Ane Elordi Korrika arduradunak eta Pello Reparaz kantaren egileak abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte Agoizko (Nafarroa Garaia) Kultur Etxean
Ane Elordi Korrika arduradunak eta Pello Reparaz aurtengo kantaren egileak eta Maixux Zugarramurdik 24. Korrikari doinua jarriko dion abestia aurkeztu dute, ‘Xiberutikan mendebaldera’ izenburupean, Agoizko Kultur Etxean. Horrez gain, bideoklipa ere publiko egin dute.
Pello Reparazek sortu ditu kantaren musika zein letrak, eta bideokliparen zuzendaritza-lanaz ere arduratu da. Gaurko emaitza musikala lortzeko, Reparazekin batera, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariek hartu dute parte. Bideoklipari dagokionez, nabarmentzekoa da plano-sekuentzian grabatuta dagoela.
Ane Elordik gidatu du ekitaldia, eta zinez eskertu du Reparazen ahalegina: “Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik eta, are gehiago, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik”, esan du.
Aurten, lehenengo aldiz, AEK osoak prozesu demokratiko baten bitartez aukeratu du nori egin kantaren enkargua, Elordik adierazi duen moduan: “Aurrenekoz, AEKide guztion artean erabaki dugu noren eskutan jarri Korrikaren kanta”, azaldu du.
Ondoren, Reparazek hartu du hitza eta Korrikaren abestia sinatzea bere ibilbide artistikoko “erantzukizun eta poz handienetako bat dela” aitortu du hunkituta. “Ez da enkargu hutsa: kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da”.
Euskara gara
24. Korrikaren leloaren “pisu handiaz” hitz egin du: “ez gara bakarrik hizkuntzaz ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara”, adierazi du kantaren egileak.
Kantari mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea ematen ahalegindu da, “ez ereserki zurrun” batena. Entzuten duenak koru honen parte sentitu dezan nahi izan duela aipatu du.
Abesti honek jendarteari euskarara hurbiltzeko gonbita egiten dio. Bukatzeko hauxe aipatu du Reparazek kantaren helburuaz: “AEKren euskaltegietan izena ematera lehen urratsa emateko, ama bati alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko, edota Korrikan kilometro bat egitera - eta gure hizkuntzaren aldeko korrika egitera- sustatzeko balio badu, kantak bere funtsa beteko du”.
Behin aurkezpena eginda, bideoklipa proiektatu dute.
Gaur, abenduak 5, Azokako Areto Nagusian egindako aurkezpenean, AIZU! aldizkari eraberritua erakutsi dute jendaurrean AIZU! eta AEKko kideek, berrikuntzak nola baliatu modu praktikoan azalduta
Maialen Begiristain, AEKko Nazio Kontseiluko kideak; Eñaut Mitxelena, AIZU!ko koordinatzaileak; Maialen Otegi, AEKko Irakaskuntza Zerbitzuko arduradunak; eta Estitxu Nieva, AEKko Didaktika Saileko kide eta AIZU!ko ariketen egileak parte hartu dute ekitaldian. Azken horrek bertatik bertara aletu ditu aldizkariko berrikuntza nagusiak, batez ere, euskara ikasleek erabil ditzaketen baliabideak aldizkaria modu praktikoan baliatzeko: testu mailakatuak, aldizkariko edukietan oinarritutako online ariketak eta ikasleentzako eta irakasleentzako gida praktikoak.
Bertaratu direnek Areto Nagusiko pantaila handian ikusi ahal izan dituzte berrikuntza eta baliabide horiek guztiak, esku artean aldizkariaren azken zenbakia, 502.a, zutela. Aldizkariko koordinatzaile Eñaut Mitxelenak azpimarratu duenez, hedabide izaerari eutsita, tresna erabilgarriagoa bihurtu da aldizkaria: “Euskaltzaindiaren baimenarekin, lizentzia hartuta: hedabideago eta tresnago bihurtu dugu”.
Jarraian Maialen Otegik hartu du hitza, eta gogorarazi du euskara eroso bizitzea dela AEKren helburua: “Horretarako, ikasleei begirako hiru helburu ditugu. Batetik, euskaraz eroso bizitzeko gaitasuna eskuratzea; bestetik, ikasteko autonomia garatzea; eta, azkenik, normalizazioan eragitea. AIZU!k bete-betean erantzuten die helburu horiei”. Izan ere, Otegik nabarmendu duenez, euskaraz eta ikasleei begira sortutako aldizkari batek normalizazioan eragin handia du. Bere hitzetan, “kultur ekosistema bat erakusten die askori, mundu guztiz ezezagun bat. Euskal kulturarako leihoa da irakurle askorentzat, lehen aldiz zabaltzen zaien leihoa”.
Era berean, hedabideen estrategikotasuna ekarri du gogora, AIZU!ren ekarpena goraipatuta: “Hartzaile berriak hezten ditu, eta erabiltzaileak bultzatzen ditu euskarazko hedabide gehiago ezagutu eta kontsumitzera. AIZU! irakurri eta erabiltzeak beste hedabideetarako zubia eraikitzen die euskara ikasleei”.
Hain zuzen ere, Maialen Begiristain, ekitaldiaren hasieran, hedabideen garrantziaz mintzatu da: “Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan aurrera egiteko, euskarazko hedabideak euskal kulturaren erakusleiho izan beharko dira. Eginkizun hori bermatzeko baliabide eta tresnak eskura izan beharko dituzte. Azken batean, hedabideak tresna estrategikoak direlako kulturaren transmisiorako, euskararen ezagutzan sakontzeko eta euskararen erabilera orokorrerako”. Horrela, AEKk AIZU! aldizkariaren aldeko apustu sendoa egin duela berretsi du: “Zalantzarik ez dugu zein ekarpen egiten duen euskararen normalizazioan eta biziberritzean”.
Data eta lekuaren hautaketa ez da hutsala izan. Izan ere, AIZU! aldizkariaren 0 zenbakia Durangoko Azokan aurkeztu zen, 1981ean. Ibilbide luze honetan 501 zenbaki argitaratuta helduko da aurtengo ediziora, orduko xedea inoiz ahaztu gabe: euskalduntze prozesuan bidelagun izatea euskara ikasten dabilen ororentzat. Beste jauzi bat emango du orain: paperezko aldizkariak formatua eta itxura aldatzeaz gain, irakurleek eta euskara irakasleek eskuragarri izango dituzte AEKko didaktikariek prestatutako atazak eta lanketak.
Berrikuntzak
Aldizkariak berrikuntza nabarmenak dakartza. Horiei esker, alor digitala eta didaktikoa indartuta, paperezko euskarriaren eta euskarri digitalaren arteko osagarritasuna sendotu da. Paperezko euskarriaren tamaina txikiagotuta, erabilgarriagoa bihurtu da. Erabilgarritasuna, gainera, edukietan ere handitu da. Izan ere, euskara ikasten ari direnen aldizkaria izaki, arlo didaktikoan berritu da bereziki: testu batzuetan ageri den QRa klikatuta, AEKko Didaktika Sailak prestatutako atazak ageri dira, online egin daitezkeenak. Paperezko aldizkaritik zein webgunetik irits daitezke irakurleak ariketa horietara, eta sarbide irekia izango dute abendu osoan zehar, euskara ikasteko prozesuan dabilen orok ezagutu eta proba dezan (aurrerantzean, sarbide hori aldizkariaren harpidedunei eta erosleei mugatuko zaie). Ikusi ariketak hemen.
Horiez gain, badira beste hainbat eduki ere: elkarrizketa nagusia ETS taldeko Iñigo Etxezarretarekin, Patricia Martin harri jasotzaile galiziarra Arin-arin atalean, Durangoko Azokari buruzko erreportajea, Zokomiran ataleko albiste laburrak, kultur arloko berriak... Guztiak, hizkuntza gaitasunaren arabera mailakatuak, hori baita berrikuntzetako beste bat.
Horrela, AIZU!k beste urrats bat eman du euskara ikasten ari direnen aldizkari izateko helburuan sakontzeko. Haatik, online ipiniko diren ariketak ez dira AIZU! erabiltzeko modu bakarra; izan ere, aldizkaria euskara ikasteko prozesuan nola baliatu azaltzeko, bi gida didaktiko jarri dira erabiltzaileen esku www.aizu.eus webgunean. Bata euskara ikasleei bideratua dago; eta, bestea, irakasleei. AEKko Didaktika Sailak prestaturiko gida horietan aldizkaria zelan baliatu azaltzen da modu erraz eta ulerterrazean.
HABIA proiektuaren urteko topaketaren harira, Txorierriko enpresak, erakundeetako ordezkariak eta hainbat eragile sozial elkartu dira gaur, abenduak 4, Derioko Kultur Birikan. Guztira, 50 lagun baino gehiago bildu dira euskararen erabilera lan-munduan sustatzeko eta enpresen arteko komunitatea sendotzeko.
HABIA egitasmoa 2024an jarri zen martxan Txorierriko Mankomunitatearen eskutik, eta Eusko Jaurlaritza zein Bizkaiko Foru Aldundia dira proiektuko sustatzaileak. Hizkuntza-aholkularitza teknikoa Ahize-AEKren bidez eskaintzen da. Doakoa eta pertsonalizatua, HABIAren helburua da enpresetan euskararen erabilera modu eraginkorrean hedatzea eta, aldi berean, praktika onak partekatzeko eta sinergiak sortzeko komunitatea indartzea.
Urteko topaketan, ekitaldiaren gidari eta Ahize-AEKko aholkulariak, Mertxe Mugikak, balantzea egin du:
Mertxe Mugika (Ahize-AEK):
«Euskaraldiaren urtea izan den honetan, hitzarmenkide guztiek —14 enpresek— erronka erraldoian aktiboki parte hartu dute. Horrez gain, 6 enpresak LanHitz dirulaguntza deialdiari esker proiektu sendoak garatu dituzte euskara-tratuak landuz, harrera-prozesuetan euskara txertatuz, sare sozialetan euskararen presentzia indartuz eta beste hamaika arlotan urrats esanguratsuak eginez.»
HABIA komunitateak 21 enpresa eta erakunde biltzen ditu dagoeneko, eta haietatik zazpi batu dira aurten. Ekitaldian, HABIA hitzarmen berrien sinadura egin da eta, horrela, egitasmoarekin bat egin duten enpresak honako hauek dira:
Urtero bezala, AIZU!-AEK izango da euskal kulturaren hitzordurik garrantzitsuenean.
Landako guneko Barrenkale 26ko postuan, AIZU! aldizkariaren urte osoko zenbaki guztiak salgai egongo dira; eta, nola ez, gure aldizkariaren azken alea ere eskuragarri egongo da, eraberritua datorrena, beti bezala euskara errazean idatzia. Oraingoan, Iñigo Etxezarreta ETS taldeko abeslaria eta Patricia Martín harrijasotzailea izan dira elkarrizketatu nagusiak. Gainera, abenduan Durangoko Azokan edo www.aizu.eus webgunean harpidetza (10 ale urtean) egiten duten lagunek opari ederra jasoko dute: Zaldieroaren poltsa! Hau gutxi balitz, ETS taldearen disko berria sinatuta zozkatuko dute harpidedun guztien artean.
Horrez gain, Zaldieroaren 2026ko egutegi polita ere eskuratu ahal izango dute Durangoko Azokan bertaratuek.
Hurbildu, beraz, Barrenkalera!
Korrika denda
KORRIKAk denda izango du Durangon, Azokak iraun bitartean. Ermodo kaleko 11. zenbakian egongo da, abenduaren 5etik 8ra. Bertan, arropa zein osagarriak erosi ahalko dira, eta nahi dutenek Korrika Laguntzaile egiteko aukera ere izango dute. Hauexe da ordutegia: 11:00etatik 20:00etara.
AIZU!ren 502. zenbakia, 2025eko abendukoa, kalean eta Interneten dago ja: www.aizu.eus
Aldizkariak berrikuntza nabarmenak dakartza. Horiei esker, alor digitala eta didaktikoa indartuta, paperezko euskarriaren eta euskarri digitalaren arteko osagarritasuna sendotu da. Paperezko euskarriaren tamaina txikiagotuta, erabilgarriagoa bihurtu da. Erabilgarritasuna, gainera, edukietan ere handitu da. Izan ere, euskara ikasten ari direnen aldizkaria izaki, arlo didaktikoan berritu da bereziki: testu batzuetan ageri den QRa klikatuta, AEKko Didaktika Sailak prestatutako atazak ageri dira, online egin daitezkeenak. Paperezko aldizkaritik zein webgunetik irits daitezke irakurleak ariketa horietara, eta sarbide irekia izango dute abendu osoan zehar, euskara ikasteko prozesuan dabilen orok ezagutu eta proba dezan (aurrerantzean, sarbide hori aldizkariaren harpidedunei eta erosleei mugatuko zaie). Ikusi ariketak hemen.
Horiez gain, badira beste hainbat eduki ere: elkarrizketa nagusia ETS taldeko Iñigo Etxezarretarekin, Patricia Martin harri jasotzaile galiziarra Arin-arin atalean, Durangoko Azokari buruzko erreportajea, Zokomiran ataleko albiste laburrak, kultur arloko berriak... Guztiak, hizkuntza gaitasunaren arabera mailakatuak, hori baita berrikuntzetako beste bat.
Horrela, AIZU!k beste urrats bat eman du euskara ikasten ari direnen aldizkari izateko helburuan sakontzeko. Haatik, online ipiniko diren ariketak ez dira AIZU! erabiltzeko modu bakarra; izan ere, aldizkaria euskara ikasteko prozesuan nola baliatu azaltzeko, bi gida didaktiko jarri dira erabiltzaileen esku www.aizu.eus webgunean. Bata euskara ikasleei bideratua dago; eta, bestea, irakasleei. AEKko Didaktika Sailak prestaturiko gida horietan aldizkaria zelan baliatu azaltzen da modu erraz eta ulerterrazean.
Bestalde, hilabetekari izateak edukiak lantzeko unean ezartzen dituen mugak gainditzeko asmoz, aurrerantzean AIZU!k gaurkotasunari ere egingo dio lekua, euskarri digitalean. Horretarako, atal berria sortu du www.aizu.eus atarian, AIZU!ren leihoa, non astero normalean hilabetekarian lekurik ez duten albisteak argitaratuko diren.
Aldizkari eraberritu hau Durangoko Azokan aurkeztuko da, abenduaren 5ean. AEKko eta AIZU!ko kideek Areto Nagusian emango dute ezagutzera, eguerdiko 12:15ean. Alegia, nola erabili azalduko dute, are baliagarriagoa izan dadin euskara ikasleentzat eta irakasleentzat.
Gure aldizkaria berritua dator: testuak mailakatuak; zenbait testu oinarri dituzten ariketak online; gida didaktikoak... Eta ohiko eduki interesgarriak, noski: ETSko Iñigo Etxezarretari eta Patricia Martin harri-jasotzaileari elkarrizketak; erreportajeak, albiste laburrak...
Eskuratu eta gozatu! www.aizu.eus/harpidetu
AEKko ikasleek, hilero bezala, doan jasoko dute euskaltegian.
AEKk gorazarre egin die Korrikaren sortzaileei, bai eta gogorarazi ere “Korrika antolatzeko arrazoiak” bere horretan mantenduko direla, harik eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea lehen lerroan ipini arte
Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeko eskatu du AEKk. Izan ere, Korrika sortzeko arrazoiek hor segitzen dute, zoritxarrez, 45 urte geroago. Era berean, AEKk helburu duen Euskal Herria lortzeko bidean ezin da ezer geroko utzi; “presa dugu”, euskararen etorkizuna jokoan baitago. Gaur azaroak 29 ditu; orain dela 45 urte (1980an) abiatu zen lehenengo Korrika Oñatiko Unibertsitatetik, gaueko 10etan; efemerideaz baliatuta, AEKk Korrikaren sortzaileak eta 1980ko lasterketaren hasieran protagonista izan zirenak omendu ditu euskararen aldeko ekimenaren aurreneko edizioa hasi zen lekuan bertan: Oñatiko Unibertsitatean, hain zuzen.
Eguerdiko 12:00etan puntu-puntuan hasi da “Ez gero, orain baizik” ekitaldia, kanpai-hotsekin batera. Xabier Amuriza agertu da oholtzan, eta ekitaldiari izena eman dioten letrak, lehendabiziko Korrikaren koplak, abestu ditu. Jarraian, Korrika arduradun Ane Elordik hartu du hitza. Hark ekitaldiak helburu bikoitza duela aipatu du.
Batetik, ospakizuna eta omenaldia. Duela 45 urte, mundu osoan hizkuntza baten alde egiten den ekitaldirik jendetsuena eta arrakastatsuena abiatu zen; “Badugu, beraz, zer ospatu. Eta badugu nori eskertu”. Korrikaren sortzaileak aipatu ditu orduan Elordik: Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea... Orduko AEKide guztiei ere esker ona adierazi die: Julen Kaltzada, Bittor Allende... baita lehenengo Korrika hartan protagonista izan zirenei ere: Xabier Amurizari, Korrikaren lehendabiziko kantaren sortzailea; Remigio Mendibururi, lekukoaren egilea; Eli Galdosi eta Jose Maria Satrustegiri, 0 kilometroa korritu zutenak...
Bigarren helburua aldarrikapena da. Korrika ez da jai-giroa soilik, aldarrikapen-giroa ere bada; horretaz jabetzeko, “Korrika bakoitzaren leloei erreparatzea baino ez dagoela” azpimarratu du Korrikaren arduradunak. Horregatik, gaur, 24. KORRIKAren atarian, AEKren mezua eta aldarrikapena publiko egiteko baliatu dugu urteurrena. Zoritxarrez, oraindik, 45 urte eta 23 Korrika geroago, Korrika antolatzeko beharrizan berberak ditu AEKk: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeko. Elordik argi utzi nahi izan du ezen “ez gara folklore. AEK GARA. KORRIKA GARA. EUSKARA GARA”.

Aitortza
Ondoren, Urtsa Erraztik hartu du hitza, Korrikaren sortzaileen eta lehenengo edizioan parte hartu zuten guztien izenean. "45 urte, eta berriro hemen, Oñatiko Unibertsitatean". Hunkituta ekarri ditu gogora berarekin batera Korrika sortu zuten "gazte zoro" haiek, gure artean daudenak eta ez daudenak: Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo... eta Álvaro Gurrea.
Publikoari azaldu dio Korrika euskararen aldeko urtebeteko kanpaina moduan jaio zela, "baina, zoritxarrez, Korrika aldarrikatzailea egiteko beharra dago oraindik", adierazi du; eta azpimarratu du nahiko lukeela euskarak Korrikaren beharrik ez izatea eta belaunaldi berriek Korrikaren "alde festiboa" besterik ez ezagutzea.
AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek eta Xabi Gartzia Castellek lehenengo Korrika hura egiteko beharrizanak aipatu dituzte: 1980an, euskaltzaletasunak euskarari beste Pizkunde bat eman zionean, alfabetatzearen eta euskalduntzearen premia hauspotzeko eta antolatzeko bultzada urrats logikoa eta naturala izan zen. “AEKren estrategia herri-dinamikan eta lurraldetasunean oinarritu da hastapenetatik”, adierazi du Gartziak. “Sorrera hartan, AEKk erakundeetatik ez zuen lortzen ez ofizialtasunik, ez dirurik”; Dirua batzeko ez ezik, euskalduntzearen eta alfabetatzearen beharra sortzeko ere, kanpaina bat egitea pentsatu zuten. “herrikoia, irekia eta Euskal Herri osoaren batasuna adieraziko zuena”. Horrelaxe sortu zen Korrika.
Otañok esan du kontu batzuk ez direla horrenbeste aldatu 45 urtetik hona: “Berriki esan dugu 24. Korrikan aldarrikatu nahi dugula euskara guztiontzako aterpe irekia eta erosoa dela; eta, nola ez, presa dugula Pizkunde berri bat abiatzeko, Euskal Herri euskalduna lortzeari begira”. Horretarako, beste gauza batzuen artean, AEKk nabarmendu du helduen euskalduntzea lehen lerroan ipini behar dela; izan ere, gaur-gaurkoz, eta garai hartatik aurrerapausoak eman diren arren, aldarrikapenek berdin jarraitzen dute: “Helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeak esan nahi du botere publikoek gisa horretako aitortza egitea”. Osterantzean, AEKk jarraitu beharko du Korrika antolatzen, hala dirua biltzeko nola euskararen normalizazioaren aldeko lana aurrera eramateko Euskal Herri osoan.
AEKren xedea: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea
Horixe da AEKren helburua, eta berori lortzeko “finantzazio iraunkorra” aldarrikatu du Gartziak: “Aldian aldiko hiru eremu administratiboetako dirulaguntza-sistema gainditzeko finantzazio-eredua behar dugu; hots, gure zerbitzua osotasunean finantzatzea”. Hau da, Euskal Herri osoan egitura iraunkor eta egonkor baten beharra azpimarratu du, zeinaren bitartez posible izango den “euskara ikasteko zerbitzua doan eskaintzea, herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izatea euskara ikasi ahal izateko, eta, horrela, euskara ikastea irisgarria izatea denontzat, herritar orori bermatu behar zaielako berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea”.
Euskararen etorkizuna jokoan da
Otañok gehitu du, Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko, jada unea dela euskaltzaleok elkartzeko eta indarrak batzeko. Presa ere badagoela adierazi du: “Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”. Zeregin horretan, instituzioek berebiziko ardura dutela azpimarratu du, euskarak ez duelako dagokion berdintasunezko ofizialtasun-estatusik bere lurralde guztietan: Ipar Euskal Herrian, ez du ofizialtasunik; Nafarroan, oraindik ere zonifikazioaren ondorioak daude; EAEn, ofiziala izanik ere, “azken urteetako oldarraldi judizial, ideologiko eta politikoak desofizializazio-prozesu batean sartu gaitu”.
Gauzak horrela, momentua da euskarari Pizkunde berri bat emateko. Horretarako, abenduaren 27an Bilboko Bilbao Arenara biltzeko deia egin dute AEKko ordezkariek.
Nazio Kontseiluko kideek bat egin dute esatean helduen euskalduntze eta alfabetatzeak izan behar duela herria euskalduntzeko prozesuaren ardatza, eta dei zuzena egin diete administrazio nagusietako arduradun politikoei: “Zeuenak dira euskararen normalizazio- eta biziberritze-prozesuan eragiteko eskumena, gaitasuna, boterea eta lidergoa; zeuek bideratzen dituzue politika publikoak, eta orain da lehentasunezko politika publikoak abiatzeko garaia”. Halaber, eragile politikoei eskatu diete, ezagutza unibertsalizatzeari begira, zenbait esparru lehentasuntzat jo ditzaten: hezkuntza (formala zein ez-formala), helduen euskalduntze-alfabetatzea, kultura eta harrera-politikak.
Helduen alfabetatze eta euskalduntzea sektoreari dagozkion eskariak
1) Otañok eta Gartziak “Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakarra” sortzea aldarrikatu dute; helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jarduna koordinatu eta osorik finantzatuko duen agentzia bat, hain zuzen ere.
2) Doakotasuneranzko bidean urrats sendoagoak emateko konpromisoa; hau da, “herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izatea euskara ikasi ahal izateko, eta herritar bakoitzak 2000 orduko poltsa bat izatea euskalduntze-prozesu osorako”.
3) Euskara ezagutzeko beharra sustatzea. Azpimarratu dute, Euskal Herri osoan bizitzako alor guztietan euskara nagusi izatea jomugan, beharrezkoa dela hizkuntza-politika koordinatu, bateratu eta bakarra egotea, “Erdaldun elebakarrei argi sentiarazteko euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa gertatuko zaiela. Hala, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko erabakia edo hautua egin dezaten, oso beharrezkotzat jotzen dugu hizkuntza-politikako zenbait neurrik lege-babesa izatea ezagutzaren unibertsalizazioa espresuki jasotzea”. Bereziki, lau eremu aipatu dituzte: administrazioa, hezkuntza ez-formala, eremu sozioekonomikoa eta ingurune digitala.
“AEKn oso argi daukagu: Euskara gara. Orain ez bagara, noiz izango gara?”.
Ekitaldiari amaiera emateko, aurreskua dantzatu diete omenduei eta euren senideei; jarraian, familia-argazkia egin dute AEK-Korrikako kideekin batera.
Gaur goizean (azaroak 28), Durangoko Elkartegian, LANDUE 2025 urte amaierako ekitaldiak 60 pertsona baino gehiago bildu ditu: eskualdeko enpresetako ordezkariak, erakundeetako arduradun politikoak eta hizkuntza-normalizazioko eragileak. Ordubeteko topaketa bizia izan da, non 2025eko balantzea egin, praktika onak partekatu eta etorkizunerako konpromiso berriak hartu diren.
Mertxe Mugika Ahize-AEKko kideak eta LANDUE proiektuko aholkulariak gidatuta, ekitaldia erakunde sustatzaileen agurrarekin hasi da. Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak, Sonia Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak berretsi dute egitasmoarekiko babes osoa eta elkarlanaren garrantzia.
Emakume*: Sexu-genero sistemak markatzen duen binomioaz gaindi, bizipen, ibilbide, ahalmen eta identitate anitzak biltzen dituen kontzeptua (bollerak, trans, ez-bitarrak…). Gure egungo errealitatean politikoki eragiteko baliagarritzat dugu.
AZAROAK 25: Indarkeria matxisten aurkako nazioarteko eguna
AEKko Berdintasun Batzordea Euskal Herriko Mugimendu Feministaren irakurketan oinarritu da honako testu hau idazteko:
Hasteko, gogorarazi nahi dizuegu iazko azaroaren 25etik sei emakume* hil dituztela, eta gure babesa eskaini nahi diegu haien senide eta lagunei. Bestalde, biolentziaz ari garen egun honetan, ezin Palestina aipatu gabe utzi. Doakie hango lagunei gure besarkadarik beroena.
Guztiok dakigu egungo egoera ez dela batere samurra eta, gainera, feminismoak aurrerapausoak ematen dituen heinean, erantzunak eta erresistentziak gordintzen ari direla. Faxismoa eta ultraeskuina indartzen ari dira, bai, baina baita geure artean ere: Zenbat aldiz azaldu behar du emakume* batek erasoren bat jasan duela? Zergatik da hain zaila egiturazko matxismo hau baztertzea? Emakumeon* rolak eta lanak zalantzan jartzea, ezer ez egitea, oztopatzea, balioa kentzea... Jokabide horiek geure artean, eta, noski, AEKn ere, badaude; zehazki, nahi eta behar baino gizon gehiagok dituzte. Eta hor dago arazoa. Benetan berdintasunean eta parekidetasunean sinesten badugu, benetan helburu horiek lortu nahi baditugu, denoi dagokigu erantzukizuna hartzea eta, batez ere, gizonei, euren pribilegioei uko egitea, espazioa ez hartzea, bidaide edo aliatu izatea, jokaera baztertzaileei uko egitea...
Hain zuzen, orain ari dira abortatzera zihoazen emakumeak jazartzeagatik zenbait pertsona epaitzen. Ikusi beharko da hainbeste izerdirekin lortutako eskubideak babesteko interesik badagoen ala ez.
Aipaturiko guztiaren aurrean, erresistentzia feministarako deia egiten dugu. Segi dezagun antolatzen eta kaleak hartzen, segi dezagun autodefentsa feminista aldarrikatzen eta gauzatzen; kaleetan, etxeetan, lantokietan, jai guneetan… Erantzun diezaiegun indarkeria sostengatzen duten konplizitate sareei, horien aurka borrokatzen duten konplizitate sare feministekin.
KONPLIZITATE SAREEN AURREAN, ERRESISTENTZIA FEMINISTA.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt