Asko dira BIZIPOZA egitasmoaren bazkideak. Horietako bat, AEK. Urtarrilaren 29an, BIZIPOZAK aurkeztuko proiektu berria aurkeztu zuen: MUNDU BERRI BAT GUZTIONTZAT (2), kantu eta bideoklipen egitasmoa. BIZIPOZA elkartea osatzen duten 12 elkarterekin ekoiztutako lana da, euskal sortzaileekin elkarlanean sortua: Euskal Herriko 12 idazle eta bertsolari, eta 10 abeslari eta 4 musika talde.
Informazio gehiago hemen.
Hiriguneko gazteek euskararen eta euskarazko kulturaren inguruan duten pertzepzioa ikertu du Naroa Jauregizuria Ahize-AEK-ko aholkulariak, eta #Damolat proiektua abiatu. Ikastolen Elkarteak unitate didaktikoa diseinatu du eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes ekonomikoa jaso du.
Ikas unitateak euskarazko kulturaren transmisiorako eta berrartikulaziorako hainbat jarraibide eta ariketa jasoko ditu, oinarri argi batekin: gazteek eurek bilatu ditzaten euskarazko euren erreferenteak.
Deskargatu hemendik.
Ane Pikazari eta Nextor Otañori elkarrizketak; Union Tutera; Ekhilur kooperatiba; 'A Clockwork Orange'-n 50 urteak; 22. Korrikaren abestia... Dagoeneko kioskoetan, eta gaurtik aurrera gure euskaltegietan. Baita aizu.eus webgunean ere.
Durangoko Azokaren 56. edizioko egitarauaren barruan, AIZU! aldizkariak hainbat lagun batu zituen mahai-inguruan, hizkuntza baten ikas prozesuan irakurketak duen garrantziaz hitz egiteko. AIZU! 40 urte euskara ikasleak hezten eta euskarazko irakurleak hazten lelopean jardun zuten Belen Rufz Aguayo euskara ikasleak, Maider Irurozki Artaxo irakasleak eta Gotzon Hermosilla kazetariak, AIZU!ko koordinatzaile Eñaut Mitxelena moderatzaile zutelarik.
AIZU! aldizkaria euskara ikasteko bidelagun egokia dela argi utzi zuten Irurozkik eta Rufzek. Lehenak azpimarratu zuen oso lagungarria dela irakasleentzat esku artean “material erreala” edukitzea eskolak prestatzerakoan, eta AIZU! bezalako aldizkari bat modu askotan erabil daitekeela, hori baita argitalpen honen beste ezaugarri bat, ariketak eta denbora-pasak dituelako. Rufzek, berriz, aldizkariak egiten duen zubi lana nabarmendu zuen, beste argitalpen batzuetara jotzeko beldurra kentzen laguntzen duelako: “Hau ulertzen badut, agian beste batzuk ere ulertuko ditudala pentsatuta, proba egiten duzu”.
Bestalde, hirurek baieztatu zuten AEKren aldizkariak euskal kultura ezagutzera emateko ere balio duela, “erreferentzia euskaldunak ematen dizkiolako irakurleari”. Halere, Hermosillak gaineratu zuen, ikasleentzat ez ezik, edozein irakurlerentzat balio duela ekarpen horrek, “euskal hiztunek ere batzuetan ez dituztelako euskal kulturako hainbat erreferente ezagutzen”.
Ordubeteko saioaren ostean, txaloaldi bero batekin bukatu zen mahai-ingurua. Bertaratu zirenek horrela eskertu zuten agertokian izan ziren partaideen ekarpena eta ikusleen artean egon ziren AIZU!ko sortzaile taldeko Iber Otsoaren eta Amaia Montorioren aspaldiko ekimena.
Argazkian, ezkerretik eskuinera, Irurozki, Hermosilla, Rufz eta Mitxelena.
Atzo, abenduak 2, Igo Bolumena! Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik jardunaldia izan zen, AEKren Hizkuntza aholkularitza AHIZEren eskutik. Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean, 130 bat lagun elkartu ginen.
Streaming bidez emititu zen. Ikusi nahi duenak hemen dauka osorik.
Jardunaldian, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean sortutako Damolat ikas-unitatea (gazteei zuzenduta) ere aurkeztu eta banatu zen. Webgune honetatik deskargatu daiteke, hemendik. AEK-AIZU!k Landako Gunean (Goienkale, 23) izango duen standean ere paperean eskuratu ahal izango da (ale batzuk egongo dira).
Eskerrik asko parte hartu zenuten hizlari eta lagun guztioi!
1981eko abenduko Durangoko 16. Disko eta Liburu Azokan aurkeztu zuten AIZU! aldizkariaren 0. zenbakia. Euskara ikasten ari zirenei beren ikas prozesuan laguntzeko euskara errazean idatzitako aldizkariaren aurkezpena xelebrea izan zen, aldizkaria baino, aldizkariaren azalaren kopia eraman baitzuten AIZU!ren sortzaileek. Berrogei urte geroago, euskara ikasleentzako aldizkariak, AEK-k argitaratzen duenak, jaio zen toki berean ospatuko du urtebetetzea, Durangoko Azokan.
40. urteurrenaren ospakizuna 2021eko urtarrilean hasi genuen: hilero, AIZU!ren historiaren pasarte garrantzitsuenak argitaratu ditugu aldizkarian. Horrez gain, irailean, aldizkariaren diseinu berria eta webgune berritua (aizu.eus) ipini genituen martxan, eta harpidetza digitala egiteko aukera ere zabaldu genuen. Alabaina, abenduarekin batera etorriko da ospakizuneko une nagusia. Hala,Durangoko Azokan 462. zenbakia aurkeztuko dugu, berezia. Izan ere, ohi baino orri gehiago izango ditu, guztira 68, eta eduki aldetik ere ez da ohikoa izango:
- Ez da hain fazila atalak 20 orri izango ditu, 12 beharrean, irakurleei denbora-pasa eta ariketa gehiago eskaintzeko.
- Ohiko edukiak eta bereziak tartekatuko ditu. Lehenengoen artean, Durangoko Azokari buruzko erreportajea, elkarrizketa laburrak, kultur orriak, albiste laburrak... Era berean, AIZU!ri erreparatuko diote beste hainbat orrik: AIZU!n aritutako irudigile eta artistek egindako zorion postalak, aldizkariari berari elkarrizketa, irakurle eta ikasleen iritziak...
- Irakurleei esker ona agertzeko, lehiaketa berezia eta opari gehiago.
Aldizkariaren ale solteak erosteko edota harpidetza egiteko aukera izango da Azokan bertan, AEK- AIZU!k Landako Gunean (Goienkale, 23) izango duen standean. Harpidetza egiten duenak, gainera, prezio berezia ez ezik, oparia ere izango du oraingoan: Patxi Huarte Zaldieroak marrazturiko poltsa
polit askoa.Landako guneko standean izango direnez gain, beste hitzordu bat ere badugu Azokan: abenduaren 7an, 16:30etik 17:30era, Talaia-Musika Eskolan, aldizkariaren aurkezpena egingo dugu, mahai-inguru batekin batera. AIZU! aldizkaria, 40 urte euskara ikasleak hezten eta irakurleak hazten izenburupean, Gotzon Hermosilla Berria-ko kazetaria, Maider Irurozki AEK-ko didaktikari eta irakaslea, eta Belen Rufz euskara ikaslea solasean ariko dira aldizkariaren helburu eta eginkizunen gainean.
Nolanahi ere, eta 40. urtemuga Azokaz harago luzatzeko, aldizkaria bera ezagutarazteko kanpaina berezia ere egingo dugu abendu osoan. Horretarako, Harrapatu aukera! lelopean, AIZU!ren ale bat (2022ko urtarrilekoa) doan eskuratzeko aukera eskainiko diogu hala nahi duen euskara ikasle orori. Horretarako, aizu.eus webgunera jo eta aldizkaria paperean edo PDF formatuan jasotzeko eskaria egin beharko dute. Horrela, euskara ikasleentzako beren-beregi egindako aldizkaria ezagutzen ez duenak bertatik bertara ezagutu ahal izango du AIZU!ren eskaintza.
2021-11-25
Emakumeon* aurkako biolentziak baditu mila aurpegi, hamaika forma. Leku eta espazio guztietan dago presente.
Gainera, etengabe, indarkeria horren ardura eta errua emakumeon gain jarri gura izan dituzte: mozkortzeagatik, gauez kalean bakarrik ibiltzeagatik, gure emozioak erakusteagatik, lanean kasu egin diezaieten exijitzeagatik, haserretzeagatik, ustez probokatzeagatik... Emakumeon* gorputzak emakumeonak dira, beti!: parrandan, etxerako bidean, ohean, lantokian, etxean, kirola egiten, kalean edota bileretan, edonon! Hortaz, nori egotzi behar zaio biolentzia horren gaineko ardura osoa? Bestela esanda: nork hartu behar du erantzukizuna bere gain, ERASOTUAK ala ERASOTZAILEAK?
Bada ordua gizonek beren ardura onartzeko, erasotzaileek beren ardura har dezaten! Erasotzaileak eta haiek babesten dituztenak dira arduradun bakarrak.
Beraz, dagokigun lekutik, eskatzen dizuegu sexismoaren aurkako jarrera irmoa har dezazuen. Erasotzaileen lagunak izanik ere, ez zaitezte izan sekula konplize; are gehiago: har iezaiezue kargu, dudarik gabe. Gizonok, erasoak soilik besteen kontuak balira bezala ikusi ez ezik, zeuen jarrerak aztertu eta eguneroko gertaerez hausnartu ere egin behar duzue.
Nahiz eta eraso sexisten aurrean beldurra erraietaraino sartu, argi utzi nahi dugu ez dugula gehiagorik onartuko. Egoera izugarria izanik ere, ahaldundu gaitezen eta joka dezagun irmo: zaindu dezagun elkar.
Ez dugu eraso bakar bat ere gehiago onartuko.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt