Ekainaren 5 eta 6an, Ongi Etorri Euskararen Mundura. II. Harrera Jardunaldiak izango dira, Bilbon, Arrupe Etxean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarlanean antolatuta.
Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren egungo erronketako bat da euskal herritar berriak helburu hori erdiesteko aliatu egitea. Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntza harrera egokia gauzatzea. Premia hori sumatuta lanean ari dira hainbat eragile eta instituzio. Nolanahi dela, sortzen ari diren gogoeta eta praktika horiek elkarrekin partekatu eta amankomunean bideratzea premiazkoa da hizkuntza harrera egokira ailegatzeko. Hain justu, aurreko urteko Ongi etorri euskararen mundura harrera jardunaldietan, harrera egoki baterako zumeak zeintzuk izan beharko liratekeen hausnartu genuen (ikus iazko kronikak eta grabazioak).
Aurtengo jardunaldietan berriz, hausnarketa horiek indarrean jartzeko aukerez hitz egingo da, martxan dauden harrera plan eta praktikak elkarbanatzeko aukera ere egongo da.
AEKko ikasle ohi eta eusktreneko langile Fernan Lopezek "Askotariko bideak, hautu bat: zer eman digu euskarak? Erdarazko ereduetan eskolaratutakoen edota helduak zirela euskaldundutakoen gogoetak" solasaldian parte hartuko du.
Nori zuzenduta daude?
Jardunaldiak udaletako arduradun politikoei, euskara eta migrazio teknikariei, hezkuntza formal eta ez-formaleko hezitzaileei eta gizarte mugimenduetako kideei zuzenduta egongo dira, baita gaian interesa duen edonori ere. AEKko kideok ere bertan izango gara.
Egitaraua eta informazio gehiago Kontseiluaren webgunean.