Iraila iritsi da, eta, harekin batera, AEKren matrikulazio-kanpainaren aurkezpena. Euskara eroso ikasi eta bizi da 2025/2026 ikasturteko leloa, eta prentsaurrekoa eskaini dute, Gasteizko Zadorra AEK euskaltegian, AEKko Nazio Kontseiluko kideek: Aize Otaño Lizarralde, Gipuzkoako ordezkaria; Xabier Gartzia Castell, Nafarroako ordezkaria; Bixente Claverie, Iparraldeko kidea; Lurdes Etxezarreta Artabe, Bizkaiko ordezkaria; eta Maialen Begiristain Grado, Arabako ordezkaria. Bertan izan dira, halaber, Gasteizko AEKko hiru ikasle (Rocío Hontoria Campo, Victoria Zarco Jiménez eta Laura Cardelli Sgattoni) beraien testigantza azaltzen, euskara eroso ikasi eta bizitzearen inguruan.
Gaurtik aurrera, matrikulazioa zabalik da AEKko euskaltegietan, bertan herritarrek euskara eroso ikas dezaten eta euskaraz eroso bizi daitezen. Hori baita AEKren xedea: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea. Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi du AEKk, eta ikasleak handik ateratzean arlo guztietan erabiltzeko baliabideak izatea: lagunartean, familian, lanean, aisialdian…
Helburu horri begira behar-beharrezkoa da ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzea. Matrikulazio kanpaina aurkezteaz gain, mezu hau argi eta garbi islatu nahi dugu gaurko agerraldian: helduen euskalduntze-alfabetatzea estrategikoa da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan, eta herritar denek dute euskaraz jabetzeko eskubidea eta ardura komunitarioa. Hori horrela, euskalduntze-prozesu osoan doakotasuna ezarri behar da euskara ikasteko eskubideari egoki erantzuteko, eta ezagutzaren beharra sozializatu behar da. Hau da, euskara ikastea doakoa eta irisgarria izan behar du Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat. Zentzu horretan, oso era positiboan baloratzen dugu doakotasunaren bidean azken urteotan egin diren urratsak: EAEn B2 mailara arte matrikularen dirua berreskuratu daiteke, eta ikasturte honetan A2n matrikulatuko direnek ere diru gutxiago aurreratu beharko dute, HABEren sustapenari esker. Hortaz, EAEn A1n, A2n eta 16-18 urteko gazteek C1en merkeago izango dute matrikula. Nafarroan ildo horri jarraituz, A1ekoek %100 arte berreskuratu ahalko dute. Ipar Euskal Herrian ere formaziorako aukera eskaintzen dute enpresek, eta langileek doan dituzte euskara-ikastaroak.
Doakotasuna eta irisgarritasuna aipatuta, UEMArekin egin dugun hitzarmena azpimarratu eta balioetsi nahi dugu: ikastaroak eskainiko ditugu UEMAko hainbat udalerritan, ikastetxean bertan eta doan, euskaraz ez dakiten gurasoen beharretara egokituta. Hala, ikastaro horien helburua da euskaraz ez dakiten guraso horiek euskara modu praktikoan eta eraginkorrean ikastea, seme-alaben ikastetxean bertan, haiek eskolan dauden bitartean.
Milaka herritar hurbildu dira azken ikasturteotan AEKren euskaltegietara euskara ikastera, euskara-maila hobetzera edo praktikatzera; etxeko eta lagunarteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko, eta abarrerako. Horren adibide dira gaur gurekin ditugun ikasleak.
Ikasturte honetan ere zinez espero dugu herritar gehiago hurbilduko direla AEKren euskaltegietara. Euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu euskaltegietako ateak, eroso ikasteko. Horri begira, AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta horien bidez beste hamaika herritara iristen da. Ikasturte honetan, adibidez, euskaltegi berriak edo berrituak izango ditugu Hendaian, Azkainen eta Lodosan.
Ikaslearen beharrizanetara egokitua dugu eskaintza: ordutegiak, modulazioak, mailak... Euskara-eskolak ematen ditugu enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan. Pantailen beste aldetik ere, nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, esaterako AEKren online-euskaltegiko ikastaroen bitartez. Erabilerarako aukerak ere eskaintzen ditu AEKk; honako hauek, besteak beste: AIZU! aldizkaria, euskaraz irakurtzeko (eraberritze prozesuan); Praktikaturen eskaintza, mintzapraktika giro atseginean egiteko; Ahize aholkularitzaren laguntza, lan-esparruan euskara normalizatzeko, eta abar.
AEKko irakasleak ikasleen ondoan daude, haien bidelagun izan nahi dute, eta beren onena eskainiko diete, ikas-prozesu erosoa izan dezaten, etxean bezala senti daitezen. Horregatik, hain zuzen ere, aukeratu dugu aurten besaulkiaren irudia, etxean baleude bezala senti daitezen euskaltegian.
Informazio guztia webgune honetan eta gure sare sozialetan egongo da gaurtik aurrera; baita AEKren euskaltegietan ere, jakina.
Korrika ikasturtea
Bukatzeko, azken ohar bat: beste Korrika baten atarian gaude, 24. KORRIKA. Askorik ezin dizuegu aurreratu oraindik, baina hiru gauza esateko aprobetxatuko dugu aukera hau. Bat: iaz hasi ginen 24. Korrika antolatzen, eta ilusioz beterik eta gogotsu gaude edizio berrirako. Bi: 2026ko martxoan izango da. Eta hiru: KORRIKAren 24. edizioak sentiaraziko du euskara aterpe ireki eta erosoa dela herritar guzti-guztiontzat.