitatetik, gaueko 10etan; efemerideaz baliatuta, AEKk Korrikaren sortzaileak eta 1980ko lasterketaren hasieran protagonista izan zirenak omendu ditu euskararen aldeko ekimenaren aurreneko edizioa hasi zen lekuan bertan: Oñatiko Unibertsitatean, hain zuzen.
Eguerdiko 12:00etan puntu-puntuan hasi da “Ez gero, orain baizik” ekitaldia, kanpai-hotsekin batera. Xabier Amuriza agertu da oholtzan, eta ekitaldiari izena eman dioten letrak, lehendabiziko Korrikaren koplak, abestu ditu. Jarraian, Korrika arduradun Ane Elordik hartu du hitza. Hark ekitaldiak helburu bikoitza duela aipatu du.
Batetik, ospakizuna eta omenaldia. Duela 45 urte, mundu osoan hizkuntza baten alde egiten den ekitaldirik jendetsuena eta arrakastatsuena abiatu zen; “Badugu, beraz, zer ospatu. Eta badugu nori eskertu”. Korrikaren sortzaileak aipatu ditu orduan Elordik: Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea... Orduko AEKide guztiei ere esker ona adierazi die: Julen Kaltzada, Bittor Allende... baita lehenengo Korrika hartan protagonista izan zirenei ere: Xabier Amurizari, Korrikaren lehendabiziko kantaren sortzailea; Remigio Mendibururi, lekukoaren egilea; Eli Galdosi eta Jose Maria Satrustegiri, 0 kilometroa korritu zutenak...
Bigarren helburua aldarrikapena da. Korrika ez da jai-giroa soilik, aldarrikapen-giroa ere bada; horretaz jabetzeko, “Korrika bakoitzaren leloei erreparatzea baino ez dagoela” azpimarratu du Korrikaren arduradunak. Horregatik, gaur, 24. KORRIKAren atarian, AEKren mezua eta aldarrikapena publiko egiteko baliatu dugu urteurrena. Zoritxarrez, oraindik, 45 urte eta 23 Korrika geroago, Korrika antolatzeko beharrizan berberak ditu AEKk: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeko. Elordik argi utzi nahi izan du ezen “ez gara folklore. AEK GARA. KORRIKA GARA. EUSKARA GARA”.

Aitortza
Ondoren, Urtsa Erraztik hartu du hitza, Korrikaren sortzaileen eta lehenengo edizioan parte hartu zuten guztien izenean. "45 urte, eta berriro hemen, Oñatiko Unibertsitatean". Hunkituta ekarri ditu gogora berarekin batera Korrika sortu zuten "gazte zoro" haiek, gure artean daudenak eta ez daudenak: Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo... eta Álvaro Gurrea.
Publikoari azaldu dio Korrika euskararen aldeko urtebeteko kanpaina moduan jaio zela, "baina, zoritxarrez, Korrika aldarrikatzailea egiteko beharra dago oraindik", adierazi du; eta azpimarratu du nahiko lukeela euskarak Korrikaren beharrik ez izatea eta belaunaldi berriek Korrikaren "alde festiboa" besterik ez ezagutzea.
AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek eta Xabi Gartzia Castellek lehenengo Korrika hura egiteko beharrizanak aipatu dituzte: 1980an, euskaltzaletasunak euskarari beste Pizkunde bat eman zionean, alfabetatzearen eta euskalduntzearen premia hauspotzeko eta antolatzeko bultzada urrats logikoa eta naturala izan zen. “AEKren estrategia herri-dinamikan eta lurraldetasunean oinarritu da hastapenetatik”, adierazi du Gartziak. “Sorrera hartan, AEKk erakundeetatik ez zuen lortzen ez ofizialtasunik, ez dirurik”; Dirua batzeko ez ezik, euskalduntzearen eta alfabetatzearen beharra sortzeko ere, kanpaina bat egitea pentsatu zuten. “herrikoia, irekia eta Euskal Herri osoaren batasuna adieraziko zuena”. Horrelaxe sortu zen Korrika.
Otañok esan du kontu batzuk ez direla horrenbeste aldatu 45 urtetik hona: “Berriki esan dugu 24. Korrikan aldarrikatu nahi dugula euskara guztiontzako aterpe irekia eta erosoa dela; eta, nola ez, presa dugula Pizkunde berri bat abiatzeko, Euskal Herri euskalduna lortzeari begira”. Horretarako, beste gauza batzuen artean, AEKk nabarmendu du helduen euskalduntzea lehen lerroan ipini behar dela; izan ere, gaur-gaurkoz, eta garai hartatik aurrerapausoak eman diren arren, aldarrikapenek berdin jarraitzen dute: “Helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeak esan nahi du botere publikoek gisa horretako aitortza egitea”. Osterantzean, AEKk jarraitu beharko du Korrika antolatzen, hala dirua biltzeko nola euskararen normalizazioaren aldeko lana aurrera eramateko Euskal Herri osoan.
AEKren xedea: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea
Horixe da AEKren helburua, eta berori lortzeko “finantzazio iraunkorra” aldarrikatu du Gartziak: “Aldian aldiko hiru eremu administratiboetako dirulaguntza-sistema gainditzeko finantzazio-eredua behar dugu; hots, gure zerbitzua osotasunean finantzatzea”. Hau da, Euskal Herri osoan egitura iraunkor eta egonkor baten beharra azpimarratu du, zeinaren bitartez posible izango den “euskara ikasteko zerbitzua doan eskaintzea, herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izatea euskara ikasi ahal izateko, eta, horrela, euskara ikastea irisgarria izatea denontzat, herritar orori bermatu behar zaielako berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea”.
Euskararen etorkizuna jokoan da
Otañok gehitu du, Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko, jada unea dela euskaltzaleok elkartzeko eta indarrak batzeko. Presa ere badagoela adierazi du: “Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”. Zeregin horretan, instituzioek berebiziko ardura dutela azpimarratu du, euskarak ez duelako dagokion berdintasunezko ofizialtasun-estatusik bere lurralde guztietan: Ipar Euskal Herrian, ez du ofizialtasunik; Nafarroan, oraindik ere zonifikazioaren ondorioak daude; EAEn, ofiziala izanik ere, “azken urteetako oldarraldi judizial, ideologiko eta politikoak desofizializazio-prozesu batean sartu gaitu”.
Gauzak horrela, momentua da euskarari Pizkunde berri bat emateko. Horretarako, abenduaren 27an Bilboko Bilbao Arenara biltzeko deia egin dute AEKko ordezkariek.
Nazio Kontseiluko kideek bat egin dute esatean helduen euskalduntze eta alfabetatzeak izan behar duela herria euskalduntzeko prozesuaren ardatza, eta dei zuzena egin diete administrazio nagusietako arduradun politikoei: “Zeuenak dira euskararen normalizazio- eta biziberritze-prozesuan eragiteko eskumena, gaitasuna, boterea eta lidergoa; zeuek bideratzen dituzue politika publikoak, eta orain da lehentasunezko politika publikoak abiatzeko garaia”. Halaber, eragile politikoei eskatu diete, ezagutza unibertsalizatzeari begira, zenbait esparru lehentasuntzat jo ditzaten: hezkuntza (formala zein ez-formala), helduen euskalduntze-alfabetatzea, kultura eta harrera-politikak.
Helduen alfabetatze eta euskalduntzea sektoreari dagozkion eskariak
1) Otañok eta Gartziak “Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakarra” sortzea aldarrikatu dute; helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jarduna koordinatu eta osorik finantzatuko duen agentzia bat, hain zuzen ere.
2) Doakotasuneranzko bidean urrats sendoagoak emateko konpromisoa; hau da, “herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izatea euskara ikasi ahal izateko, eta herritar bakoitzak 2000 orduko poltsa bat izatea euskalduntze-prozesu osorako”.
3) Euskara ezagutzeko beharra sustatzea. Azpimarratu dute, Euskal Herri osoan bizitzako alor guztietan euskara nagusi izatea jomugan, beharrezkoa dela hizkuntza-politika koordinatu, bateratu eta bakarra egotea, “Erdaldun elebakarrei argi sentiarazteko euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa gertatuko zaiela. Hala, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko erabakia edo hautua egin dezaten, oso beharrezkotzat jotzen dugu hizkuntza-politikako zenbait neurrik lege-babesa izatea ezagutzaren unibertsalizazioa espresuki jasotzea”. Bereziki, lau eremu aipatu dituzte: administrazioa, hezkuntza ez-formala, eremu sozioekonomikoa eta ingurune digitala.
“AEKn oso argi daukagu: Euskara gara. Orain ez bagara, noiz izango gara?”.
Ekitaldiari amaiera emateko, aurreskua dantzatu diete omenduei eta euren senideei; jarraian, familia-argazkia egin dute AEK-Korrikako kideekin batera.


